'El método Arrieta' komunikazioari buruzko filma saritu dute

Jorge Gil Munarrizek zuzendutako dokumentala nagusitu da XI. Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian
Arrieta anaiak, Lourdes eta Mentxu, filmeko fotograma batean.
Arrieta anaiak, Lourdes eta Mentxu, filmeko fotograma batean. EL MÉTODO ARRIETA

Igor Susaeta -

2013ko apirilak 27
«Amaierarik ez duen borroka baten istorioa da» Arrieta ahizpena, Jorge Gil Munarriz zinemagilearen ustez. Gorputzeko mugimenduak kontrolatzeko arazo batek elbarritutakoak izanik, Lourdes eta Mentxu begien mugimenduaren bidez airean letrak idatziz komunikatzen dira. Orain 35 urte sortu eta patentatu zuten metodo hori, eta Gil Munarriz legazpiarrak El método Arrieta dokumentala ondu du, ahizpei eta metodoari berari buruzkoa. Giza Eskubideen Donostiako XI. Zinemaldiko sari nagusia irabazi du filmak.

Ikusleen beren puntuazioek erabakitzen dute garailea. El método Arrieta-k 9,22 puntuko batez bestekoa lortu du, eta aurrea hartu die jaialdian maila horretan lehiatu diren beste 14 filmei. Bigarren sailkatu da, 8,83 puntuko batez bestekoarekin, Eneko Olasagastik eta Jone Karresek Irungo eta Hondarribiko alardeei buruz zuzendutako dokumentala (Alardearen seme-alabak). Eta hirugarren tokian geratu da, 8,28ko punturekin, jaialdia ireki zuen lana: Goran Paskaljevic serbiarraren Kad svane dan fikzioa, nazien holokaustoak Belgraden eragindako tragediaz mintzo dena.

Ia puntu baten aldea atera dio Gil Munarrizen lanak Paskaljevicenari. Moriarti produkzio etxeak ekoitzi du El método Arrieta, eta joan den larunbatean, estreinaldi egunean, emanaldirako sarrera guztiak agortu ziren. Arrieta ahizpen istorioa da. Lourdesek ingurukoekin oso era oinarrizkoan komunikatuz pasatu zituen bere bizitzako lehen 22 urteak, lehen tipoko azidemia glutarikoaren ondorioz ahotsa eta eskuak erabiltzeko ezindua zegoelako. Mentxu bost urte gazteagoa da, eta ahizparen mugimendu arloko trastorno berak ditu jaio zenetik, baina ahotsaren bidez komunikatzeko gai da, kostata bada ere.

Baina Mentxu jabetu zen begien bidez hitz egin zezakeela ahizparekin, begien irisarekin hizkiak marraztu airean. Haien istorioa maiatzaren 1ean Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Madrilgo zinema aretoetara helduko da.

Ahotsa emakumezkoei

Jaialdiko beste sari nagusia, Amnesty International (AI) erakundeak banatzen duena, Barbara Millerrek osatutako Forbidden Voices dokumentalari eman diote. Zinemagile suitzarrak ahotsa eman die, eta aurpegia jarri, hiru emakumeri: Zen Jinyan txinatarrari, Farnaz Seifi irandarrari eta Yoani Sanchez kubatarrari. Dokumentalak erakusten du emakume horiek nola aldarrikatu dituzten giza eskubideak eta askatasuna, beren askatasun propioa arriskuan jarrita, blogak eta sare sozialak baliatuz. Epaimahaiak, bestalde, aipamen berezia egin dio Basilio Martin Patino espainiarraren Libre te quiero dokumentalari, «gizartea aldatzeko kolektibo oso baten irrika» erakusteagatik.

Film laburren artean, bestalde, ikusle gazteen epaimahaiak Emmanuelle Nicot belgikarraren Rae saritu dute, bataz besteko 8,13 puntu lortuta. Ujkan Hysaj kosovoarraren Kolona sailkatu da bigarren tokian (8,00) Willem Timmers eta Ilja Kok herbeheretarrek zuzendutakoa Framing The Otherren aurretik (7,97).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna