Murrizketak larrialdi zerbitzuetan

Larrialdiak, larri

Nafarroako Larrialdi Agentziak erdira murriztu dio DYAri laguntza bi urtean, eta SOS Deien zerbitzua Bizkaian zentralizatu dute. Krisiak kalte egindako larrialdi zerbitzuetako bi adibide dira.

ainara arratibel gascon
Donostia
2013ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ataka zailean. Halaxe utzi dituzte krisi ekonomikoak eta murrizketek larrialdi zerbitzuak eskaintzen dituzten erakunde eta zerbitzu asko, publikoak zein pribatuak. Laguntzen murrizketak, berregituraketak, eskaintza merkeagoak egiten dituzten enpresen esku uztea zerbitzuak... Azkenaldian izan dituzten egoerak dira. Egiten duten lana nabarmendu, eta erakunde publikoek ez dutela behar beste baloratzen salatu dute elkarte horiek. «Oso larria» iruditzen zaie jendearen bizia salba dezaketen zerbitzuetan murrizketak egitea. Gainera, elkarte horietako askotan boluntarioek egiten duten lana nabarmendu dute.

Hilabeteak daramatza egoera zailean Nafarroako DYAk. Iazko uztailean ateratako txosten baten arabera, 170.000 euroko zorra zuen Gizarte Segurantzarekin, osasun profesionalekin eta hornitzaileekin. Arrazoia: diru sarrerak nabarmen gutxitu zaizkio azken bi urteetan. 700 bazkide eta babesle inguru ditu egun DYAk Nafarroan. Baina haien ekarpenak gutxitu egin dira azken urteetan. Festa, kontzertu, kirol ekitaldi eta halakoetan zerbitzua emateagatik jasotzen duten dirua ere urritu egin da. «Ulergarria iruditzen zaigu, haiek ere egoera ekonomiko zailean baitaude. Alde horretatik, eskertu besterik ezin dugu gure bazkide eta babesleen ahalegina. Txikia bada ere, egiten duten ekarpen oro garrantzitsua da guretzat», adierazi du Javier Cruz bozeramaileak.

Baina erakundea ataka zailean jarri duena laguntza publikoen murrizketa izan da. Hala, urte hasierarekin batera erabaki zuten Nafarroako Gobernuari ematen zioten zerbitzua bertan behera uztea. Horren barruan daude larrialdietako osasun garraioak eta bilaketak, besteak beste. «Behin-behinean» hartu dute erabaki hori, Cruzen esanetan: «Gainerako erakundeekin zein elkarteekin ditugun hitzarmenei nahiz konpromisoei eutsi egiten diegu, eta hondamendiren bat gertatuko balitz bertan behera utziko genuke erabakia. Betiko profesionaltasunarekin jokatuko dugu. Jendeak ez dezala horretaz dudarik egin», ziurtatu du Cruzek.

Berez, DYAri bi diru laguntza ematen dizkio Nafarroako Gobernuak. Bat Osasun Departamentuak ematen dio, eta bestea Presidentetza, Barne eta Justizia Departamentuak. Nafarroako Larrialdi Agentziak bideratzen du azken laguntza hori. Osasun Departamentuak 230.000 euro eman zizkion iaz, eta aurten kopuru horri eutsiko diotela esan diete DYAko arduradunei. Cruz: «Horrekin anbulantzia medikudunetako erizain eta medikuei pagatzen diegu, besteak beste». Arazoa da, larrialdi agentziatik zenbat jasoko duten ez dakitela. «Gauza bakarra esan digute: jaitsi egin beharko digutela». Murrizketa %30 izan zen iaz, eta %18 inguru izatea espero dute medikudun: 240.000 eurotik, 200.000.

