Nikolas Blain. Batera-ko kidea

«Ipar Euskal Herriak aho batez mintzatu behar du»

J.B. -

2012ko azaroak 22
Hautetsien Kontseiluko biltzar nagusia pasatu ondoren, lurralde elkargoaren alde diren eragileekin harremanetan sartuko da Batera, egin beharreko mobilizazioei buruz gogoetatzeko.

Hautetsien Kontseiluaren bilerari garrantzi handia ematen diozue.

Bai. Euskal lurralde elkargoari buruz hautetsien adostasun zabala lortzea genuen helburuen artean, eta lortu dugu. Agian lurralde elkargoaren eskaera Lebranchuri eramatea onartuko dute; horri buruz Batera-ren sostengu osoa dute. Hautetsien Kontseilua, Garapen Kontseilua, Merkataritza Ganbera edota beste eragile anitz, guztien artean ikusi beharko dugu nola batzen garen, gure galdera Pariseraino eramateko.

Ez ote da herri mobilizazio handi baten garaia?

Bai, argi eta garbi. Aldiz, orain arte dosierra aitzinatzen zen, azken hilabeteetan aurrerapausoak eman ditugu azkarki. Etzikoa pasatu eta, harremanetan sartuko gara eragile ugarirekin, zer-nolako ekintzak behar diren gogoetatzeko. Gai horri begira jendartearen sostengu zabala bada eta ondoko hilabeteetan, Lebranchuren bisita bitartean, emendatu beharko dugu presioa.

Zer-nolako ekintzak izango dira?

Manifestazioak, herritar foroak, herri galdeketak, bide blokeoak... Batera-ren historian hainbat mobilizazio antolatu ditugu. Ideiak ez ditugu eskas. Orain arte Batera-k kudeatzen zituen; orain, beste eragileekin lan eginen dugu. Ikusiko nola gauzatuko diren aferak. Baina lehenik larunbatekoa badugu. Hori da nolazpait lehen fasearen azken etapa eta bigarrenaren hasiera.

Eragile guztiak batuko zarete beraz?

Zer forma hartuko duen ez dakigu; guk ere Batera-ren baitan proposamena ez dugu ongi landua. Baina atea irekitzen dugu, Ipar Euskal Herriak aho batez mintzatu behar duelako Parisi begira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna