Soslaia. Ghulam Azam

Independentzia gerrako ordaina

2013ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Bangladeshko Gerra Krimenen Auzitegiak 90 urteko kartzela zigorra ezarri dio Ghulam Azami (Dhaka, 1922), 1971n Bangladeshek Pakistandik independentzia lortu zuenean gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa gauzatzea leporatuta. Jamaat e Islami Bangladeshko alderdi islamista nagusiko presidente izan zen, eta independentzia gerran Pakistan babestu zuen. Akusazioak heriotza zigorra eskatu zuen Azamentzat, baina auzitegiak errefusatu egin du adina dela eta. «Kartzelan egongo da hil arte», zioen akusazioaren abokatu M. K. Rahmanek.

Auzitegiaren epaia Jamaat e Islamik deitutako grebaren eta protesta bortitzen erdian iritsi da, eta alderdiaren jarraitzaileen eta segurtasun indarren arteko liskarretan bi lagun hil dira. Duela hilabete batzuk Gerra Krimenen Auzitegiaren epaiketak hasi zirenetik 200 lagun hil dira istiluetan. Islamistek mendeku politikoa salatu dute. Independentzia gerran ehunka mila lagun hil ziren, eta beste hainbeste emakume bortxatu zituzten. Anwarul Haque epailearen arabera, 1971ko genozidioa «nazien genozidioarekin» soilik konpara daiteke.

XVIII. mendetik 1947ra arte, Bangladesh Britainiar Inperioaren mendean egon zen. Indiako koloniak independentzia eskuratu zuenean, bitan banatu zen: alde batetik, gehiengo hindua zuen eskualdea, gaur egungo India; eta, bestetik, gehiengo musulmana zuena, Pakistan, Indiaren ekialdean eta mendebaldean zeuden bi zatietan banatuta. Pakistanen bi zatietan erlijio bera nagusi zen arren, ezberdintasuna handia zen etniei, hizkuntzari, ohiturei eta lurraldeari dagokienez. Independentziaren aldeko borroka, Awami Ligak zuzendu zuen, eta 1971n gerra piztu zen. Indiako armadak independentisten alde esku hartu zuen, eta Pakistan bidali.

Gerra Krimenen Auzitegiak lau agintari islamista epaitu ditu azken hilabete hauetan. Horietako hiru heriotza zigorrera kondenatu ditu: Jamaat e Islamiko presidenteorde Delwar Hossain Sayeedi, Jamaat e Islamiko kide ohi Abul Kalam Azad eta alderdi bereko idazkari Muhammad Kamaruzzaman. Abdul Quader Mollah goi kargudun izandakoa, berriz, bizi osoko espetxe zigorrera kondenatu du auzitegiak. Gutxienez beste zazpi pertsona epaiaren zain daude oraindik, gehienak Jamaat e Islamiko kideak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.