Cruzen hitzetan ,horrek etorkizuna zaildu die: «Bi urtean erdia murriztu digu laguntza. Horrela ezinezkoa da egungo zerbitzuei eustea. Adostasun batera iritsita ere, ezinezkoa da orain arteko baldintzei eustea». Nafarroako Larrialdi Agentziatik jasotako diruarekin bost anbulantziatako gidariei pagatzen diete, baita anbulantzien mantentzearen zati handi bat ordaindu ere: «Guk ezin dugu gastu hori guztia gure gain hartu. Horrenbestez, ezin dugu ziurtatu anbulantzia guztiek 24 orduko zerbitzua ematea. Litekeena da ordu batzuetan 2-3 gutxiago egotea». Egun, zazpi dituzte Nafarroa osoan. «Baldintza hauekin, ezinezkoa da zerbitzu txukun, kalitatezko eta konprometitu bat eskaintzea».

Ez dute ulertzen Nafarroako Gobernuaren jarrera. Hori dela eta, eskari argia egin diote. «Finantza dezala gure zerbitzuen %100. Berez, nahikoa merke ateratzen zaie, boluntarioek ez baitute ezer kobratzen. Egungo larrialdi nahiz babes zibileko egiturari eusteko benetako apustu bat egiteko eskatzen diogu. Izan ere, uste dugu ez duela behar bezala aitortzen gure erakundeak eta antzekoek egiten duten ekarpena. Boluntarioen lanari ez zaio behar besteko balioa ematen».

Nafarroako Larrialdi Agentziako langileek kezka azaldu dute, DYAk zerbitzua emateari utzi dionetik sortutako egoeragatik. Zerbitzua gainezka dagoela salatu, eta iritsi ezinda daudela adierazi dute. Cruzek esan du ulertzen dutela ezinegona. «Gu geundenean zerbitzua jada oso justu zebilen, eta kezkatuta gaude horrekin. Baina gure egoera zein den ulertzeko eskatzen diegu». Herritarren aldetik, berriz, babes guztia sentitzen dute: «Ulertzen dute zergatik hartu dugun erabaki hori. Badakite zein den gure urteetako ibilbidea».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere egoera zailean dago DYA. Iazko ekainean atera zuen lehiaketa publikora larrialdiko osasun zerbitzua Eusko Jaurlaritzak. Azaro amaieran jakinarazi zuen Espainiako Ambuiberica eta Iscan enpresei eman ziela hamarkada luzez DYAk eta Gurutze Gorriak eskainitako zerbitzu gehiena.

Gurutzeko Gorriak Gipuzkoako eta Arabako hainbat zati baino ez zituen lortu. DYAk, berriz, bakar bat ere ez. Lehiaketan prezio merkeena eskaini zuten Ambuiberica eta Iscan enpresek. DYAk «irregulartasunak» salatu zituen. Erabaki horrekin zerbitzuaren kalitatea okertuko zela salatu zuten, eta adierazi zuten zentzugabea iruditzen zitzaiela halako zerbitzu baten lehiaketan soilik irizpide ekonomikoak kontuan hartzea. Ukatu egin zituen irregulartasunak Jaurlaritzak, eta lehiaketaren gardentasuna defendatu.

Orain egun batzuk, DYAko eta Gurutze Gorriko langileek agerraldia egin zuten. Eta kezka azaldu zuten beren egoerarekin, eta Eusko Jaurlaritza berriari eskatu zioten neurriak hartzeko, eta DYAko eta Gurutze Gorriko langileen postuei eta lan baldintzeieusteko. Izan ere, nabarmendu zuten Ambuiberica «kaleratze masiboak» egiten ari zela.

SOS Deien egoera

SOS Deiak zerbitzuan ere nabaritu dituzte murrizketak, ELA sindikatuko Edurne Iriondok azaldu duenez. Iazko apirilean Eusko Jaurlaritzak Bizkaian zentralizatu zuen zerbitzua, Gipuzkoako eta Arabako zentroak kenduz. Telefonoa hartzen ari ziren langileei eragin zien neurriak, ez haiek kudeatzeaz arduratzen ziren ertzainei. «Esaten zuten zerbitzua hobeto kudeatzeko egiten zutela bateratzea. Baina ez zuten egin bideragarritasun plan bat ere hori frogatzeko».

