Literatura. 'MEAULNES HANDIA'

Klasiko baten itzala

Iratxe Esnaola.
2013ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Egilea: Alain Fournier.

Itzultzailea: Monika Etxebarria.

Argitaletxeak: Alberdania, Erein eta Igela (Literatura Unibertsala bilduma).

Le Monde-k 1999an agindu inkesta batek XX. mendeko 100 eleberri hoberenen artean kokatu zuen Alain Fournierren (1886-1914) eleberri bakar hau, 17.000 frantses galdekatu ostean. 1913an argitaratutako obra honez gain, aldizkarietan publikatu zituen ipuinak idazle frantziarrak, baina klasiko bihurtu zuena Meaulnes pertsonaia da, argitaratze urtetik aurrera bost milioi aletik gora saldu baititu eleberriak poltsikorako edizioan, eta sokari tiraka, zinemarako bi bertsio ere iritsi ziren; 1967an lehena, Jean Gabriel Albicoccoren eskutik; 2006an bigarrena, Jean Daniel Verhaeqhek burutua. Hogeita zortzi urterekin Lehen Mundu Gerran bizia galdu izan ez balu zer beste herentzia utzi ote zigun Fournier-ek ezin jakin. Monika Etxebarria itzultzaileak hitzaurrean esaten digunari adituz, pertsonaia «idealista, zoritxarreko eta abenturazalea» dugu Meaulnes. 1890 inguruan hasten da trama, oroitzen ari den Françoise narratzaile pertsonaiaren eskutik. Frantziako familia eta landa giro tradizionalean, Sainte Agathe herrian bizi den mutikoa da Françoise, herriko maisu-maistren semea. Meaulnes nerabea apopilo etorriko zaie etxera eta mutiko narratzaile bakartia miresmenez beteko du. Eleberri hasierak eskola mutikoen nerabezarorako jauzia jarraitzen du, laguntasun heroikoa modelotzat harturik. Izatez, nerabeen tragikotasun eta gehiegikeriarako joera bereziki azpimarragarria da, bai laguntasunarekiko, bai maitasunarekiko. Robinson Crusoeren irakurketak eta maitasun erromantikoaren heroiak erreferente dituen belaunaldi frantsesaren adierazle dira.

Meaulnes nerabeak herritik ihes egitean jartzen da martxan abentura, fantasiazkoa dirudien gaztelu bateko festara iristeaz bat. Bertan emakume bat ikusi eta enamoratuko da harekin. Yvonne de Galais da emakumea eta Meaulnes lekua uztera behartua denez, etxalde hartara itzuli nahian emango du geroa, bidea aurkitu ezin. Paraleloki, Yvonneren neba Frantzek ere modu berean sentituko du maitasunaren deia kalean topatzen duen emakume batengana. Esan dezadan emakumea interesekoa dela eder xarmangarri eta ezkongai den neurrian, eta kutsu negatiboa hartzen duela Pariseko bizitzak landako garbitasunaren aldean. Maitasun ideal erromantiko eta heroiko sakrifiziozkoa da eleberriaren motorra, eta bidelagun ditu gaizki-ulertuak, nahasteak eta sekretuak. Nahiz narratzailearen iritzi aldaketa sumatzen dugun eleberrian iragan urteen poderioz: «[…] errieta egiteko gogoa, heroi erromantiko gaztearen paper zentzugabea betetzeagatik», amaituko du esaten Meaulnesengatik Françoisek. Izan ere, Monika Etxebarriak hitzostean genero anitzeko eleberritzat jotzen duenean obra, hots, autobiografiko, abenturazko eta ikaskuntza eleberritzat hartzen duenean, azken horretan ituan jotzen duela uste dut, helduarora iragan behar duten pertsonaiak direlako mamia, atzean utzi behar dituzten fantasiez askatu nahi ez eta beharrean.

Paisaien zein pertsonaien deskribapenak atsegin izan arren, aspertzeraino luzatu zaizkit, tarteka, melodramaren hariok niri, ikusirik nola harilkatzen diren gertakizunak joskera atzematen zaiela, dramak beharrezkoak dituen gertakizunak intuitzen ditugularik, eta justu orduan, egilearen esku inolaz ez ikusezina agertzen delarik. Klasikoen listan itzala edo nire begirakunean orbana, narrazioarekin baino itzulpenaren euskararekin entretenitzen aurkitu dut neure burua sarri. Irakurleak eskura du Meaulnes Handia kanoneko zerrendan egoteak ematen dion zilegitasunarekin, nik esanak esan. Dagoeneko handik, behintzat, ez da mugituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.