Zabaletak esan zuen...

Iazko txapeldunak eta Ezkurdiak erreakzionatzen hasi nahi dute gaur Tolosan; Galarzaren ordez Zabala ariko da

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Jose Javier Zabaletak pilotari gazteen bertute eta gabeziak ditu. Ausardia da horietako bat, onerako zein txarrerako, eta adierazpenak egitean zintzo hitz egiten du. «Ostiralean irabazi ezean ezingo gara sailkatu», esan zuen herenegungo BERRIAn. Orduko ostirala gaur da, eta Zabaletak eta Joseba Ezkurdiak Oinatz Bengoetxearen eta Ibai Zabalaren aurka jokatuko dute Tolosan, Beotibar pilotalekuan (22:00). Zabala Ladis Galarzaren ordez ariko da, Galarza eskuko minez baitago.

Zabaletak dramatismorik gabe azaldu zuen bere esaldi borobila. Lau partida jokatu dituzte, eta laurak galdu, eta hurrengo bietan Xala-Zubieta —Hendaian, gaur zortzi— eta Olaizola II.a-Aretxabaleta dituzte zain, ondo hasi diren bi bikote. Bi horietan puntua urratzea zaila izango denez, gaur dute aukerarik onena lehen itzulia garaipenen batekin amaitzeko. Galduz gero, gainera, jardunaldiaren bukaeran hiru garaipeneko desabantaila izan dezakete laugarren sailkatuarekiko. Beraz, final bat da? Ia-ia.

Aurrean azken hiru partidak galdu dituen bikote bat izango dute. Horien egoera ere zaila da, baina gaur irabazita sailkapeneko tropeleko erdi aldera igoko lirateke. Bengoetxea VI.ak bikote berria izango du: Ibai Zabala. Ladis Galarza eskuko minez dago, eta haren ordez ariko da. Galarzari pilota bat sartu zitzaion eskuan aurreko partidan, eta minez egin du aste osoa. Luzaidekoa ez zebilen bereziki fin azken partidetan,urduri jokatzen eta huts asko egiten. Astebete geldirik egoteak mesede egin diezaioke.

Zabalak badu esperientzia, aurretik txapelketan parte harturikoa baita. Kailuko arazoekin bi hilabetez geldirik egon ondoren, abenduan hasi zen jaialdiak jokatzen, ondo gainera. Harritzekoa da Asegarcek berriztarra aukeratu izana Aritz Beginoren aurretik —txapeldun 2010ean—. Auzakoa emaitza bolada txar batean murgilduta dago.

Jaialdiko lehen partidan Bigarren Mailako binakako txapelketako ligaxka hasiko da. Mendizabal III.ak eta Tolosak Victorren eta Untoriaren aurka jokatuko dute. Guztira sei bikotek hartuko dute parte ligaxkan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.