Iriondoren arabera, zerbitzuan mozketa bat besterik ez zuten egin nahi: «Ondoren, berriro ere lehiaketa publikora atera zen, eta zerbitzua emateko aurreikusten ziren langileen orduak %25 murriztu ziren: urteko 88.876 izatetik 66.656 izatera».

«Begi bistakoa» zen Iriondoren ustez. erabaki horrek zerbitzuari kalte egingo ziola. Susmo txarrak bete egin dira: «Hasieran, langile bakoitzak bere lurraldeko deiak jasotzen zituen. Baina, orain, lurralde guztietakoak. Horrek ez du zentzurik». Zergaitia: «Langile bakoitzak ondo ezagutzen zuena bere lurraldea zen. Horizen deiak azkar eta eraginkortasunez bideratzeko gakoa. Funtzionamendu berriarekin atzerapenak eta gaizki ulertuak egon dira, normala denez ezinezkoa delako langileek hiru lurraldeetako herri, auzo eta erreferentzia gune guztiak ezagutzea. Hamabi orduko prestakuntza bat baino ez zieten eman horretarako». Aurreko funtzionamenduari eutsi izan baliote, halakorik ez zela gertatuko ziur da. «Lehen azkartasuna eta eraginkortasuna bermatuta zeuden, eta hori da funtsezkoena larrialdi zerbitzu batean».

Gaizki ulertu horietatik harago, deien bideratzea eta kudeaketa prozesua luzatu egin dela salatu du Iriondok. «Bilbon deiak egin ondoren, lurralde bakoitzera deitu behar dute. Han jarraitzen duten ertzainek kudeatzen dituzte deiak. Lehen, deia hartzen eta bideratzen zutenen arteko harremana askoz zuzenagoa eta gertukoagoa zen, hori ere oso inportantea zen, gauzak ondo egiteko».Gainera, zerbitzua ahalik eta onena izateko Gasteizko eta Donostiako dei zentroetan inbertsio bat egin zela gogorarazi du Iriondok. «Hori guztia erabili gabe dago orain, eta kostu bat du: ura, argia...».

Langileen artean egoerak «ezinegona eta frustrazioa» eragin dituela nabarmendu du. «Profesionalak dira, eta gauzak ahalik eta ondoen egin nahi dituzte. Haien lehentasuna ahalik eta zerbitzu onena ematea da, baina ikusten dute ez dietela horretarako aukera ematen, ez dela beraien lana kontuan hartzen».

Langile batzuek lana uztea erabaki zuten zerbitzua bateratu zenean. «Ez zitzaien errentagarria ateratzen Bilbora joatea, eta kalte-ordaina onartzea erabaki zuten askok. Izan ere, haien soldatak oso txikiak dira». Joan zirenei bidaien gastuaren %70 ordaintzea onartu zuen enpresak hasieran, baina abendutik ez dute hori kobratzen. «Gainera, askok auzitegietara jo dute, ez zietelako onartu lekualdatzea zenik. Beraz, hutsetik hasi behar izan dute».

Horrelako zerbitzu batean murrizketak egitea «zentzugabea eta bidegabea» iruditzen zaio Iriondori:«Ongizate estatua hankaz gora jartzen ari dira, eta, horren barruan, hau neurrietako bat da».

Iriondok berretsi du halako zerbitzuen defentsa egiten jarraituko dutela. «Ez dituzte behar beste estimatzen. Jendearen bizia salba dezaketen zerbitzuak dira, eta babestuta egon behar dute. Gure aldarrikapena beti egongo da hori. Nahiz eta zaila izan, zerbitzua lehengo baldintzetara itzultzea nahiko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.