Argindarra %5 eta %7 artean garestituko da apirilean

Espainiako Gobernuak ia %15 gutxituko du gastu publikoa, baina ziurtatu du BEZa ez duela igoko

2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Apirilean argindarra %5 eta %7 artean garestituko da hego euskal herriko erabiltzaileentzat. Berez, igoera horrek, tarifa arautua duten erabiltzaileei bakarrik eragingo die, hamarretik zortzi ingururi. Baina merkatu librera jauzia egina dutenetako askok tarifa arautuan oinarritzen diren kontratuak dituztenez, azkenean, ia erabiltzaile guztiek antzemango dute igoera.

Berria Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak aurreratu zuen atzo, igoeraren zenbateko zehatzik eman gabe. Adierazi zuen Espainiako Gobernuak ez duela bere gogoz erabaki argindarraren prezioa igotzea; Auzitegi Gorenak behartu duela horretara. Argindar konpainia handiek jarritako salaketaren harira, auzitegi horrek legez kanpokotzat jo zuen urtarrilean prezioa izozteko hartutako erabakia, izozte horrek tarifek eragindako defizitak legeak baimentzen duena —aurten 1.500 milioi euro— baino gehiago handituko lukeelako. Horregatik, argindarra garestitzeko agindu zion Madrili.

Soriak azaldu zuen ez direla kontsumitzaileak izango Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondorioak sufrituko dituzten bakarrak, argindar konpainiek eta estatuak ere nabarituko dituztela. Izan ere, erabakiaren zama guztia erabiltzaileen bizkar lagatzera, argindarra %40 inguru garestitu beharko zatekeela argitu zuen Industria ministroak.

Argindarraren tarifak bi zati izaten ditu. Erdia, sarbideko tarifa deritzona, Espainiako Gobernuak erabakitzen du eta fakturak estaltzen dituen jarduera arautuak ordaintzea da haren helburua. Beste erdia, energiaren kostuei dagokiena, argindar konpainiek erabakitzen dutehiru hilean behin egiten dituzten enkanteetan. Joan den astean egin zuen aurtengo aurrena, eta argindarraren prezioa %7,1 merkatu zen. Horrek esan nahi du apirilean argindarraren tarifa %5 eta %7 artean igotzen bada, Espainiako Gobernuak %10 eta %14 artean igoko duela berari dagokion partea.

Aurrekontuak, etzi

Igoeraren zenbateko zehatza ostiraleko Ministroen Kontseiluan erabakiko dute. Eta Soriak atzo aurreratu zuenez, tarifek eragindako defizita murrizteko hainbat neurri ere aztertuko eta hartuko dituzte bilera horretan.

Baina ez dira erabaki garrantzitsu bakarrak izango,2012rako aurrekontuak ere orduantxe onartuko baitituzte. Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak atzo Seuldik (Hego Korea) aurreratu zuen «oso zorrotzak» izango direla, inork espero baino gehiago, gastu publikoa ia %15murriztuko dutelako. Estatuaren diru sarrerak handitzeko neurriak hartuko dituela ziurtatu zuen, alegia, zergak igoko dituela, eta funtzionarioen soldatak izoztuko.

Hori bai, hartzen dituen neurriekin «justua eta zuzena» izaten saiatuko dela adierazi zuen, «eta kontsumoa gehiago ez kaltetzen». Hortik ondoriozta daiteke BEZ balio erantsiaren zerga, behintzat, ez duela igoko. «Ez dut aurreratu nahi hilaren 30ean onartuko duguna, besteak beste, erabat ixteke dagoelako, baina esan dezaket ez doala kontsumoaren gaineko zergak igotzeko bidetik».

2012rako aurrekontuak onartuta, erreforma ziklo berri bati ekingo dio Espainiako Gobernuak. Eta Raxoiren hitzetan, «orain artekoak bezain garrantzitsuak izango dira», zerbitzu publikoei, Administrazioari eta energiaren merkatuari eragingo dielako, besteren artean. «Ez dut gogoratzen gobernurik lehen ehun egunetan horrenbeste erreforma egin dituenik, eta biharko greba orokorra horren ondorio da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.