Literatura. 'INTEMPERIES (BABES BILA)'

Izateko arrazoi bila

2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Egilea: Lourdes Oñederra.

Argitaletxea: Erein.

Bizitzak ez du egitura finkorik, ez egonkorrik. Horregatik edo, preziatzen ditugu nobelak. Formatua dutelako, istorioan barrena garamatzaten egitura —eta arrazoia— eskaintzen digutelako. Horregatik edo, fikzioa eramangarriago egiten zaigu errealitatea baino.

Intemperies (babes bila) nobelak formatua badu izan, ez konplexua. Sinplea. Euskarri nahikoa, Lourdes Oñederrak barnean daramana bere buruari adierazteko. Bere buruari eta irakurleoi aldi berean. Idatz molde laua du, xumea. Idatzitakoa ez-idatzia bezain iradokigarria duzu.

Luzia da nobela errealista honen protagonista. Topikoa da esatea nobela errealistak autobiografikoak direla. Haatik, hala begitandu zait. Ez dut egilea ezagutzen, baina Lourdes suma dut Luziaren baitan. Luziaren larruan.

Ezbaiak ezaugarritzen du iraganeko Luziaren izaera. Bai. Ez. Ezjakintasuna. Ez nahikotasuna. Errua egozten dio usu bere buruari. Emakumeak, gizonaren aldean, bestelakoak dira Eva eta Adamez geroztik. Bestela hezi dituzte. Luziak berrogeita hamar urte bete ditu, eta emakume «besterik» ez denean —ez bikoteduna, ez ama— beste bide bat urratzen hasi da. Errealistatzat jo dut, eta erromantikotzat ere jo daiteke nobela.

Victor pertsonaia da egituraren bigarren euskarria. Eva hirugarrena. Victorren eta Luziaren arteko maitasun istorioak gorpuzten du nobela. Eva, berriz, nobelaren euskarria ez ezik, berau uztartzen duen pertsonaia da. Maitasuna da istorioa mamitzen duena. Hiru pertsonen artean egituratuz doan maitasuna. Intemperies-etan baitabiltza. Hirurak.

Luziak iragana badu, Martin senarra ohiarekin gauzatua. Ama ere badu. Iragana eta presentea da ama. Ama(k) iragana, oraina eta geroa d(ir)a. Luzia, baina, ez da ama. Julia da Victorren iragana. Alarguna da Victor. Alaba badu, baina ez du izenik.

Evak izena badu. Iragan ezezaguna du, baina, afasia baitauka eduki. Atentatu batek eragin zion garun paralisiaren ondorioz, ez du hitz egiten. Ama eta aita galdu zituen orduan. Eva hitz egiten entzun nahi du Luziak, baita haren iragana ezagutu ere. Denborak berebiziko garrantzia dauka pertsonaion bizitzan. Espazioak ere bai. Espazioa eraldatua izan arren, beti itzul gaitezke, nolabait, ibilitako espaziora. Iragan aldira ez gara inoiz itzuliko, ordea.

Luziak eta Victorrek bizitzaren mingostasuna dastatu dute. Modu ezberdinez, haatik. Luziak Martinekin piztu zuen maitasuna itzali izanaren mina darama. Victorrek, berriz, Juliarekin partekatutako maitasuna minbiziak eraman izana. Harrezkero, denbora ez da berdin iragan bientzat. Evarentzat, berriz, denbora eta espazioa bestelakoak bilakatu dira.

Istorioa ez da geureganatzen zaila, gertatzen dena ulertzea ere ez. Egunerokoa du transmititzen. Eguneroko bizitza, ordea, besterik gabe, ez da samurra. Denborari neurria hartzea zaila baitzaigu. Gertaera arruntek, pertsonaien nortasunek eta horien inguruaren deskribapen orekatuek egiten dute nobela hau erakargarri. Oñederraren pertsonaiei gertatzen zaienak eta eurek pentsatzen dutenak balio dute bereziki. Norbanakoak axola du. Kasuon, bereziki, emakumeak. Izan ahal izateko emakumeak beharrezko daukan burujabetasunak axola du, askatasuna lortzeko, ezinbestean, beharrezko daukan lanak —beharrak— balio du.

Alabaina, euskaldunok ere deskribatzen gaitu idazleak, xumeki. Labur. Donostiaren gaineko iritzia eskaintzen digu, eta, batez ere, «euskal gatazkaz» espresuki idatzi gabe, iragan berrian jasotako mina helarazi ere. Evak daraman mina. Luziak daraman mina. Lourdesek daraman mina barruraino sarrarazten digu. Nobelaren arrazoia Luzia izaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.