Albistea entzun

Literatura. 'LASAI, EZ DA EZER GERTATZEN'

Gure izanaren soinekoa(k)

Mikel Asurmendi -

2014ko martxoak 16

Egilea: Ana Malagon.

Argitaletxea: Elkar.

Lasai, ez da ezer gertatzen», diosku izenburutik beretik Ana Malagonek. Alta, liburuaren izena ez dagokio izanari. Edo bai? Hori —edo errealitatea— nola interpretatzen den, ezta? Azaletik beretik irakurtzen hasi naiz liburua. Azalaren eta egilearen ipuinen artean, baina, Iban Zalduaren Bakardadearen koordenadak aitzinsolasa dago, eta hori irakurri ostean, beste galdera bat: «Zer iruzkin mota egin dezaket nik liburu hau deskribatzeko?». Alegia, hark egin duenaren alboan irrigarri ez azaltzeko.

«Liburu hau lau zatitan tolestutako mapa bat da: zabaldu, eta bakardadearen koordenadak …», hasten da Zaldua. Ederra metafora! Nik, baina, beste metafora bat behar dut. Azalera itzuli naiz. Hona haren irakurketa. Argazkiak etxe xume bateko fatxada erakusten digu: zortzi leiho, lau esekileku. Horietako batean arropak, eskegiak. Xumea bezain ederra da azala. Azalak mamia biltzen du: izana eta funtsa. Etxean bizi diren pertsonak irudikatu ditut, eta mundu bat asmatu. Mundu bat edo bi, edo hiru, edo…

Alabaina, nik tranpa egin dut. Idazlearen testu bizien eta iradokigarrien ildoan, bidezidor engainagarri bat hartu dut. Hau da, azalak hasieratik gatibatu nauen arren, etxe barruan irudikatu ditudan pertsonen munduak baino gehiago, liburuko pertsonaien munduak gatibatu nau. Bistan da, etxeko fatxadak bakardadea irradiatu dit, baita idazlearen testuek ere orobat. Neronek baina, metaforak metafora, Malagonen liburua ez dut bakardadearen koordenatutan soilik irudikatu.

Ana Malagonek gure soinaren araberako soineko bat —edo bi edo hiru…— josteko aukera eskaintzen digu. Pentsa, ipuinak —oihalak— txikiak dira, baina beren izana ez da euren txikitasunean kabitzen. Ipuin labur intentsoak dira. Zenbaitetan, behin, bitan edo hiru alditan irakurri beharrekoak. Ipuinok ifrentzua baitute, arropek bezala. Pentsa, pentsa dezakezu arropa aurkiz jantzi duzula, baina ez, binperrez jantzi duzu. Bueno, egileak hori iradoki diezazuke.

Soinekoak soineko, metaforak metafora, Ana Malagonen pertsonaiak belaunaldi batekoak dira nagusiki. Bestela esanda, liburuko mundua idazle honen belaunaldiko pertson(ai)en begietatik erretratatuta dago. Adibiderako, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausoa da oso. Herio oso presente dago, biziki presente. Munduon obsesioak gaina hartu dio bizitzaren beraren zentzuari, soinekoak izanari. «Belaunaldi galduaren» isla ote?

Liburu (h)onen bertutetako bat, besteak beste, ipuinek —testuok— mundu ezberdinak imajinatzeko eta tolesteko duten dohaina da. Asma ipuinarekin (11. o.) hasten da eta Publizitatea (172 o.) delakoarekin amaitu. Niretzat, 161 mikro-ipuin ez ezik, 161 oihal dira. Pentsa, ipuinez osatutako nobela jos dezakezu. Hots, irakurle norberak oihalak hartu eta bere gustuko soinekoa jos dezake. Fatxadan zintzilikatutako antzerako soinekoak egin, edota galtzak, alkandorak, jertseak eta galtzerdiak ehundu ditzakezu.

«Lasai, ez da ezer gertatzen». Testua nirea da oraingoan, Malagoni maileguz hartua. Malagonek ez du inpresionatzeko idazten, ordea, nik iruzkin honetan bezala. Idazle (h)onen bertutea ongi adieraztea da. Ez pentsa, ezta ere, bere soinekoek —ipuinek— estaltzen duen guztia tristea eta beltza denik. Liburuarekiko enpatia idazlearen ironia antzematean datza. Hots, iruzkin honen izenburua Bizi garen bezala izan liteke, 130. orriko ipuinarena. Zure izanaren soinekoa josten has zaitezke beretik, ipuin hori bera irakurtzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inazio Mujika, Aintzane Atela, Miren Arratibel, Manu Lopez eta Joxean Muñoz, gaur goizean, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Edith Wharton batu da Literatura Unibertsala bildumara

Itziar Ugarte Irizar

Egile estatubatuarraren 1911ko ‘Ethan Frome’ nobela laburra euskaratu dute Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak. Izen bereko pertsonaiaren gorabeherak ditu ardatzean.

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...