Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak. Liliane Blaser Aza. Dokumentalista

«Jada ez dago ideien hurakana; orain ideiak landu behar ditugu»

Venezuelako gertakari historiko nagusien lekotasuna jaso du, eta gertatutakoak frogatzeko erabili. Chavezek oinarri sendoak jarri zituela uste du; orain hobetzeko ordua da

BERRIA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Caracas
2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Liliana Blaser Azak (Venezuela, 1953), Venezuelan azken urteotako prozesua ondotxo ezagutzen du. Bere filmak eta dokumentalak oso ezagunak dira hemen, baita nazioarttean ere. GIza eskubideen aldeko borroka da berea, eta Venezuelan baduela zer borrokatu uste du. Prozesuarekin bat egiten du, baina beti adi, eta ikusketa kritikoarekin.

Jorge Tortoza argazkilaria tiro batez zerraldo erortzen grabatu zenuen, 2002ko estatu kolpea gertatzen ari zela. Garrantzitsua izan zen hori.

Bai, froga bezala balio izan duelako. Gertaeraren ondoren hainbat toma atera nituen, eta horrek balio izan zuen zeuden bertsioak gezurtatzeko. Poste baten atzean nengoen. Norbaitek ondoren ikertu zuen soinu guztia, eta klink bat entzun zuen, bala batek postean egiten duen soinua. Gero saiatu ziren kamera kentzen, baina ni besarkatu nintzaion, eta materiala horregatik salbatu zen.Badirudi leku onenean egoten naizela beti, (barrez).

Dena grabatzen duzu gaztetatik. Zer geratu zaizu buruan batez ere?

Batek zortea izan du hor egoteko, herri honen momentu gogorrenetan baina garrantzitsuetan. 1989ko otsailaren 27a eta gero, hurrengo egunean, dena grabatu nuen. Errepresio guztia, unibertsitatean, kalean... Boterearen kontra izan ziren. Orduan hasi zen dena. 1992an, Chavezen estatu kolpe saiakera gertatu zenean, Suitzan nengoen, eta estatu kolpeaz han jakin nuen. Hortik aurrera dena grabatu dut. Unerik gogorrena bizi izan dudana da ospitalera joan eta senideen bila zerrendak irakurtzen ikustea jendea, eta orduan erabaki nuen grabatutakoa itzultzea, eta era berean, grabatutakoa erabilgarri egitea. Hor hasi nintzen garatzen nire metodologia, eta hori erakusten dut hemen.

Chavez ezagutu zenuen?

1992an ezagutu nuen. Kamerarekin ikusten ninduen bakoitzean agurtzen ninduen. Beti elkarrizketatu nahi izan nuen, eta pertsona bati esan zion niri esateko elkarrizketatzeko, baina ez zidan esan. Gerora jakin nuen. Unea pasa zenean, pentsatu nuen, `saiatuko naiz beranduago´.

Nolakoa zen?

Batzuetan amorratu egiten ninduen esaten zituenekin, baina azkenean presidenteak erakusten zuen momentu oso larrietan bazekiela herria gidatzen, lasaitzen. Sutan jartzen zen ezin zuelako jasan gauzak gaizki egitea, baina une gogorretan bakean mantentzen zen. Kontuan hartu behar zaio egiten zuena eta ez esaten zuena, eta egiteko orduan oso etapaka egiten zuen, baketsua zen.

Gizartea horren polarizatua dago kanpotik ikusi bezala?

Komunikabideak daude polarizatuta, kupulak daude polarizatuta, eta borroka gogorrean. Herritarren artean polarizazioa ere badago, klase ertain bat dago komunikabideek pozoitua, eta Chavezek ez du asmatu hori erakartzen. Huts egin zuen klase ertaina eta burgesia ez bereizten. Gobernuak dena kenduko diola pentsatzen dute, eta segurtasun faltagatik ere beldur dira. Bi tenperatura daude. Gizartean ere badago klase ertain bat, zeinak pentsatzen duen zaborra dela pobrea, eta pobreak barre egiten dio egoera horri. Venezuelarrok umore handia daukagu. Mespretxuak jarraitzen du, baina une okerragoak egon dira.

Oposizioak hauteskundeak galtzen baditu, irregulartasunen aitzakia erabili eta zerbait gertatzeko arriskua dago?

