Albistea entzun

Literatura

'ZU ZARA TXORIA'

Txoria kantuan kaiolari

Beñat Sarasola -

2011ko apirilak 10

Egilea: Mikel Etxaburu.

Argitaletxea: Elkar.

Mikel Etxaburu «kartzelaren sozializazioaren» politikak harrapatu zuen 2008an, eta bi urtez egon zen espetxean. Amaieran ikus dezakegunez (Alcalá-Meco, 2010), han idatzi zituen Zu zara txoria liburuko poemak. Haatik, idazleak berak aitortu du, liburuaren argitalpenaren ondorengo aurkezpen eta elkarrizketetan, idaztearena ez da kontu berria beretzat. Liburua irakurrita laster asko antzematen den gauza da, behinik-behin, euskal poesiaren irakurle badela. Han-hemenka, besteak beste, Joseba Sarrionandia (Izuen gordelekuak) edo Bernardo Atxagaren (Harea, desertua) oihartzuna entzun baitaitezke. Beste zenbait poeten erreferentzia zehatzak ere aurkitzen ahal dira: Rumi, Paul Éluard...

Era berean, liburuaren izenburuarekin zuzenki lotua dagoen poeman, Txoria dator esatera-n, Mikel Laboaren txoriaren ideiatik aski jasotzen duela esango nuke. Poemaren labur eta ederrak merezi du hona osoki ekartzeak: «Egunero dator txoria / ziegako leihora, / zu zara orain txoria esatera / niri jaten eman, / kantuan entzun, / niri kontuak kontatzera / ziegako leihora / egunero dator txoria / gogoraraztera / zu zara orain txoria esatera. Jakina, liburua goitik-behera dago kartzelako bizipenek zipriztindua, eta, hala, gure arteko beste zenbaiten (Jokin Urain, Xabier Izaga, Jon Etxeandia, Mikel Antza, Sarrionandia bera eta abar) idazki batzuekin erka daiteke nolabait.

Hiru zatitan banatua dago: Ez-lekuak, Leku pribatuak eta Leku posibleak. Lehenengoan da kartzelaren presentzia nabarmenena, eta hor azaltzen zaizkigu, beraz, hango bizitza petralaren gora-beherak; errekuentoak, funtzionarioak eta enparauak. Bigarrenean geografia pribatuago bat zaigu ageri, eta amodiozko poematzat har daitezkeenek osatzen dute. Esan gabe doa kartzelaren esperientziak sakonki kolpekatutakoak direla horiek ere, eta, horrenbestez, urrun daudela maitasunezko poema xalo izatetik, zati hori abiarazten duen aipuetako bat gorabehera: Não seriam cartas de amor se ñao fossem / Ridículas (Álvaro de Campos). Azkenik, hirugarren zatiak kanpora begiratzen du gehiago, utopiaren ideia bidaide. Akaso, azkeneko hori egin zait zatirik irregularrena; beharbada, utopiaren ingurukoak apur bat nekagarriak egin zaizkidalako eta zabalena ere badelako, baina, halaz ere, badira egon ale ederrak —desafio, eskerrak badakigun igeri egiten, belak—. Zati horretan bereziki nabarmena da, orobat, itsasoarekin lotutako iruditeria (marea, marinelak, itsasontziak, klaraboiak), poesian dagoeneko aski erabili izan dena, baina oraindik ere emankorra izan daitekeena, liburuko zenbait poema lekuko.

Aldrebeskeriak saihesten ditu Etxaburuk, poema itxura batean sinple eta zuzenak dira, apaingarri astunik gabekoak. Poemaren barne erritmoa lantzen du gehiago, errepikapen eta forma egituratu jarraien bitartez. Esango nuke Zu zara orain txoria-ko ugari errezitatzeko aski poema egokiak direla, kadentzia egokiz onduak direlako. Agian inori astunegia irudi dakioke errepikarako joera, eta neroni ere zenbaitetan (adibidez, esan eta erantzun) halaxe egin zait, baina emaitzarik onenetan (adibidez, funtzionario izan nahi nuke) Jose Luis Otamendiren poemaren harnas eta erritmoa menderatzeko gaitasuna ekarri dit gogora.

Azpimarratzeko moduko poema liburua ekarri digu Etxaburuk. Harkaitz Canok hitzaurrean adierazten duen legez, askatasunaren eta ezaskatasunaren artean idatzitako liburua dugu. Akaso, poesia da, hain justu, tarte horretan dagoena. Edonola ere, espero dezagun hurrengoan amaierako Alcalá-Meco hori irakurri beharrean, Ondarroa, Taiwan edo Bergen irakurtzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zenbait erakundetako ordezkariak, atzo, Bilboko Arriaga antzokian, <em>Kristalezko begi bat</em> liburuaren irakurraldi jarraituaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Autobiografia bat, ahots gora

Olatz Enzunza Mallona

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' liburuaren irakurraldi publikoa egingo dute Bilbon
 ©RON KROON / ANEFO

Ahots leun baten ibilbide arrakastatsua

Miren Mujika Telleria

Abeslari brasildarra bossa novaren ikur nagusietako bat izan zen, eta mundu osoan egin zen ezagun 1960ko hamarkadaren hasieran 'Garota de Ipanema' kantuaren ingelesezko bertsioarekin.
Angeles Cruz zinemagilea. ©ZINEGOAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.