Somalia. Gosetea

Somalia iheslaria

Kenyako Dadaab errefuxiatu gunera 1.500 somaliar iristen dira egunean gerratik eta gosetetik ihesi; jada 420.ooo lagun daude pilatuta munduko errefuxiatu gune zabalenean eta inguruetan.

O. Andres / G. Garcia / C. Castro
Dadaab
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Lehendabizikoa izan zen. Duela hogei urte, artean 9 urte bete berria baino ez zela, familiarekin iritsi zen, hasi berria zen gerra batetik ihesi: Somaliatik. Gaur egun, Mohamedek ez du zertan kalkulatu zein kaletatik jo —gurasoek egin behar izan zuten bezala—, bala galduren batek noiz hilko duen beldurrez. Ez du goserik ere pasatzen. Orain, berari dagokio laguntzea. Duela egun batzuetatik, Dadaabeko (Kenyako) iheslarien esparruko bere etxean babes eman die 32 ahaideri, ihesi etorri berri baitzaizkio gerra batetik eta baita gosete batetik ere.

Nazio Batuen Erakundearen iritziz, 60 urte hauetan izandako giza krisirik okerrenean murgilduta dago Afrikako Adarra. Dadaabera egunero 1.500 lagun baino gehiago iristen dira, lehorte larritik ihesi. Esparruko biztanleek —420.000— laukoiztu egin dituzte hasierako aurreikuspenak; errefuxiatu guneak gainezka egin du, eta jada ez du etorri berriak artatzeko gaitasunik. Azkeneko exodoaren aurretik, ordea, herrialdeko gunerik jendetsuena bihurtua zen, eta munduko iheslari eremurik handiena.

Dadaaben astuna da airea; kiskalgarria eguzkia; eta larruazalera itsasten da arropa. Hautsa eta lokatza ditu osagai bide estuen bilbeak, eta horien aurrez aurre pilatzen dira iheslarien bizilekuak. Labirinto bideak dira hango kale estuak, auzotan zedarrituak. Adar lehorrez, gasolina bidoi zanpatuz eta made in USA jakien lata zaharrez egindako hesitxoen azpian daude, ezkutuan, buztin eta kanaberazko etxeak.

Kenyaren eta Somaliaren arteko muga lausotik ehun bat kilometrora dago estepa idor halakoa, eta hortxe babes hartu dute gatazkatik eta lehortetik ihesean jaioterria utzi duten milioi eta erdi lekualdatuetatik batzuek. Somaliako gerra hasi zenean, 1991n, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak hiru eremu sortu zituen: Ifo, Hagadera eta Dagahaley —dozena bat kilometro daude elkarren artean—; kanpalekuari aterpe ematen dion Kenyako eskualdetik datorkio jatorrizko izena, Dadaab.

Kinka larrian

Teorian, behin-behinekoak ziren esparruak, 90.000 pertsonari babes ematekoak. Gainpopulazioak, baliabide urritasunak eta lehorteak kinka larrian jarri dute eskualde erdibasamortua. Ekainetik uztailera bakarrik, 76.000 lagun babestu ziren Dadaaben. UNHCR-ren kalkuluen arabera, Somaliako egoerak okerrera egin duenez, urtea amaitzerako milioi erdi bat lagun izango dira esparruan. NBEk gosetea eremu izendatu ditu herrialdeko bost eskualde —biztanleen %30 baino gehiago, 3,7 milioi inguru, malnutrizio akutuak jota daude—, eta Al Shabaab milizia islamistak —eskualde ugari ditu kontrolpean— betoa jarri die nazioarteko erakundeei.

«Duela urte batzuetatik, artatu daitekeen baino jende gehiago dago. Orain krisialdian sartuta gaude, eta lehendik ere larria zen egoera», azaldu du William Spindlerrek, UNHCR-ren Dadaabeko bozeramaileak. «Jende pilaketak erraztu egiten du izurriak hedatzea; ez dago behar beste tokirik, ez instalaziorik, ez eskolarik. Gainera, hainbat gizarte arazo dakartza. Jende asko da, hain eremu txiki baterako».

