RAYO 2. OSASUNA 2

Absurdoa bezain baliotsua

Osasunak arazo asko izan ditu Rayo gelditzeko, baina puntu bat lortu du lehen ordu laurdenean sarturiko bi golei eskerMerezi baino gehiago lortu dute gorritxoek, eta bost puntura dute orain jaitsiera

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Delibasicek (7. min.); 1-1: Loek (8. min); 1-2: Arribasek (14. min); 2-2: Pitik (56. min). Epailea: Ayza Gamez. Txartel horia Rayoko Delibasici eta Osasunako Timor, Masud eta Lolori. Bestelakoak: 8.216 ikusle. Zaleek ate bateko atzeko harmaila hutsik utzi zuten protesta egiteko eta 'Ostiraletan futbolik ez'eta 'Mafiosoak gure futboletik kanpo' zioten pankarta handi bana jarri zituzten.

Absurdoa bai, baina baliotsua. Osasunak altxorra ekarri zuen atzo Vallecastik. Ingalaterrako ligan zaleek kornerrak ospatzen dituzte, eta Sadarren aurki hasiko dira. Galtzen hasi ondoren, hamar minututan bi gol sartu zituen bi kornerretan, eta hortik aurrerako guztiak: komeriak. Rayo gehiago izan zen, eta baloia izan zuen bigarren zati guztian. Baina gol bakarra sartu zuen eta puntu bat oparitu zion Osasunari. Gorritxoek, orain, bost punturen aldea dute jaitsierarekiko, jardunaldiko beste emaitzen zain.

Jose Luis Mendilibarrek ez du berriz ikusiko atzoko partidako bideoa, badakielako ez zutela ondo jokatu. Berak ere ez zuen asmatu aldaketekin, baina maiatza hastear dagoenean pragmatikoa izan behar du. Taldeak golak sartzeko dituen arazoekin ziur pena eman ziola etxetik kanpo bi sartu eta sari handiagoa ez lortzeak, baina ez zuen merezi izan. Rayok asko jokatzen du etxean, eta gorritxoen presioa ez zen beste batzuetan bezain itogarria izan.

Partidak hasiera ezin eroagoa izan zuen. Estadiora pixka bat berandu iritsi zenari damutuko zitzaion. Rayok bere lehen aukeran sartu zuen gola (7. min), Delibasicek, buruz, Lassen erdiraketa buruz jo ondoren. Nanok ez zuen erdilaria behar bezala zaindu, eta atzeko lerroa oro har oso bigun egon zen. Jose Luis Mendilibarren haserrea ikustekoa zen, baina gutxi iraun zion, hurrengo jokaldian berdindu baitzuten gorritxoek. Cejudok bikain ateratako kornerra Loek baliatu zuen buruz gola sartzeko (8. min). Euskarriak ezin izan zuen errematean salto egin Delibasicek besarkatu egin zuelako.

Golak kalte egin zin Rayori. Jokatzea gustuko duen taldea da, baloia atzetik atera eta ukitzea. Osasunak ondo lotu zuen baina. Lan horretan nabarmentzekoa izan zen Silvaren ekina, etxekoen erdilariak bizkarrez jokatzen saiatu ziren bakoitzean ondo hartu zielako gaina. De las Cuevasek aukera garbia izan zuen, baina atezainaren aurrean bakarrik gelditu zenean Rubenek aurpegiarekin urrundu zuen baloia.Gola gertu zen eta Osasunak korner batean sartu zuen bigarrena. Arribasek sartu zuen (14. min), eta berriz ere salto egin gabe. Rayok gabeziak erakutsi zituen geldikako jokaldiak defendatzeko garaian. Goleatzaileak, Rayoko jokalari ohia, ez zuen ospatu.

Hor bukatu zen lehen zatiko frenesia. Osasunak balentria egina zuen eta berriz ere presioari ekin zion, gehiegi arriskatu gabe eta baloia Rayoren oinetan utziz. Minutuak pasa ahala etxekoek berriz ere hartu zuten ekimena, baina atsedenaldiaren aurretik arrisku handirik sortu gabe.

Bigarren zatia oso ezberdina izan zen. Askoz ireki eta biziagoa. Paco Jemezek arriskatu egin zuen taktikoki. Atzelari bat kendu, Adrian zelairatu eta agintealortu zuen zelai erdian. Etxekoen hiru ziren: Adrian, Fuego eta Trashorras, Osasunako Loe eta Silvaren aurka. Eta nabaritu zen desoreka hori, Rayo zirimola bilakatu zelako. Ordu laurden bikaina egin zuen eta golaren saria lortu zuen Fuegok Castrori emaniko pase on batean (56 .min). Castrok, oso eskuzabal, Pitiri oparitu zion gola sartzeko gozamena.

Mendilibarrek erreakzionatu egin zuen. Sua, suarekin. Bi erdilari zelairatu zituen hamar minutuan, partida erabat hautsi zedin eragozteko.Lehenbizi Masud etagero Lolo —Damiak min hartu zuelako— Ninok aurrerago jokatu zezan. Joan etorri zoroa ez zitzaion komeni Osasunari eta jokoa lotu nahi zuen. Jemezen enbidoa onartu egin zuen.

Aldaketak aldaketa, baloia Rayok zuen, baita arriskua ere. Lehen gol aukera, baina, oso ona gainera, Masudek izan zuen (58. min), area barruan baloia nola edo hala kontrolatu zuenean. Errematea ez zen ona izan, eta Rubenek ozta ozta urrundu zuen.Sustoa salbuespena izan zen, baloia Rayok zuelako. Vallecaseko taldeak arriskua sortzen eta onartzen jarraitu zuen, baina emaitza ez zen aldatu. Bukaeran puntuak gehiago poztu zituen nafarrak etxekoak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.