Legebiltzarrak politika «orekatuak» agindu ditu euskararen alde

EH Bilduk ez du parte hartu Euskararen Eguneko ekitaldian; Urkulluk akordio zabalak eskatu ditu

ainara arratibel gascon
2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskararen aldeko «politika orekatuak» sustatzeko konpromisoa azaldu du Eusko Legebiltzarrak, Euskararen Egunaren karietara egindako adierazpenean. Gainera, aldarrikatu du egunero izan behar duela Euskararen Egunak: «Erabilera sustatuz egiten da hori», adierazi du Bakartxo Tejeria presidenteak.

Eusko Legebiltzarrak ekitaldiaegin zuen atzo, Euskararen Eguna ospatzeko. Bertan hartu zuten parte duela 30 urte Euskararen Legea eztabaidatu eta onartu zuen batzordeko kideek: Pedro Miguel Etxenikek, Jose Antonio Maturanak, Inmaculada Bonetak, Jose Luis Lizundiak eta Alfredo Marco Tabarrek; baita orduko legebiltzarreko presidenteak ere: Juan Jose Pujanak.

Egungo presidenteak, Bakartxo Tejeriak, irakurri zuen atzoko egunaren karietara onartutako adierazpena. Nabarmendu zuen euskarak «batzeko eta aberasteko» balio behar duela. «Euskararen inguruan ahalik eta adostasunik handiena lortuta, herritar eleanitzak lortzeko pausoak egin nahi ditu legebiltzarrak».

Euskararen erabilerarako aukera berriak zabaltzeko beharra jasotzen da adierazpenean. «Egungoak ere indartu behar dira, eta garai berrietara egokitu, herritar bakoitzaren hizkuntz aukerari zor zaion errespetuz».

Ez zen ekitaldian izan EH Bildu. Horren arrazoiak eman zituen Laura Mintegik.«Ospakizunerako egun bat baino, aldarrikapenerako egun bat da gaurkoa. Duela 30 urte onartutako Euskararen Legeak goia jo du, eta lege horri beste bultzada bat emateko unea iritsi da. Dena den, eskerrak eman nahi dizkiegu legea onartu zutenei, egin zuten ahaleginagatik». Egungo legea normalizaziorako «ez nahikoa» dela defendatu zuen Mintegik.

Urgell eta Urkullu

Euskaldun berriek euskarari egindako ekarpena eskertu zuen Blanca Urgell jarduneko Kultura sailburuak. «Garaia da aitortza ez ezik, omenaldia egiteko. Haien borondaterik eta prestasunik gabe, ez ginateke gauden egoeran egongo ».Eskerrak eman zizkien, baita ere, haurrak eredu elebidunetan matrikulatu dituztenei, eta euskaraerabiltzen dutenei. «Guztiok osatzen dugu euskararen mosaikoa».

Etorkizuna itxaropenez ikusten du Urgellek. «Konbentzituta nago euskararen garapenean aurrerapauso sendo gehiago emango ditugula, adostasunez, neurriz, guztion laguntzaz, eta guztion onerako».

Euskararen inguruko akordio sozial eta politiko zabalak eskatu zituen EAJren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai Iñigo Urkulluk: «Inposaketak nahiz eragozpenak baztertu egin behar dira». Urkulluk oharra kaleratu zuen Euskararen Egunaren karietara, eta bertan azaldu zuen zein den bere konpromisoa: herritar guztien hizkuntza aukerak egiazki bermatzea. Gogorarazi zuen elkarbizitza dagoela jokoan.

Ezker Batuak, berriz, herritarren konpromisoa galdegin zuen, euskalduntzean urratsak ematen jarraitzeko. «Ezin da ardura osoa utzi hezkuntzaren bizkar. Ez ditugu amesten ditugun helburu linguistikoak lortuko, gizartearen konpromisorik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.