Luis Gasca. Komikian aditua

«Komikiak zakarrontzitik salbatzen pasatu dut bizitza»

Gipuzkoako Foru Aldundiak ikertzaileen esku jarri du Komikiak-Gasca Bilduma; Luis Gasca donostiarrak zazpi hamarkadatan komikigintzari lotuta bildu duen materialak osatzen du milaka dokumentudun funtsa.
GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Jon Fernandez -

2011ko urtarrilak 16
Bizitza osoa eskaini dio Luis Gascak (Donostia, 1933) komikiari. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera Komikiak-Gasca Bilduma aurkeztu du aste honetan, komikigintzari lotutako hamarnaka mila dokumentuz osatutako funtsa. «Honainoko bidea luzea izan da», Gascak adierazi duenez. Komiki irakurle porrokatua izan zen umetan, komikiak argitaratzen eta aztertzen aritu zen nagusitan, adierazpen artistiko horri inor gutxik erreparatzen zionean. Eta orain ere komikiarentzat bizi da. Azken hiru urteak Donostiako Errege-erregina Katolikoen kaleko zentroan egin ditu, kutxa zaharrak ireki eta milaka komiki eta dokumentu sailkatzen. Ikertzaileen esku dago orain urteetan Gascak bildutako materiala.

Zer motatako dokumentuak ditu Gasca Bildumak?

XIX. mende amaierako eta XX. mende osoko komikiak daude, munduko leku ugaritakoak. Baina komikiez gain haren inguruko beste milaka dokumentu ditugu. Marrazkigileen, gidoilarien eta aktoreen gutunak daude, eta baita sinatutako liburuak ere. Baina ez nolanahikoak, eskuizkribu balioa dutenak, marrazki eta guztikoak. Komikietako pertsonaien aldizkariak eta eurei buruzko saiakerak ere baditugu, eta baita ilustratzaileei buruzko saiakera eta biografiak ere. Eta fanzineak, fotonobelak, pop art-ari buruzko saiakerak, komikiari buruzko doktore tesiak, gidoiak... denetik dago.

Ilustrazioak ere badaude.

Bai, gauza bitxiak ditugu gainera. 40ko eta 50eko hamarkadetan marrazkilariek arkatzez egiten zuten komikiaren lehen zirriborroa aldizkariko editoreari erakusteko. Orduan ez zegoen komiki libururik. Gero, tintara pasatzen zuten marrazkia eta, azkenik, hirugarren xafla egiten zuten koloreak eransteko. Eta, esaterako, Donostiako Chicos aldizkariak ateratako bilduma osoak ditugu, sortze prozesu osoa jasotzen dutenak. Bestalde, 20ko eta 30eko hamarkadetan egunkariek ateratzen zituzten hainbat daily strip ere baditugu. Eta antzerki eta balleterako jantzien zirriborroak ere bai; Yves Saint Laurentek balleterako diseinatutako lehen jantziaren zirriborroa, esaterako.

Nola sortu zitzaizun komikiarekiko zaletasuna?

Egia esan, ume-umetatik izan dut komikiarekiko grina. Jatorri suitzar eta alemaneko bizilagun bat genuen Donostian, orduan punta-puntakoa zen koloreetako off-set inprentan aditua zena. Pila bat komiki aldizkari izaten zituen hark etxean, eta irakurtzen ikasi nuenetik egunero ematen zidan aleren bat. Sekulako zaletasuna sortu zitzaidan.

Zergatik sentitu zenuen komikiak gorde beharra?

Zaletasuna eta gorde beharra batera etorri ziren. Paperaren iraupen laburraz jabetu nintzen, paperarekiko genuen mespretxuaz. Garai hartan asko maite genuen denok ama, baina behin baino gehiagotan gorrotatu izan genuen, etxera heldu eta komikiak zakarrontzira bota zituela ikustean. Komikiak zakarrontzitik salbatzen pasatu dut bizitza. Beti pentsatu izan dut herri kultura guztiz garrantzitsua dela eta sekulako arduragabekeria dela haren adierazpen bat galtzen uztea.

Zer leku du komikiak herri kulturan?

Herri kulturaren oinarri garrantzitsua da komikia. Irudiaren eta narrazioaren arteko uztartzea da.

Baina niri ez zait interesatzen mito baten komertzializazioa, azpian copyrighta duena. Edozein marrazkilarik pertsonaia herrikoi bati egin diezaiokeen omenaldia da interesatzen zaidana.

Horregatik hasi zinen komikiak argitaratzen?

