Literatura. 'ARTZAPEZPIKUAREN BISITA'

Alegoria ederra

Leire Lopez Ziluaga.
2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Egilea: Adam Bodor.

Itzultzailea: Unai Elorriaga. Argitaletxea: Elkar.

Artzapezpikuaren bisita-n, Bogdanski Dolina herrialde batean zegoen, ibaia lekuz aldatu eta beste herrialde baten parte izatera pasatu zen arte. Transilvania ez zen modu hain sinplean iritsi Errumaniako lurralde izatera, errumaniar hiztunak baitziren hango biztanle gehienak aurrerantzean herrialde horren parte izango zela erabaki zenean, baina Karpatoen inguruko lurralde hartan badira hungariar hiztunak ere, eta giro horretan sortu zen Adam Bodor, 1936an. Gaztetan sistema komunistaren kontra aritzeagatik atxilotu zuten, eta kartzela ere ezagutu zuen. 1969an argitaratu zuen lehen nobela, eta 1982an Hungariara joan zen bizitzera. Euskarara ekarritako hau 1999an atera zen.

Sistema totalitaristen alegoriatzat har dezakegu liburua. Bogdanski Dolina elizgizonek gobernatutako herria da, eta nabarmena da inguratzen duten zabortegiek sortutako kiratsa. Ez dirudi herritarrek egiteko askorik dutenik; badirudi artzapezpikuaren bisitaren zain egotea dela haien zeregin nagusia, behin eta berriro prestatzen baitira bisita horretarako. Bestela, ezer gutxi esaten zaigu herritarren bizimoduaz, baina deskribatzen zaizkigun pertsona apurrak nolakoak diren kontuan hartuz gero, ez dirudi bereziki zoriontsuak direnik. Horrez gainera, liburuko pertsonaiek garrantzi handirik ematen ez dioten arren, kontzentrazio esparru bat dute herrian, biriketako gaixoak biltzen dituena; egoera tamalgarrian daude eta, gainera, apaizgaiek egunero harrikatzen dituzte. Hain zuzen, apaizek erabakitzen dute nor sartuko duten esparru horretara, gaixo itxura ikusten badiote—eta norbaitek gustatu ez zaien zerbait egin baldin badu, arrisku askoz handiagoa du han bukatzeko, jakina—. Pertsonaiek modu naturalean hartzen dute egoera, eta ia inork ez du injustiziaren aurrean ezer egiteko asmorik; injustiziaren ideia ere ez da azaltzen liburuan. Gabriel Ventuzaren istorioaren bidez jakingo dugu herriaren berri. Pertsona-kontrabandista ohi baten semea da Gabriel, eta Bogdanski Dolinara iritsiko da egun batez, aitaren gorpuzkiak jasotzera eta berarekin eramatera, baina iritsi eta berehala lo hartu eta lapurtu egingo diote aldean zeraman guztia, egitera zihoana aurrera eramateko behar zuen dirua barne. Loaldiaren bosgarren egunean iratzarri, eta kapilau militar izendatuko dute. Kontzentrazio esparruan giltzapeturik daudenak konfesatzea izango da haren lana.

Gabrielen istorioa liburu barruko pertsonaietako batek kontatzen du, eta, agian horregatik, tonu neurtuarekin kontatzen dizkigu herriari eta pertsonaiei buruzko xehetasun guztiak, idazleak argi utzi nahiko balu bezala pertsonaiei arrunta iruditzen zaiela herrian kontzentrazio esparru bat edukitzea, zabortegiz inguratuta egotea, eta abar. Horrenbestez, atmosfera itxia bada ere —kiratsa, kontzentrazio esparrua, pertsonaien despertsonalizazioa—, itxitura sentipenik gabe jasotzen du irakurleak. Halaber, nabarmentzekoa da zenbait pasarteren edertasuna, atmosfera horrekin zeharo hausten duena hainbat aldiz. Narrazioak modu naturalean egiten du atzera eta aurrera denboran, eta narratzaileak behin eta berriro osatzen du aurretik esandakoa, baina irakurleak ez du errepikatzen ari dela sentitzen, eta atalen arteko loturak ez dira artifizialak inolaz ere. Era berean, idazleak lortzen du egiantzekoa izatea herritar bat hainbat hilabetez lo egotea edo norbait egun batetik bestera kapilau bihurtzea.

Liburu oso gomendagarria itzuli du Unai Elorriagak euskarara, Europa ekialdeko literaturara hurbiltzeko aukera ematen diguna. Ea gehiago ere etortzen diren, eta ez soilik Literatura Unibertsala bildumaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.