'Cowboy' zaharrak itzuli dira

San Antonioko izar beteranoak NBAko finalera itzuli dira berriz sei urte geroago, eta Miamiren indarrari aurre egiten saiatuko dira gaurtik.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Western filmetako pertsonaia klasikoa da garai hobeak bizi izan dituen cowboy-a. Iraganari nostalgiaz begiratzen dion morroi zaildua. Beste ezpal batekin eginiko jendea da, eta izpiritu hori NBAra itzuli da San Antonio Spursen eskutik. Bere onenak emana zituela zirudien Texasko talde beteranoa finalera itzuli da sei urte geroago. Duncan, Ginobili eta Parker izarrek 30 urteak ondo paseak dituzte, baina euren eskarmentu eta talentuak ondo egin du bat kide gazteagoen giharrekin. Eta euren buruan, Gregg Popovich, duela 15 urte zenarekin alderatuta, oso entrenatzaile ona da orain. Azken urte gogorren ostean, sasoi honetan galtzetan pilaturiko hautsa astindu dute, eta finalera itzuli dira. Eraztunaren lehiari ekingo diote berriz gaur goizaldean, Miamin (03:00, C+Dep.), Miami Heat eta Lebron James faborito handien aurka.

Historian aurrenekoz San Antoniok NBAko zale gehienak alde izango ditu. Zazpi urtean lau eraztun irabazi zituen mende hasieran (1999, 2001, 2005 eta 2007), eta bere jokoak ez zuen distira handirik sortzen. Talde ezin eraginkorragoa zen, baina hiri ez oso handi batekoa, eta izarrak atzerritarrak ziren eta ez bereziki ezagunak. Tim Duncan bera —jaiotzez Birjina Uharteetakoa—, askorentzat NBAko historiako hegal-pibot peto onena, AEBetako kirol izar aspergarriena izendatua izan zen. Txapeldun grisa zen liga mugitzen duen irudi merkatuarentzat, eta, gainera, finalak nagusitasun handiz irabazten zituen.

Sei urte igaro dira, baina, azken finala jokatu zuenetik, eta orain iritzi korrontea euren aldekoa da. Testuingurua aldatu da, eta aurkaria ere bai, orain eurek dutelako biktima rola Miami Heat iazko txapeldunaren aurka —hirugarren finala du jarraian—, baina beste guztiak berdin dirau San Antonion. Bizkarrezurra berdina da, eta entrenatzailea ere bai. Tira, nortasun agiria ere aldatu da, denak sei urte zaharragoak direlako, baina euren onena atera dute ligako defentsa onena bilakatu eta finalera iristeko. William Munny, Clint Eastwoodek Unforgiven (1992) filmean ikono bilakatu zuen pistolari zimurdunakbere tokia arazorik gabe aurkituko luke San Antonioko taldean.

Izar beteranoek ondo eutsi diote taldeari sasoi osoan. Bereziki harrigarria Tony Parker antolatzaile frantziarrak eta Duncanek berak Mendebaldeko Konferentziako finalean eginiko lana. San Antoniok 4-0 kanporatu zuen Memphis. Gakoa, baina, taldearen kudeaketa izan da. Gregg Popovichek NBAko ezohikoa den talde lana inposatu du, «europar estiloa» deitu diote AEBetako analistek, eta ordezko jokalariek pisu handia dute taldean, hala erasoan zein defentsan. Hamahiru jokalarik hamahiru minututik gora jokatu dituzte partidako ligan, eta zortzik hogeitik gora. Nekea ondo kudeatu du Popovichek eta multzoa fresko iritsi da kanporaketetara. Finalaren bezperan ere astebeteko atsedenaizan du.

San Antonio, era berean, puntu gutxien jaso duen taldea da eta asistentzia gehien eman duena. Erasoan, berriz, oreka. Zortzi jokalarik hamar puntu baino gehiago sartu dituzte. Izar hirukotearen alboan, Kawhi Leonardek, Danny Greenek, Gary Nealek, Boris Diawek eta, batez ere, Thiago Splitterrek taldeari hazten lagundu diote. Splitter Baskoniako kutun ohi brasildarrak bigarren urtea du taldean eta asko lagundu dio Duncani piboten zaintzan.

Baina finalean betikoek hartu beharko dute ardura. San Antonio lau aldiz iritsi da finalera eta lauetan irabazi du eraztuna. Duela hamar urteko finalean (4-2 irabazi zion New Jerseyri) Parker, Duncan eta Ginobili taldean zeuden, eta hamar urte geroago berriz ere eurek eragin beharko dute ustekabekoa. Popovichek ondo gidatuko ditu, Harginaren kredoa jarraituz, aldagelako paretan aspaldi eskegi zuena: «Nire alde ezer ez dudala dirudienean, hargina lan egiten ikustera joaten naiz, bere mailuarekin harria nola astintzen duen. Agian, ehun kolpe eman ditzake, eta pitzadura bakar bat ere ez egin, baina ehun eta batgarrenean bitan apurtuko da, eta nik badakit ez zuela kolpe horrek hautsi harria, aurretik gertaturiko guztiak baizik».

Izarren alboan, Kawhi Leonard hegaleko gaztearen jarduna garrantzitsua izango da, hark zainduko baitu Lebron James, Bruce Bowewenek 2007ko finalean egin zuen bezala. Orduan, baina, James Clevelanden zegoen (4-0 irabazi zuen San Antoniok), eta ez zituen Dwayne Wade edo Chris Bosh bezalako kideak. Miami da faborito, baina lan eskerga egin du Indiana kanporatzeko (4-3) eta nekea suma dezake. Wade arazo fisikoekin dabil eta San Antonio gehiago da uztaipean. Cowboy zaharrengan sinesteko arrazoiak dira. Film klasikoetan eurak izaten dira garaile, baina egungo NBAk zer ikusi gehiago du bideoklipek duten erritmo biziarekin, zuri beltzeko zinemarekin baino.

Egutegiari dagokionez, bigarren partida igandetik astelehenerako gauean jokatuko da (02:00), Miamin. Hirugarrena, hurrengo asteartetik asteazkenerako gauean (03:00), eta laugarrena, ostegunetik ostiralerakoan (03:00). Bi horiek, eta 5.a beharko balitz, San Antonion jokatuko dira. Azken biak, berriz, beharko balira, Miamin izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.