Albistea entzun

Komunikazioa. Joxe Mari Apaolaza. 'Kirol Legez' irratsaioko gidaria

«Euskal kirolaren munduan mugitzen denaren atzetik goaz»

Kirolaren ahotsa da Apaolaza Euskadi Irratian. «Futbolaren diktadura» haustea beharrezkoa delakoan dago.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Adrian Garcia -

2014ko urtarrilak 12 - Donostia

Irratia, kirola eta euskara. Horiek dira Joxe Mari Apaolazaren (Lazkao, Gipuzkoa, 1965) hiru zaletasun handiak. Hirurak uztartzen ditu astelehenetik ostiralera 13:30etik aurrera Euskadi Irratiko Kirol Legez saioan. Txiki-txikitatik garbi zuen irratian kirol emankizunak egin nahi zituela. «Atotxara joan nintzen batean, mugimendu hura ikusi nuenean...». Ikastolan, arbel gaineko futbol partida bateko argazkiari begira jarri, eta esatari lanetan hasten zen. Kirolari amorratua da, gainera; urtero maratoiren bat egiteko ohitura du. 1986an hasi zen Euskadi Irratian; azken hamar urteetan Kirol Legez saioa gidatu du.

Zein da irratian bizitasunari eusteko gakoa?

Kontaketa arina eta askotarikoa egiten dugu Kirol Legez-en. Kirol asko sartzen ditugu; bizitasun hori ikaragarri gustatzen zait, nahiz eta gaiak sakon lantzea galarazten digun. Dinamikoa izateko, ahots asko eta ezberdinak baina laburrak behar dira. Hizkuntza jasoa, baina erraza.Hori da saioaren ardatza.

Nola ikusten duzu, oro har, kirol kazetaritza? Askok ez dituzte seriotzat hartzen kirol egunkariak.

Fama txarra du, eta motiboak badaude horretarako. Oro har, kirol kazetaritza topikoz jositako hizkuntza baten bueltan dabil. Ardatza futbola da, eta errazkeriara jotzen da. Noski, badaude tokian tokiko salbuespenak.

Zergatik erantzuten dute futbolariek silaba bakarrekoekin?

Askotan egiten ditugun galderak silaba bakarrekoekin erantzutekoak direlako. Futbolaren entrenamendu eta adierazpen dinamika hori oso nekagarria egiten zait. Hortik alde egiten saiatzen gara, elkarrizketak egiten. Baina hori ere mugatu egiten dute. Jokalariekin ezin duzu zuzeneko harremana izan, prentsa bitartekari bat dago tartean. Haiek erabakitako jokalari bat ateratzen dute galdera jakin batzuk erantzutera. Zurrunbilo hori benetan etsigarria da.

Oroimena Pedalkadaka saioan txirrindulari beteranoenei eginiko elkarrizketekin zurrunbilo horretatik atera zara.

Hori izan da azkenaldi honetan izan dudan arnasbiderik handiena; guztiz biziberritu nau kirol kazetari moduan. Tarte hori egiterakoan txinparta berezia sentitu dut.

Ohiko euskarri laburretatik alde egin duzue elkarrizketa sorta horiekin.

Adineko jendea zen, eta elkarrizketak berak eskatzen dizu aurretik prestatze tarte bat. Plazera izan da gauzak lasai aztertzea, mugarik eta presarik gabe. Gaur egungo txio laburretan bizitzetik kanpo badago genero bat guztiz baztertuta eduki duguna: elkarrizketa pertsonalarena eta erreportajearena.

Horrelako beste elkarrizketa sortarik baduzue esku artean?

Munduko Futbol Txapelketa dator aurten. Munduko Futbol Txapelketaren historian izan diren euskaldunen errolda moduko bat egiten ari gara. Forma ematen ari gara oraindik, erreportajea eta elkarrizketa genero lasai eta landu horiek berreskuratze aldera. Eguneroko dinamikan gauzak motzak eta bizi eman behar dira, baina beste genero sakon hori ere beharrezkoa dugu.

Futbolaz harago ba al da kirol kazetaritzarik?

Futbolaz beste erakusteko joera badago hedabide gutxi batzuetan. Euskal kirolaren munduan mugitzen den hura atzetik du Euskadi Irratiak. Kirol irratsaio bat futbola ez den zerbaitekin hasteak harritu egiten du, baina posible da. Zer gertatzen da? Realak noiznahi 20.000 lagun inguru biltzen ditu; Osasunak, 17.000; Athleticek zelai berria egin du 38.000 lagun baino gehiago ezin zituelako sartu. Ezin diozu horri bizkarra eman. Baina futbolaren diktadura hori hautsi egin behar da. Eta futbola aipatzean, ohiko topiko horietatik atera behar dugu.

Nola orekatu emakumezkoen kirola?

Lana badago. Emakumezkoen kirola banakakoa denean orekatzeko arazorik ez dago. Talde mailakoa denean, ez legoke arazorik egon behar, baina badaude. Guk ez dugu inolako lotsarik Bera-Berari lehentasuna emateko saioan.

Herri kirolak azken tartean ematen dituzue.

Bai, baina jende batek erreferentziatzat gaitu, badakielako herri kirolak aurkituko dituela. Aste barruan ez du beste munduko gaurkotasuneko gairik ematen. Baina apustu bat badago, protagonistak aldez aurretik aurkezten ditugu; txapelketak daudenean ere, berdin.

Nola lantzen da nazio ikuspuntua zuen tartean? Ipar Euskal Herriko kirolariek zer tarte dute?

Gabezia ikaragarria dugu, Iparraldeko kirol agenda guztiz kanpo gelditzen zaigulako eta berriemailerik ez dugulako. Akats historikoa da, konpondu beharko genukeena.

Kirolari izateak laguntzen al du kirol kazetaritzan?

Bai. Norberaren burua gainditzeak esfortzu bat eskatzen du. Norberak bere xumetasunean hori bizi badu, kirolarien ezinak eta haserreak hobeto ulertzen ditu.

Faltan sumatzen al duzu kirol emankizunak egitea?

Mahaiari lotutako kazetaria naiz, eta preso sentitzen naiz. Baliabide guztiak gertu dauzkagu, eta mahaiko kazetari bihurtu gaituzte. Askotan kanpora joateko gogoa daukat emankizunak egitera, jendearekin egoteko. Pixkanaka, ukuilu txokoan ohitu egiten da norbera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...