Komunikazioa. Allande Boutin. France 3ko kazetaria

«Neurrien atzean tokiko telebista sarea desegiteko asmoa dago»

Frantziako telebista publikoak iragarritako mozketek kezka handia sortu dute Baionako egoitzan. Herenegun greba egin zuten.

Donostia
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
France Euskal Herri iparraldeko albistegiak 20 urte bete dituenean, opari gisa berri gazi-gozoak iritsi dira Baionako ordezkaritzara. Allande Boutin (Vernon, Normandia, 1958) kazetariaren esanetan, kate publikoak iragarritako neurriek kolokan jartzen dute euren eta euskararen etorkizuna.

Zertan eragiten dute zehazki FranceTVk hartutako neurriek?

Orotara, tokiko 13 kate dira kaltetuak; emisioak eten egingo dira hiru astez, Santu Guztien Egunaren bueltan—urriaren 29tik azaroaren 9ra— eta Eguberrietan —abenduaren 24tik urtarrilaren 1era—. Horien artean dago FR3ko gure albistegia ere: France Euskal Herri. Lantaldean bikote bat mantenduko da, gai bat jorratzeko. Baina guk normalean 5-6 gai lantzen ditugu egunean; laburbilduta bada ere Iparrraldeko informazio nagusiak aipatzeko. Tartean euskarazko gaiak. Ez dago esan beharrik gai bat landuko bada ezingo dela euskarazkoa izan. Galtzaileak, beraz, ikus-entzuleak eta euskara izango dira. Azken 20 urteetan mamitzen saiatu garena zapuztu nahi da; horrek sortzen du gure baitan tristezia eta haserrea. Gainera, nola pentsa daiteke berriek oporrak hartzen ahal dituztela? Informazioak ezin du etenik izan; horrek ez du inolako zentzurik.

Izan ere, France Euskal Herri albistegia da euskarazko bakarra.

Bai, Frantzian ez da besterik, ez kate publikoetan, ez pribatuetan. Albistegi gisa diot; gero badira emanaldiak eta erreportajeak kate pribatuetan. Baina albistegi gisa gu gara bakarrak. Egunean gai bat edo bi egiten ditugu, gaurkotasunaren arabera. Egia da gutxi dela, baina, Iparraldean euskararen presentzia bermatzen dugu kate publikoan. Horrek ere kezkatzen gaitu. Izan ere, pentsatzen ari gara ez ote nahi duten batzuek zerbitzu publikoaren amaiera; iruditzen zaigu hortik doazela gauzak.

Kateak, ordea, argudio ekonomikoak erabiltzen ditu.

Kinka larrian gaudela ez dago dudarik, edozein arlotan bezala. Hori dela eta, langileak prest gaude denbora gutxiago lan egitera edo. Baina albistegiak kentzea ez da batere aterabide ona; onartezina eta ulertezina da, jendeak ahantziko baikaitu hiru astez desagertuz gero. Esaten dute 700.000 euro aurreztuko dituztela. Guk ez dugu ulertzen. Momentu horretan ez baikaude jarduerarik gabe; oporrak hartzera behartzen gaituzte, baina langile batzuek ezin dute oporrik hartu. Uste dugu horren atzetik tokiko telebista ezabatzeko asmo bat egon daitekeela; tokiko telesbisten sarea ez dutela desegingo diote behin eta berriz, baina gu ez gara fio. Adibidez, Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidenteak herenegun esan zuen France TVren arazoa hirugarren katea dela, kate erregionala, alegia. Agerikoa da tokiko kateak begiztatuta gaudela.

Audientzia onak izan arren.

France Euskal Herri-k, batez beste, 48.000 ikus-entzule inguru ditu egunero. Iparraldean 280.000 biztanle inguru izanen gara orotara. Ikus-entzule horiekin zer gertatuko da? Nekez uler daiteke.

Eragile politikoen aldetik ere atxikimendu zabala jaso duzue.

Oso sostengu zabala dugu: bat egiten dute gurekin ezkerreko zein eskuineko frantses zinegotziek. Oso lagungarri zaigu hori. Ipar Euskal Herriko bi diputatu sozialistek, adibidez, parlamentuan galdera bat egingo diote Kultura ministroari azaldu dezan zertan den telebista publikoaren geroa. Babes handia izan dute Ipar Katalunian eta beste eremuetan ere.

Herenegun egindako grebak arrakasta izan zuen, ezta?

Mobilizazio ikaragarriak izan ziren. Baionan erabatekoa izan zen; lantalde osoak egin zuen protesta, erredaktoreburua barne. Eskualdean, bost erredaktoreburuk egin zuten greba, eta, batez beste, %80ko jarraipena izan zuen.

Frantzian Hollandek bozak irabazi ostean, espero al zenuten halako erabakirik?

Nik behintzat ez. Uste nuen alderdi sozialistak bermatuko zituela zerbitzu publikoak. Egia da, ordea, hau azkeneko bost urteetan eramandako politikaren fruitua dela. Kontuan izan, gainera, telebista publikoan ez dela barne aldaketarik izan hauteskundeen ostetik. Jarraitzen dute, beraz, antzinako politikarekin. Hala ere, guk ez genuen uste itxiko gintuztenik, neurriak hartuko zituztela bai, baina ezustean harrapatu gaitu. Espero dugu sozialistek atzera egitea. Okerrera egiten badu, ez nuke ulertuko. Egia da ahaleginak egin behar ditugula; prest gaude. Baina saioa gelditzeak ez du zentzurik. Gainera, neurria inposatu egin digute. Sindikatuekin eta langile batzordeekin hitz egin gabe iragarri dute.

Berri txarren artean, betiere, bada bat ona: euskarazko magazina.

Bai, FR3k tokiko hizkuntzei begirako egitasmo bat jarri du martxan, eta horren barnean euskarazko saio bat egitea proposatu digute. Txirrita izeneko magazina hiru igandean behin emango da (11:00). Irailaren 30ean hasiko da, eta 26 minutuko saioa izango da, denetariko gaiak landuko dituena. Gure asmoa euskara hizkuntza moderno gisa erakustea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.