Bai. Bizitzako beste arloei orduak kendu eta komikiari eman diot beti ahal izan dudan guztia. 60ko hamarkadan Cuto fanzinea argitaratu genuen Donostian. Dozena bat ale atera genituen.

Komiki argitaletxe bi sortu zenituen gero.

Buru Lan izan zen lehena eta Pala bigarrena. Egunero zentsuraren trabak gaindituz ibili behar izan arren, ordain ezina zen niretzat irakurleentzat komikiak inprimatzea. Nagusientzako komikiak egiten genituen eta baita ipuin ilustratuak ere, Bernardo Atxagaren Nikolasaren abenturak eta kalenturak tartean.

Bilduman hamarnaka milaka dokumentu dituzu. Nola eskuratu duzu horrenbesteko materiala?

Ezezagunen ontasunean fede handia izan dut beti, eta bildumaren zati handiena oparitutako dokumentuek osatzen dute. Ahal izan ditudan komiki original guztiak erosi izan ditut, baina erosketa ez dut inoiz inbertsio gisa ulertu, desagertzera doanaren salbamendu gisa baizik. Gainera, behin komikiaren munduan sartuta, editore askok oparitu egin dizkidate argitaratzen zutena.

Alejandro Jodorowsky, Hugo Pratt, Federico Fellini... izen handiak daude gutunak idatzi dizkizutenen artean. Zelan ezagutu dituzu?

Komikiak berreskuratzen eta aztertzen aitzindaria izan naiz, eta horrek ate asko zabaldu dizkit. Komikien kongresu eta bilkuretan jende ugari ezagutu izan dut, eta baita zinema jaialdietan ere. Azken batean, mafia antzeko bat sortzen da, eta komikizaleek zirkulu bat sortzen dugu. Zerbaiten muturreko zaletasunak topaketarako bidea errazten du.

Zer garrantzi dute bilduman dituzun komikigileen eta zinemagileen gutunek?

Maisulanen sorrera prozesua uler daiteke gutun horiek irakurrita. Fellini, esaterako, komikizale amorratua zen eta marraztu ere ondo egiten zuen, karikaturista izan baitzen. Marrazkiz betetako gutunak bidali zizkidan Roma filmatzen ari zela. Hugo Prattek ere idazten zizkidan gutunak, eta Jodorowskyk, Enric Siok...

Komikiak biltzeaz gain, komikiaz teorizatzen ere aritu zara. Ehundik gora liburu dituzu kalean.

Beharrezkoa zen komikiaz teorizatzea eta liburuak idaztea. Aurretik ez zegoen ezer. Inork inoiz aztertu ez duen horretaz idaztea gustatu izan zait, ondorengo belaunaldiei azterketarako materiala eskaintzeko. Horren haritik kaleratu dut azken liburua Roman Gubernekin: Diccionario de onomatopeyas del cómic (Catedra).

Zer liburu darabilzu orain esku artean?

Gubernek eta biok 1988an argitaratu genuen Discurso del cómic (Catedra) ikasliburua osatzen eta eguneratzen ari gara. Orduan, sortu gabe zegoen manga fenomenoa, adibidez, eta txertatu behar izan dugu. Bestalde, Diccionario del erotismo en el cómic liburua ere amaitzear daukagu.

Nolako harremana izango du Gasca Bildumak Koldo Mitxelena Kulturunearekin aurrerantzean?

Urtebete daramatzagu KM Kulturunean komikiari buruzko erakusketak eginez: Frankenstein, Errege, Superman eta Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian landu ditugu, besteak beste. Orain errege magoei buruzko erakusketa daukagu, eta otsailerako bihotzak komikian izan duen irudikapenari buruzkoa prestatu dugu. Harremana oso estua da KM Kulturunearekin. Bildumako katalogoa bertako katalogoan barneratu da. Oraingoz ikertzaileentzat baino ez dugu zabaldu ko komiki zentroa, baina etorkizunean erakusketa horiek geure zentroan egitea da gure asmoa, Gasca Bildumaren ateak herritar guztiei zabaltzea eta komikiaren irakurzaletasuna bultzatzea.

Gorakada handia izan du komikiak azken urteotan. Moda hutsa ote?

Modak bere eragina du. Eragin handia. Hala ere, irakurleen gustuak eta plazerak pisu handia du komikiaren gorakadan. Krisiak jotako munduan, inork ez du modagatik liburu bat erosten. Petropolis komikiaren fenomenoa, adibidez, ikaragarria izan da. Ezarritako sistemaren aurkako komikiek horrelako ospea izatea harrigarria da. Urteetan komikiaren munduan geundenok ez genuen espero komikiak egun bizi duen gorakadarik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna