'Bateragune auziko' presoak askatzeko eskaria berritu dute

Arnaldo Otegi eta beste lau presoak askatzeko eskatu dute Joseba Egibar, Pello Urizar eta Dani Maeztuk

Erredakzioa
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Auzitegi Konstituzionalak Sorturi buruz hartutako erabakiak Bateragune auziko bost presoen egoera ekarri du lehen planora.Ezker abertzaleak erabakiaren berri izan bezain laster izan zituen gogoan Arnaldo Otegi, RafaDiez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jazinto. Atzo, beste alderdi batzuetako bozeramaileek ere Bateraguneko presoak askatzeko eskaera plazaratu zuten. Joseba Egibar (EAJ), Pello Urizar (EA) eta Dani Maeztu (Aralar) askatzearen alde agertu ziren. Jose Antonio Pastorrek (PSE), berriz, Bateragune auziko epaiareneta Auzitegi Konstituzionalak Sorturi hartutako erabakiaren arteko kontraesanak nabarmendu zituen.

Joseba Egibar EAJko bozeramailearen ustez, «zentzugabea» da Bateragune auziko zigortuak espetxean jarraitzea. Joseba Egibarren ustez «nekez» atxiki daiteke kartzelan ETAren indarkeriaren desagerpena bultzatzen ari ziren pertsonak. «Zentzugabekeria bat da, baina estatu arrazoiak behartzen du ez onartzera jatorrizko huts egitea, hau da, pertsona horiek atxilotzea ETAko kideak direlakoan», adierazi zuen atzo Joseba Egibarrek Eusko Legebiltzarreko korridoreetan. Dena den, Joseba Egibarrek uste du ezker abertzaleak «biktimismoarekin» jarduten jarraituko duela. «Ahalik eta normaltasun gehiagorekin, biktimismo gutxiago eta ez dakit normaltasuna ote den ezker abertzaleak nahi duen agertokia», gehitu zuen EAJko bozeramaileak kazetariek egindako galderei erantzunez.

Espainiako RNE irratiari egindako adierazpenetan ere aipatu zuen Joseba Egibarrek Bateragune auzia. «Espainiako Estatuko aginteak absurdu baten aurrean daude, oso zaila delako ETAk indarkeriarekin jarraitzeko estrategiari hauspoa ematea, ETAk behin betiko uztea iragarri duenean. Bateragune auzia kutsu politiko nabarmena duen erabaki horietako bat da, errealitate sozialarekin bat ez datorrena eta ETArekin berarekin bat ez datorren, armak behin betiko uztea iragarri duelako».

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Bateragune auziko presoka berehala askatzeko eskatu du, Auzitegi Konstituzionalak Sorturi buruz hartutako erabakia eta Auzitegi Nazionalak aste honetan bertan D3M eta Askatasuna auziari buruz hartutakoa kontuan hartuz. «Normalizazioaren bidean, urratsak egitea pozgarria da, baina ez da bidezkoa batean kale, eta bestean bale esatea», adierazi zuen Pello Urizarrek. «Badago jendea espetxean Batasunaren aldaketa prozesua hasteagatik, kalera atera behar dute». Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, urrats gehiago eskatu ditu Bateragune auzia gogora ekarriz.

Kontraesana

Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileorde eta legebiltzarkideak ere gogoan izan zituen Bateragune auziko presoak, eta politika egiteagatik espetxean dauden pertsonak kaleratzeko eskatu zuen. Halaber, Alderdi Legea ezeztatzeko eskatu zuen «ez dadila egon epaiketa politiko gehiagorik eta ideien legez kanporatzerik». Maezturen ustez, Sortu legezko izatea albiste ona da normalizazio politikoa lortzeko, baina ez da nahikoa Alderdien Legeak ahalbidetzen duen salbuespen legeriak irauten badu.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen ustez, «nolabaiteko kontraesana» dago Sortu legeztatzen duen epaiaren eta Arnaldo Otegik espetxean jarraitzearen artean. Jose Antonio Pastorrek uste du Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak legezko bihurtu duela euskal gizartean normala zena. PSEk epaia onartu eta harekin bat egiten duela argitu zuen Pastorrek. «Elkarbizitza indartzeko pauso garrantzitsu batda», nabarmendu zuen PSE-EEko bozeramaileak. Arnaldo Otegi eta Bateragune auziko gainerako presoak askatzeko eskaerari buruz galdetuta, Pastorrek onartu zuen kontraesana dagoela Otegi espetxean atxikitzeko doktrinaren eta Sortuaren kasukoaren artean. Otegiren kaleratzea Justiziaren esku dagoela gogoratuta, euskal gizartean gehiengoa askatzearen alde dagoela eta iritzi hori epaileek kontuan hartuko beharko dutela iritzi zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.