Albistea entzun

Komunikazioa. Irati Mendiguren. Aiaraldea Komunikazio Leihoa

«Paperak euskarari eta tokikotasunari zilegitasuna ematen dio»

Euskararen erabilpena bultzatzeko xedez, Aiaraldea Komunikazio Leihoak paperezko hamabostekaria abiatu du eskualdean.
AIARALDEA KOMUNIKAZIO LEIHOA

Adrian Garcia -

2013ko urriak 5

Euskarak espazio berri bat bete du Aiaraldea Arabako eskualdean. Ostegunetik, tokiko albisteen berri ematen duen hamabostekaria irakur daiteke, paperean. Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkarteak abiatu du proiektua; 2010. urtean hasitako ibilbidearen jarraipena da papereko agerkaria. Aiaraldea.com ataria martxan jarri zuten orduan, eta, iaz, Internet bidezko irratia. «Ilusioz eta indar handiz» ekin diote proiektuari, Irati Mendiguren (Laudio, Araba, 1985) Aiaraldea Komunikazio Leihoko elkarteko kidearen hitzetan.

Garaiotan ez da ohikoa hedabide batek paperaren aldeko hautua egitea. Zergatik erabaki duzue papereko bertsioa kaleratzea?

Gure elkartea ez da hedabide soila. Euskarazko komunikazio esparruak handitzeko elkarte bat gara, euskararen normalizazioa bultzatzeko. Duela hiru urte atari digital bat sortzeko apustua egin genuen. Apurka-apurka Internet bidezko irratia sortu genuen. Orain, paperera jo dugu, komunikazio bideak asko eta desberdinak direla ulertzen dugulako. Orain arte, Internet bidez jo dugu jendearengana, baina paperarekin Interneteko ohiko kontsumitzaileak ez direnengana iritsiko gara. Paperak euskarari, tokikotasunari eta informazioari zilegitasuna ematen dio. Ikusi eta ukitu daitekeen zerbait da. Gure apustua euskarari ahalik eta komunikazio esparru zabalena ematea da. Paperak sozialki bere garrantzia du oraindik.

Eskualdean tokikotasuna lantzen duen agerkari bakarra zarete.

Ez dago horrelako agerkaririk eskualdean, ezta gaztelaniaz ere. Hutsik zegoen espazioa. Jendeak tokikotasuna estimatzen du, hedabide gutxik hartzen baitute kontutan, eta euskarak espazio hori hartzea erronka polita da; zilegitasuna ematen dio hizkuntza berari.

Nola uztartuko dituzue papereko eta Interneteko edukiak? Zer eginkizun beteko du euskarri bakoitzak?

Albiste txiki batzuk atarian zein egunkarian aterako dira. Printzipioz, egunkarian agertuko diren edukiak albisteak izango dira. Behin egunkarian argitaratuta, berri horiek beste euskarrietan azal daitezke, bai aiaraldea.com-en eta bai irratian. Crossmedia-ren alde egin dugu, hainbat komunikabide tresna ditugulako, eta horiek guztiak zeharkatuz, edukiak forma desberdinak har ditzakete. Egunkarian atal batzuk era sakonagoan jorra daitezke: erreportaje eta elkarrizketa landuak. Atarian kontsumitzeko ohitura desberdina da; arinago irakurtzen dugu.

Zein toki du iritziak?

Protagonismo handi samarra eman zaio. Paperaren bitartez, kolaborazio asko jaso ditugu, herritarrek berek elika dezaten egunkaria. Gaika antolatutako kolaborazioez gain, badago ere iritzien beste atal bat; hamabostero zortzi iritzi zutabe izango dira. Tartean, Juan Jose Ibarretxe, Eli Pinedo, Txema Urkijo eta Julen Arsuaga daude.

Herritarren parte hartzea bermatu nahi izan duzue, orduan.

Bai, horrez gain, agur, zorion eta esker mezuak bidal ditzakete. Norberak bere berriak eta informazioa zabaltzeko bideak ere zabaldu ditugu. Jendea animatzen dugu bere edukiak proposatzera, eta hona hurbiltzera haien errealitatearen berri guztion artean zabal dezagun.

Hamasei orriko alea da. «Tokiko informazioa eta aniztasuna» dira zuen ardatzak. Zer esan nahi duzue horrekin?

Eskualdeko informazio gune indartsuenak Amurrio, Laudio eta Urduñan daude, baina herri pilo bat ere badaude, eta horiei ere tokia eman behar zaie. Horrez gain, parekidetasuna eta kultur aniztasuna zaintzen ditugu.

Erdaldunak euskarara hurbiltzeko balio al dezake agerkariak?

Euskaldunak eta euskaldunak ez direnak euskara ikasteko eta erabiltzeko motibatzeko garrantzitsua da. Pare bat albiste edo erreportaje nagusitan euskara maila desberdina izan ditzaketen irakurleentzako ohartxoak eta pistak ematen ditugu. Hiztegi txiki bat jartzea erabaki dugu, ikastetxe eta euskaltegietan tresna gisa erabili ahal izan dezaten. Gure eskualdean jendeak euskara jakin badaki, baina erabilera ez da horrenbesterainokoa, eta maila agian ez da horren altua. Euskaraz irakurtzeko erraztasunak eman nahi ditugu.

Atariarekin hasi zineten; ondoren, irratia etorri zen, eta orain, papereko agerkaria. Esan al daiteke gauzak ondo egitearen giltzetako bat auzolanean oinarritu izana dela?

Bai, zalantzarik gabe. Hasieratik boluntarioen bitartez egin dugu dena. 50 bat laguneko sarea osatzea lortu dugu. Bere garaian herrika erredakzio talde txikiak antolatzen genituen. Horri guztiari forma emanez joan gara. Orain, lau langile ditugu guztia kudeatzeko, baina hau ezin zitekeen aurrera atera boluntario sare hori gabe.

Nola eskura daiteke hamabostekariaren ale bat?

Tirada bakoitzeko 10.000 ale kaleratuko ditugu, doan. Elkarteko bazkideei postaz iritsiko zaie. Gainontzekoek okindegietan, kioskoetan, garraiobideetan eta abar eskuratu ahal izango dute.

Herenegun kaleratu zenuten lehen zenbakia. Nola joan zen eguna?

Fresko-fresko iritsi zen hamabostekaria goizeko lehen ordurako, eta lehen momentutik aktibatu genuen elkarteko jendea; han ibili ziren taldeka eskualdean zehar aleak banatzen. Jendearen harrera beroa izan da, eta oso pozik gaude.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...