Etorri berriei harrera egiten dieten esparruko ate aurrean, ehunka pertsona daude pilatuta. UNHCR-rekoek laguntza kit txiki bat ematen diete— janaria, arropa, sukalderako eta garbiketarako tresnak, eta kanpadenda bat egiteko osagaiak—, eta larrialdiko osasun laguntza. Hala ere, erroldatzea da urratsik garrantzitsuena, horren bidez lor baitezakete iheslari txartela. Txartel horren bidez, lur sail txiki bat eskuratu dezakete —kanpadenda jartzeko—, hamabost egunetik behin janaria jaso, eta osasun, eskola eta gizarte laguntza izan. Urrats hori egiteak bizpahiru egun eskatzen zituen duela pare bat urte; baina egungo baldintzetan, 23 egun ere izan daitezke, eta, batzuetan, lau edo sei aste ere bai.

Errolda handitu ahala, Dadaab txiki bat bihurtu da Mohameden lur saila. Senitartekorik gazteenek zerupean egiten dute lo; zaharrak eta haurrak, berriz, etxolako bi gelatan daude pilatuta. Badu horretarako modurik Mohamedek —29 urte ditu, aurpegi biribila, eta begitarte irribarretsua—. UNHCR-rentzat lan egiten du, esparruan hazi eta hezitako beste hainbat gaztek bezala; itzultzaile aritzen da, eta hilean 50 bat euro irabazten ditu. Ez da asko, ezta Dadaaben ere.

Urritasuna izaki nagusi, ezinbestekoa eta ohikoa da komunitate lotura. Are gehiago, iheslaririk gehienek ez dutelako halako ahalbiderik, eta agentzien laguntzei esker iraun behar dutelako ezinbestean. «Mendekotasun sindromea dugu, gobernuz kanpoko erakundeei eskatu ohi diegulako den-dena. Eta hori ez da desiragarria», azaldu du Omar Abdik; 29 urte ditu, Mohamedek bezala, eta hogei urtean bizi izan da esparruan. Hilaren amaiera denez, urri dute janaria. Hamabost egunetik behin banatzen dituzte jakiak, eta, horretan eskarmentu luzea duenez, honela azaldu du zikloa: «Lehenengo bost egunetan, guztiek dute zer jan, eta jendea pozik dago. Hurrengo bost egunetan, artean bada jatekorik, baina ez dute egunean bi aldiz jateko lain, eta kontu kontari ematen dugu denbora. Azken bost egunak, berriz, isilik ematen ditugu».

Mundu oso bat

Hala eta guztiz ere, bizimodu propio egiteko, baztertua dute behin-behinekotasuna, iheslari esparru guztietan hain ohikoa dena. Esparruan denetarik dago: azokak, te etxeak, kafetegiak, jatetxeak, hotelak eta telebista ikusteko guneak —hara biltzen dira gazteak, irrika bizian, Premier League txapelketako futbol partidak ikustera—. Mundu oso bat; hori bai, latorriz, buztinez eta zurez egindako eraikinetan, zorua hareazkoa dutenetan betiere.

Ezin hitz egin, ordea, garapen ekonomikoaz, behin-behinekotasunaren arabera hartzen baititu erabakiak UNHCRk. Hauxe adierazi du Juergen Feldmannek, duela gutxi arte Care gobernuz kanpoko erakundeak Dadaaben izandako arduradunak: «Helburua da gaitasuna sustatzea, bizirik iraun ahal izateko zerbait, eta ez ondasunak pilatzeko. Hori ez letorke bat Iheslarien Estatutuarekin. Asmoa da iheslariak noiz edo noiz beren herrialdera itzultzea».

Utopia bat, oraingoz. Ez da urrutitik ere sumatzen Somaliako gerraren amaia, eta oraingo goseteak larritu baino ez du egin egoera. Eta biztanleek bizia arriskatzen dute, oraindik ere, Dadaabera bidean. Eta hori Kenyak Somaliarekin duen muga —682 kilometro— ixtea erabaki zuela 2007an, segurtasun arrazoiak zirela bitarteko. HRW Human Rights Watchek 2009ko txostenean salatu zuen, hain zuzen, Kenyako poliziek hainbat ondorio jasanarazi dizkietela asilo eskatzaileei: «Estortsioa, atxilotzeak, indarkeria eta deportazioa». Horrez gainera, UNHCRk adierazi duenez, lekuko batzuek salatu dute hainbat milizianok eta bidelapurrek bortxaketak eta beste hainbat gehiegikeria egin dituztela.

