SEVILLA 2. ATHLETIC 1

Itogin larriak dira

Athleticek partida tamalgarria jokatu du, eta puntu bat lortzeko zorian egon den arren, garesti ordaindu du atzeko anabasaBilbo taldeak geldikako jokaldi batean jaso du aurreneko gola, liga honetako 11.a

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Negredok (4. min.); 1-1: Gurpegik (54. min.); 2-1: Negredok (86. min.); Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Sevillako, Fazio eta Cokeri; eta Athleticeko Gurpegi, Aduriz, Turraspe, Laporte, De Marcos eta Herrerari; Txartel gorriak: Sevillako Navarrori (bi hori, 72 .min) eta eta Athleticeko laporteri (bi hori, 80. min.). Bestelakoak: 15.000 ikusle inguru Sanchez Pizjuanen.

Astelehen gauak lotarako eginak daudela berretsi zuten atzo Athleticzaleak. Futbolean aritzeko ordutegi kaskarra da, beste edozertarako aproposagoa, eta ez du merezi telebistaren aurrean egotea. Athleticek eta Sevillak partida kaskarra jokatu zuten, futbola alboratu eta noizbait galdutako irakurzaletasuna berreskuratzeko modukoa. Etxekoek, baina, irabazi egin zuten behintzat.Bilboko taldeak, gainera, gaizki jokatu zuen, eta bide batez Bielsa torturatu: beste gol bat geldikako jokaldi batean.Liga honetako 11.a. Lezaman halakoak eragozteko ordu guztiak, kareletik. Bigarrena aldiz, atzeko lerroaren huts batean.Itoginak larriak dira, eta putzuak nabarmenak. Jaitsiera bederatzi puntura dago, ez da dramatizatu behar, baina hobe dute zuri-gorriek 42 puntuak ahalik eta goizen lortzea

Athleticek ezin okerrago ekin zion partidari. Lehen zatia txarra izan zen, batez ere atzeko lerroarentzat. Erromeri hutsa izan zen, ez ordenarik ezta gogortasunik ere. Lehen Mailan eman ezin daitezkeen erraztasunak eman zizkion Sevillari, eta zorionez etxekoek gol bakarra sartu zuten atsedenaldiaren aurretik. Partida hasi eta berehala izan zen (4. min). Rakiticek eskuinez, eta gurpil handiz bikain ateratako falta, Negredok buruz sareetara bidali zuen. Aurrelariak atzelari guztiei hartu zuen aurrea, eta atzean beste bi taldekide zituen errematatzeko moduan. Bielsak, etsituta, ezin zuen sinetsi.

Sevillak ez zuen partida ikusgarririk jokatu, baina ez zuen behar izan aukerak sortzeko. Rakiticek zentzu eta baloia ukitzeko zehaztasuna eta Reyes eta Negredoren desmarkeak aski izan zituen. Aurrelari bakoitzak gol aukera on bana izan zuen, atzelarien onespenarekin, baina ez zituzten baliatu. Eraso jokoari dagokionez, berriz, Athletic askotan gerturatu zen area ertzera, baina sakontasunik gabe. Llorente hasieratik aritu zen eta atsedenaldian aldatu zuen Bielsak. Bi aukera izan zituen area barruan, baina bietan, errematatu beharrean, iskin egiten saiatu zen. Ez da erraza asmatzen konfiantza edo gogo falta den.

Bigarren zatiaren lehen ordu laurdena negargarria izan zen. Zaila izango da ikuskizun eskasagorik ikustea futbol zelai batean. Faltak, txartelak, epailearen kasketak jokaldiak are gehiago katramilatzeko... Sevillak aukera garbi bat zutoinera bidali zuen jokaldi nahasi batean, eta Athleticek golarekin erantzun zion (54. min). Ibai Gomezek ezkerreko hegaletik falta bat atera eta Gurpegik ile puntaren desbideratu zuen. Bilboko taldeak merezi baino gehiago. Kapitaina izan zen, askogatik, taldeko onena, gola bat sartu eta Sevillaren bi aukera garbi zapuztu zituelako.

Golak etxekoak jota utzi zituen, eta Rakitic izan zen jokoari argi pixka bat jarri zion bakarra. Athletic, bitartean, boladaka saiatu zen. Bigarren zatian jarrera hobea izan zuen, eta Iturraspe eta Adurizen lana nabaritu zuen. Azken hogei minutuetan, gainera, jokalari bat gehiagorekin aritu ziren Bilbokoak, epaileak Navarro egotzi zuelako bigarren txartel hori zorrotza erakutsita.

Partida bukaera oso urduria izan zen. Bi taldeak hautsi egin ziren, eta hutsak, are gehiago, areagotu. Halako batean Laportek bigarren txartel horia ikusi zuen. Hamar, hamarren aurka ziren, eta Sevillak egoera baliatu zuen bigarren sartzeko (86. min). Negredo izan zen, berriz ere atzeko lerroak emaniko erraztasunak baliatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.