Armagintza. Nuklearren bilakaera

Suntsipen handiko burbuila

Buru nuklear kopurua behera egiten ari da munduan, baina mota horretako armak garatzen ari dira estatu nuklearretan, nazioarteko itunak hautsiz. Hala salatu berri du aurtengo SIPRI txostenak.

Munduko lehen test nuklearra —argazkian— AEBek egin zuten, 1945eko uztailaren 16an, New Mexikoko Trinityn. 20 kilotoi zituen bonbak. BERLYN BRIXNER.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2013ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Arma nuklearrak dira, askogatik, pertsonek asmatutako suntsipen tresna indartsuenak». Pierre Claude Nolin quebectarrak esana da, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen 2004ko Asanblea Parlamentarioan, arma nuklearren ugaltzeari buruzko jardunaldi batzuetan. Indar suntsitzaile horren kontrolak egun mundu mailan daukan garrantziaren neurria, bi datutan: NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna190 herrialdek izenpetu dute (munduan estatu gehien bildu duen nazioarteko ituna da); eta itun horrek arma nuklearrak edukitzeko eskubidea onartzen dien munduko bost estatuek beto eskubidea daukate NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan.

AEB Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina dira, ofizialki, arma nuklearrak izateko eskubidea daukaten bakarrak. NWSArma Nukleardun Estatuak dira, arma nuklearrekin saioak egiten arituak zirelako 1967ra artean. 1968ko uztailaren 1ean NPTren testua adostu zutenean, konpromisoa hartu zuten teknologia nuklearra eta arma nuklearren inguruko teknologiarik beste herrialdeekin ez partekatzeko. Halako armakgaratzen «inongo kasutan» ez zutela lagunduko, hori ere izenpetu zuten. Eta beren armategi nuklearrak husteko eta likidatzeko negoziazioei ekingo zietela.

NPT 45 urte betetzear dago, eta SIPRI Stokholmeko Nazioarteko Bake Ikerketa Institutuak argitaratu berri duen aurtengo txostenak —aurreko beste hainbat erakunderenek bezalaxe— burbuila huts baten pare utzi du konpromiso hori: «Legez arma nuklearrak edukitzeko eskubidea onartzen zaien bost estatuak, gaur egun, arma nuklearrak jaurtitzeko sistema berriak hedatzen ari dira; edo hedatzeko prest agertu dira». Ez dutela betetzen NPT sinatzean hartu zuten konpromisoa, alegia. «Beren armategi nuklearrei mugarik gabe eusteko prest daudela ematen du», salatu du SIPRIk.

Gobernuz kanpoko erakunde horrek urteak daramatza armagintzaren garapena aztertzen, eta txostenotan nuklearrek toki berezia izan ohi dute. Aurtengo datuen arabera, iazko urte hasieran baino buru nuklear erabilgarri gutxiago zegoen munduan aurtengo urtarrilean: 4.400 inguru horietatik, 2.000 berehala aktibatuak izateko prest. Zortzi estatuk dituzte armok, SIPRIren arabera: legez halakoak edukitzeko eskubidea onartzen zaien bostek, Indiak, Israelek eta Pakistanek. Ipar Koreak bakarren batzuk izan ditzakeela ere badio, baina ez du ziurtzat jotzen. Estatu zenbaiten gardentasun faltak, izan ere, zail egiten du arma nuklearren benetakokopurua zehaztea.

Gardentasuna hauts

Informazio fidagarria lortzeko aukerak ez dira berdinak estatu nuklear guztietan. AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak beren ahalmen nuklearrei buruzko «informazio garrantzitsua» zabaldu berri dute, SIPRIren txostenean jaso dutenez. Errusiaren gardentasuna, aldiz, «nabarmen» lausotu ei da, «AEBekin 2010ean hitzartu zuen Arma Estrategikoak Gutxitzeko Itunaren baitako datuak ez jakinaraztea erabaki baitzuen». Itun horren itzalpean, Errusiak AEBei bakarrik ematen die bere arma nuklearren berri. «Txinak, berriz, lausotasuna bere disuasio estrategiako parte bilakatu du». Eta Txina armategi nuklearra handitzen ari da, NBEko Segurtasun Kontseiluko beste lau kide finkoak ez bezala.

Gardentasun eskasia iluntasun bihurtzen da arma nuklerrak edukitzeko baimen ofizialik izan ez baina izan badituztenen kasuan. Israelek, esaterako, ez du ez baieztatzen ez ukatzen arma nuklearren jabetza, baina SIPRIk uste du 80 bat buru badituela: 50en bat Jeriko II misil eta hegazkinez jaurtitzeko 30en bonba. Jeriko III misil kopurua ezin izan dute zehaztu, eta urpekoz jaurtitzeko misil nuklearrak garatu ote dituen, ezin izan duteargitu.

SIPRIren txostenak ziurtzat jotzen du, berriz, India eta Pakistan misil nuklear berriak lantzen eta material nuklearra ekoizteko azpiegiturak garatzen ari direla.

Iaz hainbeste hauts harrotu zuen Ipar Korearen programa nuklearrari buruz, azkenik, herrialdeak buru nuklear gutxi batzuk izango lituzkeelauste du SIPRIk , baina «arma nuklear erabilgarriak dituela baieztatzeko informazio publikorik ez dago».

India, Israel, Pakistan eta Ipar Korea Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik kanpo daude egun.

Etorkizuna, burbuila barruan

Arma nuklearren indar suntsitzailearen burbuila luze gabe zulatzeak, oraingoz, eskuratu ezineko ametsa dirudi. «Estatu nuklearrek dauzkaten luzerako modernizazio planek agerian uzten dute arma nuklearrek estatus eta botere erakusleak direla», nabarmendu du SIPRIk. NATOren iazko maiatzeko agiri batek, DDPR Segurtasun eta Disuasio Bideen Berrikuspenak, arrazoia ematen dio: «Aliatuen segurtasunerako berme gorena Aliantzako indar nuklear estrategikoak dira».

Azaroan, Ahalmenak eta asmoak egokitzen: NATO 2020 urtea bitartean txostena aurkeztu zuen Nicole Amelinek NATOren Asanblea Parlamentarioan. Txostenean, «munduko aliantza politiko-militar indartsuen eta arrakastatsuen» gisa definitu zuen erakundea, eta goitik behera errepikatu zituen DDPRko premisak. Argigarriena: «Arma nuklearrik gabeko mundua helburu garrantzitsua da, baina NATOk eutsi egingo dio itun nuklearrari arma nuklearrak egon bitartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.