Literatura. 'HELDU DEN MATXINADA'

Matxinatu zaitezte!

Leire Lopez Ziluaga.
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Egilea: Batzorde Ikusezina.

Itzultzaileak: Oier Gonzalez eta Zigor Garro.

Argitaletxea: Txalaparta.

La Fabrique argitaletxeak plazaratu zuen Heldu den matxinada Frantzian 2007an, Batzorde Ikusezinak izenpetuta. Hala ere, sarreran esaten denez, «idazleak ez dira benetako egileak. Egungo topikoetan, tabernetako mahaietako berbaroari, logeletako ate itxien atzean esaten denari ordena apur bat ezartzeaz arduratu dira». Egiletasuna zalantzan jartzen duen esaldiak ez zuen nonbait Frantziako Gobernua konbentzitu, eta Julien Coupati egotzi zion testuaren idazketa, zenbait sabotaje egitea leporatuta Tarnacen atxilotutako komuna bateko kideetako bati. Egotzi, bai.

Liburua bi atal nagusitan dago banatuta. Lehenengoan, gaur egungo gizarte kapitalistaren analisia egiten da, zazpi zirkulutan banatuta: nia, gizartea eta bertan sortzen diren harremanak, lana, metropolia, ekologia eta ingurumena eta espazio zibilizatua kritikatzen dira zirkuluotan, anarkismotik eta autonomiatik hurbil dagoen ikuspegiarekin. Horrez gainera, Frantziako eta munduko beste toki batzuetako zenbait gertaeraren azterketa egiten da —esaterako, Parisko banlieuetako istiluena—. Bigarrenean, borroka iraultzailerako zenbait gomendio ematen ditu. Hasteko, komunetan edo «egia komun» batzuen inguruan sortutako afinitate taldeetan antolatzea proposatzen du. Liburuan kritikatu diren zenbait konturi irtenbide modukoa proposatzen zaio: lanik ez egiteko antolatzea proposatzen du, dirua lortzeko bide legal eta ilegalak azalduz, formazioaren beharra azpimarratzen du eta taldeen arteko komunikazio zuzena sortzea, matxinada ekintzak ugaltzeko, eta paradigma berri baterako bidea egiteko. Badu loturarik King Mob eta bestelako talde post-situazionistek egindako zenbait proposamenekin.

Liburuak ez du ideia bereziki berritzaile askorik proposatzen. Kopiatu dudan pasarteak dioenez, tabernetan, logeletan esaten direnak jaso dituzte hemen, baina Alan Badiou, Michel Foucault, Toni Negri, Guy Debord eta beste hainbati buruz hitz egitea ohikoa den taberna edo logelak izango dira horiek —testuak erreferentziarik aipatzen ez badu ere—, edo agian esan behar dugu taberna eta logeletan esaten diren horiek galbahe horretatik pasatuta aurkezten zaizkigula. Berritasun ezak ez dio meriturik kentzen, jakina. Izan ere, testuaren helburua kontuan hartuta, ideia multzo bat ordenan jartzea, diskurtso koherente bat eratzea eta ideiak esateko hitz eta tonu egokiarekin asmatzea zen beharrezkoa. Eta, nire ustez, lortu dute. Hitzak eta tonua bikainak iruditzen zaizkit horrelako liburu baterako. Aurreneko esaldiak honela dio: «Edozein aldetatik begiratuta, orainak ez du irtenbiderik. Ez da bere dohainik txikiena». Badu zerbait situazionista zenbaiten idazkeratik.

Azken buruan, etorri behar den —edo hemen den, sekula hemen izateari utzi ez dion— matxinadaren beharra azaltzeko eta matxinada hori bultzatzeko eta ahalik eta eraginkorrena izateko idatzitako liburua da hau. Kapitalismoaren enegarren krisia dela-eta —edo kapitalismoa deitzen den krisia dela-eta— sortutako liburu nolabait kritiko onberen aldean, bereziki Hesselen Haserretu zaitezte! famatua, Heldu den matxinada-ren irakurketak ezinegona eragin dezake. Suminduraren literatura ez bezala, liburu hau deserosoa da. Irakurleren batek pentsa dezake analisi batzuetan urrunegi joan direla, edo indarkeriaren bidea azaltzea deitoratu, eta besteren bat indarkeria kapitalistari erantzuteko biderik egokiena dela pentsatuta aztoratuko da. Nolanahi ere, Grezian edo aste honetan Bartzelonan gertatutako istiluek erakusten dute liburua hementxe dugun zerbaitez ari dela. Gomendagarria oso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.