Ez zait iruditzen. Batetik segurtasun indarrak oso lotuta daude; ez dut uste posible denik 2002ko estatu kolpe bat emateko aukera, eta bestetik, CNE Hauteskunde Batzorde Nazionala blindatua dago, eta ez dago iruzurrik. Lagunak dauzkat han eta esan didate lasai egoteko, hauteskunde sistema oso lotua dagoela, ez dagoela tranparako modurik.

Segurtasun eza da gobernuak aurre egin behar duen arazo nagusietako bat. Gero eta okerragoa da.

Bai, handia da. Baina dagoena baino gehiago dagoela esaten dute, baina bai, oso larria da, eta lehen baino arriskutsuagoa. Nik sinesten dut paramilitarrak daudela Kolonbiatik etorriak, gauza estrainuak gertatzen baitira. Lau tiro eman edozeini... Duela hamar urte lapurtzen zizutenean esaten zenuen: `Utzizkidazu hamar (bolivar) trenerako`. Hori hor zegoen. Ohea jarri da, hala ere, kultura, elikagaiak, hezkuntza... hori dena oso garrantzitsua da. Baina prozesua hobetzeko gauza praktikoak jarri behar dira lehenbailehen. Argia kale ilunetan, adibidez.

Ustelkeria leku guztietan dago. Gobernutik hasi eta estatu aparatu osoraino. Jendearengan ere bai. Zer iruditzen zaizu?

Adibidez, jubilatuek merkeago erosteko txartela atera zenean, biloba joan eta kentzen zion txartela. Ustelkeria hori da. Sagar bat 40 euro kobratzea hori da ustelkeria eta niri hori egin nahi zidaten. Herriko pertsona bat, eta sagarra sartu nahi zidan. Justizia soziala non dago hor? Zintzotasun falta izugarria dago, eta kapitalismo erraldoia, kapitalismoa baita gutxi lan egin eta asko irabazi nahi izatea, 20 bolivarretan erosi eta 40an saltzea;, 100 eduki eta 200eko zerbait erosi nahi izatea, eduki nahi, nahi eta nahi. Hori konpondu behar da, eta batez ere ez dadila inpunitaterik egon. Estatuan funtzionario batek zerbait egiten badu lekuz aldatzen dute. Logika instituzionala aldatu behar da. Kapitalaren logikak jarraitzen du. Egitura ideologikoa ere bai. Zabaldua dago ez dela ezer pasatzen horregatik. Bai, gertatzen da.

Mezu homofobikoak barra-bara izan dira kanpainan, Caprilesen kontra. Zer iruditzen zaizu?

Hori da prozesuarentzat gauzarik okerrenetako bat, prozesuaren kontzientziarentzat. Ezin dugu utzi intelektual batek txiste homofobiko bat egitea (herenegun gertatu zen), eta han daudenetatik inork ez ezer esatea. Gainera jende askok egiten du barre. Nik badakit homofobia venezuelarren sikian dagoela, ez dakit zergatik. Kuban 40 urte pasa zituzten homosexualak kartzelan sartzen, eta orain konturatu dira akats bat dela. Baina nori demontre inporta dio nor norekin oheratzen den? Hemen ez dago hori, hemen txiste kontua da, iraina. Lan ideologiko handia egin beharra dago bai horretan eta baita beste gauza batzuetan ere. Adibidez arrazakerian.

Zer iruditzen zaizu Maduro?

Madurok ez du denborarik izan pertsonaiaren xehetasunak ikasteko, eta, noski, diskurtsoan akats asko dauzka, baina pulitzen ari da. Oraingo gobernuak landuagoa izan behar du, kolegiatua, jada ez dago ideien hurakana, herritarrengandik horren gertu zegoena, eta gizarte erakundeok hemen egon behar dugu kritikoak izateko eta lan egiteko, orain ideiak landu behar ditugu. Jendeak lanean ikasi beharko du.

Eta Capriles?

Kapital handiaren tresna da, baina niri ez zait faxista deitzea gustatzen, adjetibo batean bilakatu da. Noski, berak militatu zuen alderdi ezin okerrago batean, eta hor dago Kubako enbaxadako irudia. Inperioaren fitxa da; ez dut uste bere kontra joan behar dugunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.