Katuajeak

Zaharregiak al gara?

Lorea Agirre.
2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Identitatea izatea ez da marabilla bat. Horrelaxe dio, hitzez hitz, Joseba Sarrionandiak. Azken hilabetean bitan egin digu kuku, behin hAUSnART pentsamenduaren aldizkari jaio-berritik, eta bestean ZuZeu Interneteko albistaritik. Bietan elkarrizketa egin diote, eta bietan galdetu diote identitatearen aferaz. Izan ere, postmoderniak atzean utzia omen zuen identitatearen gaia, behin eta berriz agertzen tematzen da, han eta hemen, txiki eta handien ahotan. Eta oraindik ere zalaparta handiena sortzen duena identitate etnikoa da (barka, hitzaren itsustasuna). Etnikoa (barka, berriro), adieraren zentzu antropologikoenean, esan nahi dut (badaezpada ere). Alegia, etnia lurraldea, hizkuntza eta kultura hirutasunaren gainean eraikitako talde identitatetzat hartzen denekoa. Utz ditzagun biologia eta genealogia albora. Horren harira, batzuek identitate nagusi bakarra defendatzen dute, beste batzuek identitate anitzak, plurilinguistikoak esate batera, bestetzuek identitate plurinazionalak edota plurikulturalak. Horraino eztabaidarako eremu izugarri interesgarri bat zabaltzen da.

Baina ba omen da pertsonak adina identitate daudela defendatzen duenik ere. Lagun batek ekarri dit aipua, eta sareak jarri dit begien aurrean: Patxi Lopez lehendakariak EAEn ez dagoela identitate bakarra esan duela, ez dagoela euskal identitatea sentitzeko modu bakarra. Horraino, ados. Baina onena ondoren bota du: «EAEn bi milioi eta erdi identitate daude». Nork bere modu sentitzen omen du euskal identitatea. Eta niri bi zalantza sortzen zaizkit: bata, espainiar identitatea ere indibiduala eta intrasferiblea ote den, hau da inongo bereizgarriri lotu gabea edota mundu osoko bereizgarriz osatua; eta bi, ba ote den munduan hainbeste identitate biltzen duen lekurik. Euskaldunoi beti egotzi digute desberdin izan nahi izatea. Eta horixe izango da, igual, gainontzeko gizakietatik gehien bereizten gaituena. Euskal identitate jakin bat ezin onartuak, bi milioieta erdi sortzera eraman du Lopez. Lehen arazo gutxi eta orain bi milioi eta erdi.

Baina esaten ari ginena, identitatea izatea ez dela marabilla bat. Identitatea izatearen kontzientzia ukatua izatetik sortzen delako. Ze identitatea gauza arrunta baita bestela. Eta ez da besteekiko berezi izateko kontua, berez. «Euskalduna izatea ez da gizaki izateko beste modu bat besterik. Frantziarra izatea bezala (...). Bada esaten duenik euskalduna izateagatik ezberdina zarela. Alderantziz adieraztea arrazoizkoagoa dela uste dut: euskaldun izateak besteak bezalako egiten zaitu. Euskaldun izateak ez du arazorik adierazten, ez eta ezer berezirik ere. Arazoa hasten da modu batera edo bestera eragotzi edo euskaldun izatea mugatzen dizutenean».

Eta euskalduna izatea euskaldun egitea da inondik ere, identitate guztiak bezala, dela nazionala, dela generozkoa, dela politikoa dela langileriarena, dela kontsumismoarena. Egin egiten gara. Eta egiteko garrantzia du izan garenenaren errelatoak. Errelato guztiak dira asmatuak, gauzak gertatu gertatzen direlako eta ondotik ematen zaiolako zentzu eta azalpen bat, kronologia batean jarri eta arrazoiak bilatu. Denak dira baleko, batik bat, izan nahi dugun hori elikatzeko balio badu. Biziarazten bagaitu.

Orain, errealismo eta apaltasun puntu bat ere ez dago gaizki. Ez gara okerragoak edo hobeak izango gaur, atzo zekenagoak edo eskuzabalagoak izan garelako. Ez gara hobeak hizkuntza zaharrena edo berriena dugulako. Hautsak harrotu ditu, halaber,—apur bat, ez dakit zenbat, sarean bost lagunen 12 erantzuneko eztabaidak zerbait handia dirudi sarritan— Xabier Kintanaren azken tesiak: euskara ez dela espainola baino zaharrago. Gure identitatearen iraganaren zutabe nagusietako bat eraisten saiatu da. Eskapatzen zaizkit azalpen filologiko guztiak, asko inportik ere ez, egia esan, zaharra ote den aitorren hizkuntz zaharra. Ez dakit, adituek esan bezate. Zer garrantzi du horrek bere horretan? Izan duguna izaten lagundu edo eragotzi egiten digu hizkuntza zaharrena izatearen usteak? Inori minik egiten diogu hori esanda? Denboran urrunetik gatozela eta irautea dela gure bertutea sinesteak laguntzen digu irauten jarraitzeko, are iraun baino bizitzen segitzeko?

Zaharrak gara edo ez? Eta zaharra izatea ona edo txarra da? Manexek zazpi urte ditu. Euskaldun ia elebakarra da, gazteleraren kolore bizi azkar eta berrienen erakarpena deskubritu berri du telebistako marrazki bizidunetan, nintendoko jokoetan, Interneteko jolasetan, zinemako pelikuletan.

—Ama, zenbat jendek egiten du euskaraz?

—Bostehun bat mila lagunek edo, ez jende askok, egia esan.

—Eta espainolez?

—Milioika lagunek, mundu osoan.

—Orduan espainola izan nahi dut.

—Baina zu euskalduna zara, euskara gutxik hitz eginagatik, oso hizkuntza zaharra da eta...

—Zaharra? Hori gainera! Orain bai, espainola izan nahi dudala.

—Baina zu euskalduna zara, nahi edo ez nahi... hemen jaio zara, kultura honetan...

Manex ordurako joana da bere jolasetara.

Bat: hemen jaio delako da euskalduna? Jaiotzez al dakar, geneetan identitatea eta areago identitate hori izateko nahia edo hala-beharrezkotasuna? Ez, euskaldun egin egin da, egin dugu, egin du inguruneak, komunitateak. Eta espainol ere egiten hasi da, hasi dugu, hasi du inguruneak, komunitateak.

Bi: zaharra izatea desatsegina bada koloretako mundu aldakor honetan, zertarako tematu horretan? Errelatoa aldatu edo beste modu batera (ere) kontatzeko garaia ez ote zaigu iritsi, izan nahi duguna izaten jarraitzeko elikatzen jarrai dezagun. Manexek, behintzat, beste erantzun bat behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.