GETAFE 2. REALA 1

Egun txar bat baino ez

Aspaldiko partidarik kaskarrena jokatu du Realak, erasoan zein atzeko lanean, eta merezita eten da hamabost partidako boladaValentzia gertuago dago orain, baina ezin da ilusiorik galdu Txapeldunen Ligarako lehian

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Velak (4. min.); 1-1: P. Leonek (18. min.); 2-1: Barradak (38. min.).Epailea: Undiano Mallenco. Txartel horiak: Getafeko Castro, Fede eta Barradari; eta Realeko Griezmann eta Gonzalezi. Bestelakoak: 7.000 ikusle inguru Alfonso Perez estadioan. 200 inguru Donostiatik joanikoak.

Noizbait pasa beharra zeukan, eta ez da larria. Realak gaizki jokatu zuen Getafen, eta zaleek ia ahaztuta zuten irudia eman zuen. Astelehen gauez, jende gutxirekin, zelai gogorra, eskarmentu handiko aurkaria... Testuinguru aproposa zen distira gutxi egiteko eta partida kontrako eztarritik joan zitzaion Realari. Taldeak eztulka pasa zuen gau osoa, eta ez zion etekinik atera gol goiztiarrari. Liga hasierako taldea izan zen, jokoa boladaka josi eta atzean hutsak egiten zituen hura. Baina tira, edozeinek du egun txar bat etaTxapeldunen Ligako postuetan jarraitzen du. Atzokoak euforia apoldu dezake, baina ez dago ilusioa itzaltzeko arrazoirik.

Getafen txuri-urdinen majia desagertu egin zen. Etxekoek ez zuten beste munduko ezer egin, baina Donostiari amets eginarazi duen bolada merezita eten zen, Reala ez zelako izan azken lau hilabeteetako Reala. Getafek ondo lotu zuen zelai erdia, eta Pardo eta Bergara ilunpean utzi zituen. Illarramendiren iparrorratzik gabe aurreko hirukoak ez zuen baloi onik hartu. Ez zegoen zehaztasunik, ezta konbinazio bizirik ere. Saiatu zen Zurutuza atzera egiten baina etxekoek ez zioten buelta ematen utzi. Beste aukera Griezmann eta Velaren korrikaldiak ziren, baina hor ere etxekok serio. Valerak morroi gogorra dela erakutsi zuen.

Jaberik gabe hasi zen partida. Lehen zatia itsusia izan zen, gidoi jakin bat izan gabe. Bi taldeek kostata josi zituzten pase sareak, eta jokaldi isolatu batuketa horretan Getafek aukera hobeak izan zituen. Gola, halere, Realak lortu zuen lehenbizi, hasi eta berehala (4. min). Zurutuzak eskuin oinaren kanpo aldearekin erdiratu zuen baloia eta Velak, buruz eta bere zaintzaileari aurrea hartuz, gola sartu zuen area txikian. Zailena egina zuten txuri-urdinak, eta hala ere ez zen jokoan islatu. Getafek, arrisku sentsazioa bainoago ezinegona sortu zuen, urruneko jaurtiketekin eta jaberik gabeko baloietan oldarkorragoa izanez. Lehen gola, dena den, Realak oparitu zion (14. min). Markel Bergarak baloia berreskuratu zuen area ertzean, eta atzera pasatu zuen begiratu gabe. Atzeko bi erdilarien artera bidali zuen, bientzat urrun, eta Pedro Leonek bakar bakarrik atzetik sartuta banakoa sartu zuen.

Golak ez zituen sentsazioak aldatu. Reala deseroso zegoen, botetan lokatza balu bezala. Lerroak oso urrun zeudela zirudien, eta luze jokatu behar izan zuen. Norbait falta zen postari lanerako, eta Pardoren talentua ez zen ageri. Getafe, aldiz, ondo kokatua zegoen, tokia galdu gabe eta motzean astiro jokatuz. Beste jokaldi erdi isolatu batean Lafitak sustoa eman zuen (31. min), eta zazpi minutu geroago iritsi zen bigarren gola. Realak hutsa egin zuen baloia ateratzeko garaian eta Getafek gaina hartu zion. Lafitak area ertzetik jaurtiki zuen eta Bravok, blokatu beharrean, urrundu egin zuen. Aldaratzea Barradak ehizatu zuen Martinez eta De la Bellaren artean (38. min). Hiru huts pilatu ziren jokaldi berean.

Bigarren zatian Realak ez zuen hobera egin. Sasoi honetan galtzen hasitako partidei buelta ematen espezialista da, baina izaera hori ere ez zen agertu. Konbinazio bat edo beste izan zuen, baina antzuak denak. Aldaketek ere ez zuten asko lagundu, eta Getafek ez zuen asko sufritu azken hamabost minutuetara arte. Dena galduta zegoenean jokatu zuen hobekien Realak, eta Griezmannek partida berdintzeko aukera izan zuen 82. minutuan. Bolea bortitza, baina, kanpora joan zen. Donostiatik joaniko 200 zaleek gehiago merezi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.