Bada muga ixteko beste arrazoi bat ere: lur falta. Kenyako Gobernuak 1991n UNHCRri lagatako lur sailak ez zuen gehiagorako ematen. Negoziazio luze batzuen ostean, 2009ko amaiera alderaUNHCRk lortu zuen Kenyak onar zezala beste eremu bat eraikitzea (Ifo 2). Esparru berria iaz zuten irekitzekoa —ospitale, eskola eta osasun etxe eta guzti—, baina geldiarazi egin zuten Kenyako Gobernuaren eskabidez. Orain, larrialdian egonik, hura okupatzeko baimena eman dute, eta han espazio berriak egokitzekoa, baina oraindik ere ez dago nahiko lur. «Kenyak Europako beste edozein herrialdek baino iheslari gehiago hartu ditu urtebetean. Gaitza da egoera», zuritu nahi izan du Spindlerrek

Presio eltze bat bihurtua da esparrua, eta Kenya beldur da horrek ez ote duen kolokan jarriko eskualde txiroa. Gero eta handiagoa da tokiko biztanleen egonezina. Ez dituzte iheslarienak baino askoz bizi-baldintza hobeak. «Hemen jasan behar ditugu iheslariak, gure baliabideak amaitzen dituztela; eta agentzien kamioien joan-etorriak, bideak txikitzen dizkigutela. Eta, ordainetan, ez dugu inolako onurarik», dio Sadiqek, herriaren garapenerako zinegotziak. Begi bistakoa da tokiko biztanleen eta iheslarien arteko gatazka. Eskualdeko basoak soiltzea egozten diete bertakoek iheslariei. Ifoko buru Mohamed Noor Aidinek azaldu duenez, «esparrutik kanpo egur bila irten ohi diren emakumezko iheslariak bortxatu eta jipoitu dituztela salatu dute hainbatek».

Etorkizun lausoa

Egoera ezinago prekarioa dela ikusirik, alde egin nahi dute iheslari askok, hala nola Mohamedek, preso sentitzen baita. Hogei urtean bizi da Dadaaben itxita, eta ia-ia ez du horko bizialdiaz aurreko oroitzapenik. Ez da samurra. Hautabidea ez da Somaliara itzultzea. Hogei urte hauetan, sei hilabetean baino gehiago gerrarik gabe ez dira egon herrialdean. Hamalau baketze saio izan dira, baina bakar batek ere ez du emaitza onik ekarri. Horren erakusle da presidentearen ezizena; Sharif Sheik Ahmedi Muqdishokoalkatea esaten zioten herrialdea ezin zuelako kontrolatu —Al Shabab miliziak inguratuta zegoen—.

Bada beste aukerarik ere: Kenyan geratzea; hori bai, paperik gabe. Kenyako agintariek baimen berezi bat galdegiten diete iheslariei, esparrutik irten ahal izateko; baimen hori tarteka baino ez diete ematen, eta, hala, haien mugitzeko eskubidea urratzen. Hala eta guztiz ere, kalkuluen arabera, dozenaka mila somaliar bizi dira eta ari dira lanean modu araugabean.

«Sabairik eta harresirik gabeko kartzela batean gaude, eta, hemendik, zerura baino ezin dugu begiratu», laburbildu du Mohamed Noor Aidinek. Mohamed, berriz, alde egitekotan dabil, legezko bide bakarretik eta berme osoarekin. Ia hiru urteren ostean, espero du aurki joatea; Ameriketako Estatu Batuetaraino joko du, eta, han, unibertsitate ikasketei ekingo die, eta interprete lanean aritzeko itxaropena ere badu. Birkokatze aukera, baina, esparrura 1991n eta 1992an iritsi zirenek bakarrik dute; esate baterako, Mohamedek eta Omarrek.

Ifoko azokan, te etxe moduko lokal txiki batean eserita, gogoetan ari dira eskola garaitik adiskide diren bi mutilak; gogora dakarte jaioterriko gizarte nomadak zailtasunak izan zituela hasieran esparruko muga gogor bezain ikusezinetara egokitzeko. Gogoan dituzte, besteak beste, inguruneko arriskuak, bidelapurren erasoak, nola egin ohi zuten egunero oinutsik eta urdail-hutsik eskolarako joan-etorria. «Asko aldatu da ordutik Dadaab», adierazi dute, hogei urtean bizileku izan dutena aurki utzi beharrak eragindako nostalgia halako batez. Mohamedek atzean utziko du hazleku, ezkonleku eta lau seme-alabaren jaioleku, arratsaldeko futbol partiden jokaleku eta pixkanaka etxe sendo bihurtu duen etxolaren kokagunea. Berriro hasiko da zikloa; ez da hutsik geratuko etxea. Toki horrexetan ekingo dio bere bizimodu berriari beste batek; ziurrenik, etorri berri den senitartekoren batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.