Komunikazioa. Euskadi Irratiaren 30. urteurrena (III). Felipe Juaristi. Euskadi Irratiko zuzendaria

«Teknologia berri eta sare sozialetara egokitzea da erronka handiena»

Gaur dira 30 urte irratia jaio zela. Ekitaldi berezia egingo dute San Telmon, 19:00etan.
EITB

Urtzi Urkizu -

2012ko azaroak 23
Kazetaritzako lizentziaduna, EHUko irakaslea eta euskaltzain urgazlea da Felipe Juaristi (Azkoitia, Gipuzkoa, 1957). 2010. urteko irailean izendatu zuten Euskadi Irratiko zuzendari. Bi urteotan, harentzat egun pozgarriena ETAk armak utziko zituela esan zuenekoa izan zen. «Albiste hori emateagatik bakarrik merezi izan du hemen egotea».

Zer ekarpen nagusi egin dio Euskadi Irratiak euskal gizarteari 30 urte hauetan?

Euskadi Irratia oso lotuta dago gizartearekin, irrati publikoa den heinean. Gizartearen zerbitzura dago. Euskal gizartea eta irratia askotan batera joan izan dira. Irrati baten eraginkortasuna hor neurtzen da: zenbateraino bat egiten duen gizartearekin. Euskaraz mintzatzen den gizarteak aurrerapen handiak egin ditu, esaterako irakaskuntzan. Teknikoki ere asko aldatu dira gauzak, eta euskal irrati batek erabili behar ditu gizarteak erabiltzen dituen baliabideak.

Euskadi Irratiaren gabeziak, aldiz, zeintzuk izan dira?

Euskadi Irratiaren arazo handiena kanpora begiratzerako orduan izan da. Kalean, beste kate batzuen propaganda eta presentzia topatzen duzu. Aldiz, Euskadi Irratiaren marka kalean gutxi saldu da, bisibilitatea txikia izan da. Azkenaldian saiatu gara bisibilitate hori handitzen. Esate baterako, inauterietan Tolosako plazan karpa bat jarriz gero Anjel Alkain eta konpainiarekin, jende asko gerturatzen da. Jendeak barre egiten du, eta horiek neurri batean irabaziak dituzu. Gazteak ere hori egin izan du, eta haren marka oso ezaguna da.

Duela bi urte BERRIAn adierazi zenuen kontuan hartu behar zela Euskadi Irratia 1982an zertarako sortu zen: bereziki, euskal kultura euskaraz zabaltzeko. Hori eguneroko praktikan nahikoa kontuan hartzen al da?

Bai, karguan nagoenetik oso kontuan hartzen ditugu euskal kultura eta euskal kulturaren adierazpen guztiak. Euskal kulturarekin zerikusia duen edozer konturi tratamendu berezia ematen diogu. Ez dut uste Europan badenik beste irratirik hainbeste karga kultural duenik, ez badira irrati espezializatuak. Jeneralistak izanik, kultur saio espezializatuak ditugu: poesiari, bertsolaritzari eta musika konkretuari buruzkoak.

Bi urte hauetan zuzendaritzan izan ostean, zer balio ematen diozu orain Euskadi Irratiari?

Garai batean Euskadi Irratiko albistegietan lan egin nuen, eta banekien zer zailtasun zeuden hizketakide euskaldunak topatzeko. Hori orain askoz errazagoa da. Garai batean, solaskideak batik bat idazleak ziren. Orain hainbat alorretako adituak ditugu, eta hori euskal gizarteak egin duen lorpen bat izan da.

Joxe Mari Oterminen arabera, irratiak ez luke galdu behar istorioak kontatzeko gaitasuna. Nolako istorioak eta zer modutan kontatu behar dira?

Gure gizarte teknifikatu honetan, gizakiak oraindik ez du galdu harritzeko ahalmena. Eta ahalmen hori zabaltzen da, istorio onak kontatzen badira. Esatariak narratzaile izan behar du, eta ona bada, hunkitzeko ahalmena du. Istorioak ez dira inoiz bukatuko, baina jakin behar dira kontatzen. Irratiaren gidoiak beti izan behar du zer kontatu nahi dugun eta nola kontatu, ahozko estetika baten barruan. Ezberdina da istorio bat irratiz kontatzea edo idaztea. Irratiak kontatu behar du Gazan gertatu dena lagunentzat balitz bezala. Irratiak, alde horretatik, badu etorkizuna.

Zenbait adituk adierazi izan dute EITB taldea unean uneko gobernuen menpe aritu dela eta beste modu batean funtzionatu behar duela.

Ez nuke esango EITBko hedabideak gobernuen menpe daudenik. Euskadi Irratia ez da gobernamentalistegia. Gertatzen dena da erakundeei errespetu bat zor diegula, herritarrek aukeratzen baitituzte. Herri honen funtzionamenduan garrantzi handia dute erakundeek, erabaki garrantzitsuak horietan hartzen baitira. Erakundeetatik kanpo daudenak ere sartu behar dira, albiste diren unean.

Zeintzuk izango dira etorkizunari begira Euskadi Irratiaren erronka garrantzitsuenak?

Erronka garrantzitsuena izango da egokitzen jakitea sare sozial eta teknologia berrietara. Edukien aldetik ere iraultza bat sortuko da. RNEn hasi dira estudioetako saioak kamera bidez grabatzen, telebistan eman ahal izateko. Bat egitera joango gara askotan telebista eta irratia. Eman dezagun euskararen etorkizunari buruzko mahai inguru bat antolatzen dugula. ETBri interesatuko litzaioke, eta streaming bidez emititu. Edukiak multimediak izango dira, eta horrek irratiaren sintaxia aldatuko du. Ez da gauza bera esatari batentzat hitz egitea, kamera bat baldin badago. Horrek beste entzule eta hartzaile mota bat ekarriko du. Irratia kartara ere orain arte ondo doa, baina horrek bere bidea behar du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: