joxerra senar
Krisia Nafarroako Gobernuan. Analisia

Ezkutuko botereak

2014ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Historiaren irakaspenak aintzat hartu behar dira beti, baina era berean, uneak beti ez dira berberak, ezta protagonistak ere. Politikaren taula gainera igotzen direnak, ez bederen. Eta hori jada diferentzia handi bat da. Izan ere, Yolanda Barcina ez da Miguel Sanz. Gaur egun Barcinak dituen zailtasun guztien jatorria eta arrazoi nagusia Sanzen gestioan datza. Nafarroako Kutxaren desagerpena edo finantza publikoen zuloak ez ditu Barcinak sortu. Garai oparoetako diru xahutze eta kontabilitate trikimailuen emaitza dira. Austeritatea aldarrikatzen duen alderdi horrek berak eragin du zorraren igoera esponentziala.

Erruak erru, Barcinak ez duen gaitasuna zuen Sanzek. Tematia eta burugogorra baina irekia, 2007an PSOErengana hurbildu eta proposamen bat egiteko gaitasuna izan zuen. Zazpi urte beranduago, Barcinak nahi du, baina ezin du. Bere jarreraren biktima da. Ustelkeria leporaino duela, zer dio PSOEri eskaintzeko? PPrekin ituna berregin ostean, Rubalcaba jada ez dago telefonoaz bestaldera.

Haatik, Barcina ez da arazo nagusia. Oposizioak badaki erregimenaren itzaletan mugitzen diren botere faktikoak, horiek bai, direla arriskutsuak. Adibidez, nabarrismoaren armarik ezagunena, une erabakigarrietan politika egitera jokatzen duen Cordovillako egunkaria. 1996koa maisu lana izan zen. Ez zuen berehalakoan hiruko gobernua eraitsi. Unea hautatu zuen. Noiz eta organo komunaren mamua atera zenean. Astebetera, gobernua hilzorian zen. Gehiago ere badira: CEN, Antonio Catalan bera...

Roberto Jimenezek, gainera,fidagarritasunik ez du ematen. Boterera heldu nahi du. 2011n akats estrategikoa egin zuen ez zuelako antzeman atzeraldia zetorrela eta murrizketek eragindako presioari iskin egin ezinik urtebetera gobernua utzi zuen. Agian, Jimenez da botere faktikoen itxaropena, Barcina oposizioaren itxaropena den bezala. Izan ziur itzalpeko botereak operazioaren hariak mugitzen hasiak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.