Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (VII). Maite Goñi. Irakaslea eta blogaria

«Euskarak freskotasuna bilatzen du sare sozialetan»

Hezkuntzarako sare sozialak oso baliagarriak izan daitezkeela uste du Goñik.
GOIERRITARRA

Urtzi Urkizu -

2011ko azaroak 19
Twitterren oso aktiboa da Maite Goñi (Ordizia, Gipuzkoa, 1967). Irakaslea da, eta www.euskaljakintza.com eta Gaurko Hitzaren sortzailea.

Euskal Filologian lizentziadun eta irakasle zaren aldetik, zer iruditzen zaizu sare sozialetan egiten den euskara?

Ez dut uste sare sozialetan euskara mota bakar bat erabiltzen denik. Mota askotako sare sozialak daude, eta horietan erabiltzen den hizkuntza mota ere ezberdina da. Irudipena dut sare batetik bestera aldatu egiten dela egiten den euskara. Hori bai, euskarak freskotasuna bilatzen du Interneteko sare sozialetan.

Inoiz baino gehiago idazten da euskaraz, Interneten mezu laburrak otzak badira ere. Zer gogoeta egin dezakezu horren inguruan?

Oso garrantzitsua iruditzen zait euskara bizirik egotea Interneten, mezu motzak izan edo artikulu landuagoak. Egun, edonork izan dezake ahotsa Interneten: edozein gairi buruz idatzi, hausnarketak egin, kritikak bota, besteekin solasean aritu… Oreka bilatzen saiatu behar dugu, alde batetik, Twitter etan beste sareetako elkarrizketa motzak euskaraz bideratuz, eta, bestetik, hausnarketak, ikerketak, artikulu landuak eta abar plazaratzen dituztenak Interneteko mundura erakarriz. Internet euskaraz kontsumi dezagun nahi badugu, alor guztietako euskarazko edukiak topatzeko aukera izan beharko genuke. Hori da erronka, nire ustez, alor guztietako edukiak euskaraz topatu ahal izatea. Eta horretarako, noski, edukiak sortu egin behar dira.

Euskara sarean zabaltzeko bost proposamen egin dituzu duela gutxi: iruzkinak utzi, bidali zure artikuluak agerkari digitaletara, blog bat sortu, euskarazko Wikipedia sustatu eta sortu bat kontu Twitterren. Baten batek galdetuko du: Twitterren kontu bat sortu, baina, zertarako?

Twitterren kontua zabaltzea aipatu nuen, besteak beste, izugarrizko ahalmena duelako edukiak mugitzeko eta zabaltzeko. Demagun euskararen aldetik eredu zarela (idazle, kazetari…) eta zure edukiak Interneten argitaratzen dituzula. Edonork zabal dezake zure eduki hori tuit edo mezu baten bidez, klik soil bat eginda. Edonork horrek 100 jarraitzaile baditu, horietako batek edo askok, bere aldetik, bere/euren jarraitzaileen artean mezua zabaltzen jarrai dezakete —RT egitea deitzen zaio horri—, eta horrela behin eta berriz. Gaur egun, Twitter bidez, egunero ari dira iristen euskarazko edukiak mundu zabalera.

Zer iruditzen zaizu euskarazko komunikabideak sare sozialen inguruan hartzen ari diren jokamoldea?

Oro har, pentsatzen dut ahalegin handia egiten ari direla sare sozialak txertatzeko, hartzaileengana hurbiltzeko eta komunikazioa areagotzeko. Horren adibide dira streaming bidez gertakizun garrantzitsuak jarraitu eta komentatzeko aukera ematea, sareak sortzea (Berriketan.info adibidez), azaletan Twitterreko kasuan kasuko etiketak bistaratu ahal izatea, edukiak sare sozialetan partekatzeko aukera ematea eta abar.

Ordiziako Jakintza ikastolan irakaslea zara. Sare sozialak nola erabiltzen dituzte zure ikasleek? Denak al daude Tuentin?

Bai, esan daiteke den-denak Tuentin daudela. Beren artean komunikatzeko, solasean aritzeko, argazkiak eta bideoak partekatzeko eta gauzak antolatzeko erabiltzen dute, batik bat. Eta solasean aritzeko erabiltzen dutela diodanean, esan nahi dut euren kontuei buruz aritzeko erabiltzen dutela, baina euren kontuak eskolako etxerako lanak ere izan daitezke, ez bakarrik aisialdiko gorabeherak.

Erraz animatzen al dira ikasleak Interneten gauzak egitera?

Nik dudan esperientziagatik, baietz esango nuke, ikasleak oso erraz animatzen direla Interneten gauzak egitera. Uste dut, gainera, Interneten aritzeak euren motibazioa pizten duela. Jakintza ikastolan nahiko modu naturalean bizi dugu teknologiaren txertaketa, azken urteetan.

Sare sozialak egoki erabiltzeko, zer gomendio emango zenizkieke gazteei?

Sare sozialetako pribatutasun ezarpenetan arreta ipintzeko, nork bere datuak kontrolatzeko, jakiteko bereizten benetako lagunak eta kontaktuak, bi aldiz pentsatzeko edozein argazki jarri aurretik eta ez egiteko hitzordurik ezagutzen ez duten jendearekin.

Goio Aranak esan zigun hezkuntza prozesuan sare sozialak tresna gisa sartzearen aldekoa zela. Ados zaude?

Erabat ados nago Aranarekin. Uste dut hezkuntzarako oso baliagarriak izan daitezkeela sare sozialak; besteak beste, informazioa kudeatzeko, edukiak partekatzeko eta komunikazioa areagotzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna