Komunikazioa. Oihane Garzaron. Navarra Televisioneko aurkezlea

«Euskarazko saio gehiago etorriko dira; erabakitzeko dago zeintzuk»

Astelehenetik ostiralera euskarazko albistegia aurkezten du LTDko bigarren katean (20:00). «Pozez eta itxaropenez» ekin dio lanari.

NAVARRA TELEVISION.
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Navarra Televisioneko LTDko bigarren katean euskarazko albistegia aurkezten du Oihane Garzaronek (Iruñea, 1982), astegunetan, 20:00etan. Canal6ek eta Popular TVk bat egin eta gero jarri zen martxan Navarra Television, duela aste batzuk. Tokiko telebista kate bakarrak euskararen aldeko apustua egiteko asmoa duela adierazi du Garzaronek; «pozik eta itxaropentsu» ekin dio erronkari.

Zein da albistegiaren egitura?

Ohiko albistegi baten egitura du: tituluak, politika eta ekonomia, kultura, kirolak eta eguraldia. Baina atal bakoitza dezente laburragoa da, albistegi osoak hamabost minutuko iraupena duelako. Gerora albistegia luzatuz joango gara, hasierako kaosa kontrolpean hartzen dugunean. Orohar, Nafarroako informazioa bakarrik lantzen dugu. Gaztelerazko albistegian Espainiako berriak eta, batzuetan, nazioartekoak ere sartzen dituzte. Guk ez, guk tokiko informazioa ematen dugu.

Eduki bereziak lantzen dituzue?

Ez dugu eduki berezirik sortzen; gaztelerazko albistegietako informazio garrantzitsuenak hautatu, eta horietan sakontzen dugu, bereziki tokiko berrietan. Ezberdintasuna da euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako zenbait gai gehiago azpimarratzen saiatzen garela. Adibidez, igandean Korrika Iruñetik pasatzen baldin bada, gaztelerazko albistegiak gaia igandean aipatu eta alboratu egingo du. Guk, aldiz, astelehenean gai horrekin ireki dezakegu albistegia, nahiz eta bezperako berria izan, ikus-entzule euskaldunentzat interesgarria izan daitekeela iruditzen zaigulako.

Euskarazko albistegia asteburuetan ere emateko asmorik ba al dago?

Nik oraindik ez daukat halako informaziorik, baina badakit zuzendaritzak euskarazko programazioa zabaldu nahi duela. Albistegiaz gain, beste bi edo hiru saio egin nahi dituzte euskaraz, eta euskarazko marrazki bizidunak ere eman nahi dituzte. Baina telebista katea martxan jarri berria da, eta oraindik zenbait proiektu airean daude; kateak egonkortasuna lortzen duen heinean, gauzak finkatuz joango dira. Gainera, orain uda dator, eta horrek aldaketa asko eragiten ditu telebista programazioetan. Euskarazko saio gehiago etorriko dira; zein, noiz eta nola erabakitzeko dago.

Lan munduaren gaineko euskarazko bigarren saioa zuk aurkeztuko duzu?

Esan bezala, dena finkatu gabe dago oraindik. Ez dakigu euskarazko saioak zeintzuk izango diren. Gainera beste aurkezle euskaldun bat gehituko da laster lantaldera, eta oraindik ez ditugu gure arteko banaketak zehaztu.

Askok pentsa dezakete diru languntzak jasotzeko asmo bakarrarekin jaio dela euskarazko zerbitzua.

Nafarroako Gobernuak diru laguntzak banatzeko edukien gaineko lehiaketa egin zuenean, aurkeztutako proiektuentzat betekizun bakarra zehaztu zuten: astean behin euskarazko saio bat egitea; beraz, ez zegoen zertan albistegi bat sortu. Canal6ek euskarazko albistegi oso bat egitea proposatu zuen, eta haren proiektuak irabazi egin zuen. Euskarazko zerbitzu hori emateko helburua ez da dirua jasotzea, baizik eta pluraltasuna eskaintzea. Eta horregatik beragatik aurrerago euskarazko saio gehiago sortzeko asmoa dago, ikus-entzule guztiengana heldu nahi dugulako.

Hiru aste daramazue martxan; nolako erantzuna izan du euskarazko albistegiak?

Nik ez dut daturik eskuetan, ez dakit zenbateko ikus-entzule tasa izan duten orain arteko albistegiek, baina sare sozialetan bai, erantzun positiboa sumatu dut. Jende askok txalotu du Twitter bidez euskarazko albistegia egin izana: «bazen ordua», «laburra izan arren aurrerapauso bat da» eta halakoak esanez. Espero dut nafarrek ondo erantzutea. Hala ere, horrek ez du baldintzatuko, ez osotasunean behintzat, euskarazko programazioa zabaltzea edo ez; pluraltasunarekiko hartu dugun konpromisoak euskarazko saio gehiago sortzea eskatzen du ezinbestean.

Harro sentitzen zara?

Bai, noski, oso pozik nago. Azkeneko urteetan erabat murriztu eta desagertuta zeuden euskarazko albistegiak Nafarroako telebistetan, eta horrek kolokan jartzen zuen telebista horien pluraltasuna. Egia da arraroa dela albistegia euskaraz egitea, baina oso pozgarria eta polita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.