Lehia bai, baina istilurik gabe

Euskal selekzioaren eta Peruren arteko partidan «istilurik» ez izateko neurriak hartuko dituzte San Mamesen

Etxarri, De Marcos, Aduriz, Susaeta eta Amorrortu, euskal selekzioaren maskotarekin, atzo, San Mamesen, aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Futbolzaleek partida berezia izaten dute Eguberrietan. Badira urteak euskal selekzioak lagunarteko partida jokatzen duela urte amaieran. Milaka dira lehia hori egutegian seinalatuta daukaten herritarrak. Aurten Peruko selekzioa izango du aurkari euskal selekzioak. Hilaren 28an jokatuko da norgehiagoka, 20:45ean. Euskal selekzioak lehen aldiz jokatuko du San Mames berrian, eta han egin zuten aurkezpena atzo. «Katedral berrian egitea berezia izango da», adierazi zuen Luis Mari Elustondok, Euskadiko Futbol Federazioko lehendakariak.

Iaz Anoetako estadioan Boliviaren aurka jokatutako partidan izan ziren istiluengatik «arduratuta» daudela adierazi zuen Jon Ander Gamboa federazioko idazkariak: «Euskal futbolari kalte egiten zaio horrelako jarrerekin». Berriro gerta ez dadin neurriak hartuko dituzte aurten, etaadierazi zuen estadioko segurtasun enpresarekin, Eusko Jaurlaritzako Kirol Sailarekin eta Ertzaintzarekin batera protokolo bat adostu dutela.

«Operatibo garrantzitsua» izango da San Mamesen. Ate guztietan miaketak egingo dituzte legez kanpoko materialak sartzea saihesteko. Partida «jai erraldoi» bat izatea nahi duela esan zuen: «Jarrera eredugarria gailentzea nahi dugu, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena egiteko, ez kontrakoa». Aurten dena ondo ateratzea nahi dute. «Nazioarteko erakundeen begiak gainean ditugu: FIFA eta Espainiako Futbol Federazioa kasu». Istiluak berriro gertatuz gero horien betoa egon litzakeela adierazi zuen. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako kirol arduradunak antzeko hitzak izan zituen. «Iaz lotsa eta pena sentitu nituen. Emandako itxura negargarria izan zen». Aurten «jaia eta aldarrikapena era zibilizatuan ematea» espero du.

Garaiz joateko deia

Partida ikustera garaiz eta denborarekin joateko deia egin zuen Nerea Zalaberriak, federazioko lehendakariordeak. Estadio barrura sartzeko sor daitezkeen arazoak saihestu nahi dituzte horrela. Itxaronaldia girotzeko zenbait ekitaldi antolatzen ari dira: «Bertsolari batzuekin hitz egiten ari gara». Zehaztu ahala emango dute ekintza horien berri. Bestalde, webgune berri bat zabaldu dutela adierazi zuen Zalaberriak.

Jose Maria Amorrortu eta Mikel Etxarri izango dira selekzio lanetan arituko direnak. Atzo esandakoaren arabera, oraindik ez dute jokalariekin hitz egin. Hilaren 23an emango dute deialdia.

Federazioaren webgunean eta Kutxabank-eko kutxa automatikoetan eskuratu ahal izango dira sarrerak, 13tik 26ra bitarte. San Mameseko leihatiletan eta Araba eta Gipuzkoako Lurraldeko Federakuntzako egoitzetan ere eskuragarri egongo dira. 18 eta 25 euro arteko salneurria izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.