Komunikazioa. Lander Garro. 'Tumatxak' saioko zuzendaria

«Ederra da kantuen bidez ikustea gure herria nolakoa izan den»

Euskal kultura egungo telebistaren hizkuntzara hurbiltzea eta ikusgarri egitea da saioaren ekarpenik handiena, Garroren ustez.

Adrian Garcia.
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Gustura dago Lander Garro (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) Tumatxak saioko zuzendaria izandako harrerarekin. Telebistak aspalditik duen erronka bati heldu diote: kultura modu erakargarrian jorratzea. Dioenez, arrakastaren giltza «musika bera» da. «Jendearen bihotzari kantatu egiten dio».

Harrera ona izan du Tumatxak saioak.

Bai, jendeak oso ondo erantzun du. Gu ere harrituta gaude. Oso delikatua da; kulturaren gaia hartu dugu, eta telebistaren esparrura eraman, haren hizkuntza erabilita. Horrek beti zalantzak sortzen dizkizu: jendeak pentsa dezake arinkeriaz hartu dugula gaia. Erantzuna ikusita, oso pozik gaude.

Frogatu duzue horrelako kultura arloko gai bat jorratzeko hutsunea eta beharra bazegoela.

Telebistaren betidaniko erronka izan da ikuskizuna eta kultura uztartzea. Kulturazaleontzat garrantzitsuak diren gaiak telebistak jorratzean porrot egiten dute askotan. Oso jende gutxik ikusten dituzte saio horiek. Horregatik, telebistak beti gai horiek baztertzera jo du. Telebistako buruzagien zapaten barruan dagoen hartxintxarra izan da beti; badakite, nolabait, telebistaren erantzukizuna dela gai horiei heltzea, baina gero ez dakite nola. Bai, Tumatxak saioak bete du telebistan zegoen hutsunea, argi dago.

Nolatan ez dute horrelako saio bat lehenago egin?

Galdera horri nik ezin diot erantzun. Telebista arduradunen aitzakia beti izan da ikus-entzule faltarena. Kultura gaiek ikus-entzule gutxi izan ohi dituzte, eta zaila da horrelako saioak defendatzea.

Esan al daiteke Tumatxak eta antzeko kultura saioek zentzua ematen diotela telebista publikoari?

Zalantzarik gabe. Gu lanean hasi ginenean ez genekien noraino iritsiko ginen. Zazpigarren atala eman duten honetan, konturatu gara euskal musikaren historia lantzean gure herriaren historia jorratzen dugula. Alde horretatik, oso polita da ikustea zein lotuta dauden herria eta kultura. Askotan pentsatzen dugu kultura hor nonbait dagoen izate abstraktu bat dela. Kultura, eta bereziki musika oso errotuta daude gurean. Musikak jendearen bihotzari kantatu egiten dio. Musikariek bakarrik ez, idazleek ere egiten dute musika. Munduari hitz egiten diote. Oso ederra da ikustea kantuen bidez gure herria nolakoa izan den, eta zein min, kezka eta bizimodu izan dituen.

Zergatik hartu du jendeak saioa horren ondo?

Arrakastaren giltza musika bera da. Gure musikaren historia gure herriarenarekin oso lotuta dago. Identifikazio oso argia sortzen da. Musikaren historia nolabait frankismoaren azken urteetan hasten da. Herriak musikarenbitartez erabakitzen du bere buruaren aldarria egitea: hemen gaude, munduari erakutsi behar diogu norbait bagarela, bizirik gaudela, eta, gainera, haserre. Mugimendu politiko eta soziala hasten da, eta horri atxikia musika eta kultura sortzen dira. Jendeak hori ikusten duenean piztu egiten da, identifikatu egiten da.

Frankismotik aurrera sortu diren taldeak ere izan dituzue saioan.

Frankismotik aurrera ere musika egon da, noski, eta lotura ikaragarria ikusten dugu gaur egungo taldeen eta frankismo garaikoen artean. Lotura hori hautsi ez denez, identifikazioa ere hor dago oraindik.

Askok esan dute ikastetxeetan emanbeharreko saioa dela.

Gure kulturak betidanik duen gabezietako bat ikusgarritasunarena da, beste kultura handiagoen menpe bizi gara, beste komunikabideek ematen digutenaren azpitik. Gure eskura hamaika komunikabide ditugu, eta gureak oso gutxi dira. Unibertso handi horretan, gure kultura oso txikia da. Ikusgarritasunik ezak transmisio falta sortzen du: egungo 18 urteko gazteek ez dakite zeintzuk diren Pantxoa eta Peio. Alde horretatik, Tumatxak saioak egin duena handia da: gure kulturaren berri ematen digu, baina egungo hizkuntzarekin. Oso gaur egungo telebista saioa da, ez da dokumental soil bat. Ikusgarria da, eskoletan emateko oso material interesgarria.

Erraz eta atseginez ikusten da saioa, askotan kultura saio batez pentsa daitekeenaz bestera.

Uste dut asmatu dugula saio erakargarri bat egiten. Hainbat elementu ditu. Alde batetik, Zuhaitz Gurrutxaga bera. Munstro bat da, oso tipo maitagarria, eta primeran betetzen du aurkezle lana. Irudiaren ikuspegitik, gure Xabier Zapirainek egiten duen lana ikusgarria da. Eta gero, noski, Napoka Iria eta Joseba Irazoki ikaragarriak dira. Saiotik saiora jakin-mina piztu dute ikus-entzuleengan; hurrengoan zein abesti egingo duten esperoan geratzen dira.

Iraungitze eguna al du saioak?

Printzipioz, zortzi saio egin behar ditugu, eta horiek bukatzean ez dakigu jarraituko dugun. Azken saioanLin Ton Taun eta Ken Zazpi izango ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.