Euskal kulturaren irudiak islatzen dituzte euskoaren bost billeteek

126.500 eusko inprimatuko dituzte orotara, eta heldu den urtarrilaren 31tik goiti erabiltzen ahalko dira

Baiona
2013ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Eusko euskal diruaren billeteen itxura ezaguna da atzodanik. Bortz billete mota badira: eusko batekoak, bikoak, bortzekoak, hamarrekoak eta hogeikoak. Billeteek dituzten argazkiek Ipar Euskal Herriko tokiak eta euskal kulturaren ikurrak islatzen dituzte; denak dira Bob Edme argazkilariarenak. Grafismoa Ramuntxo Partarrieuk egin du, eta Marcos inprimategiak inprimitu ditu.

Marcos inprimategiko Jean-Pierre Goienetxek atzo azaldu zuenez, «kopiak saihesteko teknikekin eginak» dira billete guztiak. Faltsifikatzea ez da inoiz erabat saihesten ahal, baina billete baten balioa baino garestiago aterako litzaioke hori egin nahi duenari. Inprimatzailea oso kontent agertu da proiektu «eder» honetan parte hartu duelako.

Pegatinak dendetan

Euskoa urtarrilaren 31tik aitzina erabiltzen ahalko da. Proiektuan parte hartzen duten profesionalei ordaintzeko balioko du diru horrek. Erosleek denda batek «tokiko dibisa» erabiltzen duen jakin dezaten, itsasgarriak erabiliko dituzte. «Hemen, euskoa erabiltzen dugu» idatzia izanen da itsasgarrietan. Dendan barrura sartu eta euroarekin bezala erosi ahal izango da euskoarekin.

Halaber, itsasgarriek enpresako langileen euskara maila erakutsiko dute. Hiru zenbaki agertuko dira bertan: euskara ez dakitela adieraziko du batak; euskara pixka bat menperatzen dutela biak; eta hiztun on direla hiruak.

Eusko euskal diruaren asmoa hiru zutabetan oinarritzen da: ingurumena, euskara eta gizartea. Izan ere, salerosketa bakoitzaren %3 bezeroak aukeratutako elkarte batentzat izanen da; %2 , berriz, Euskal Moneta elkarteak hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.