Ahalegin militanteari saria

Zenbait antzezlanen estreinaldiak eta Goseren kontzertuak izango dira Korrika Kulturalean, hil honetatik apirila bitarteanBideo laburren eta bakarrizketen lehiaketak antolatu dituzte: Euskalaklip eta Euskalaketa

Korrika Kulturaleko arduradunak eta parte hartuko duten zenbait sortzaile, atzo, Bilbon egindako aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Korrikaren ingurumarian antolatu dute Korrika Kulturala aurten ere, «Euskal Herriak AEKri ematen dion laguntza horretatik apurtxo bat euskal kulturaren bidez itzultzeko». Edurne Brouard 17. Korrikako arduradunak azaldu duenez, hainbat jenderen «esfortzu militantea» saritzeko egingo dituzte kultur emanaldi ugari Euskal Herriaren luze-zabalean, hilaren 28tik apirilaren 17ra bitartean. «Beste modu batera plazaratzeko zailtasunak izango lituzketen lanak eskainiko ditugu».

«Proposamen berritzaileak, antzezlanen estreinaldiak eta musika emanaldiak izango dira», Sergio Regueiro antolatzaileak azaldu duenez. Bilborocken eginiko ekitaldian aurkeztu zuten egitarau osoa, atzo.

Bideo eta bakarrizketak

Lehiaketa bi antolatu dituzte aurten estreinakoz: Euskalaklip eta Euskalaketa. Bideo laburren sariketa da bata, eta bakarrizketena bestea. Euskalaklipen helburua da 17. Korrikaren leloa, hau da, Maitatu, ikasi, ari... euskalakari, «ahalik eta gehienen zabaltzea». Otsailaren 25era arte izango da lanak aurkezteko epea. Eta baldintzak Korrikaren webgunean kontsulta daitezke, www.korrika.org-en.

Euskalaketa lehiaketa, berriz, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin elkarlanean antolatu dute, eta euskarazko antzerkia sustatzeaz batera, antzerkigile amateurrei bultzada eman nahi diete. Azaldu dutenez, «euskalakaririk onena aukeratzea da xedea». Eta herrialdekako kanporaketen ostean, Donostian izango da finala Korrikaren amaierarekin batera, apirilaren 17an.

'Sekula bai'

Antzerkia eta kabareta uztartzen dituen lana taularatuko dute Galder Perez «aktore burusoilak», Loli Astoreka «ospe handiko izar alkoholikoak», Mikel Losada «adimen urriko aktoreak», Lander Otaola «nerabe dekadenteak» eta Eduardo Gabiña Yogurinha Borova «drag queen naziak». Itziar Lazkanok zuzenduko ditu «langabezian dauden bost aktoreak». Arima eta bihotza ez ezik, larrua, gibela eta pankrea ere utziko dituzte taula gainean, Euskal Herriko ikusleak dibertiarazteko helburuz. Sekula bai antzezlana Bilboko Alondegian estreinatuko dute otsailaren 17an. Horren ondoren, Gernikan, Eibarren, Hernanin, Gasteizen eta Iruñean emango dute.

'Hura ez da lekua'

Goiz batean altxatu eta zoriontsua dela deskubrituko du pertsona batek, topatu duela bizitzan bilatzen zuena, eta ez duela besterik behar. Beldur itzela sentituko du orduan, alegia, zoriontasuna galtzeko beldurra. Eta etxetik inoiz ez ateratzea erabakiko du. Ondorioz, zoriona presondegi bihurtuko zaio.

Poesia, musika, pintura eta antzerkia uztartzen ditu Metrokuadroka taldearen Hura ez da lekua obrak. Oier Guillanenak eta Asier Sarasolarenak dira testuak, eta haiek errezitatuko dituzte, Idoia Beratarbidek pintatzen eta Iñigo Ortegak antzezten duen bitartean. Errenteriako (Gipuzkoa) Hiria kulturgunean estreinatuko dute Hura ez da lekua otsailaren 24an.

'Hilezinak'

«Zientzia fikziozko komedia astun —esan nahi baita gogoetarako edukiz betea—, absurdu, ironiko eta kritikoa» idatzi du Gotzon Barandiaranek, «euskaldunen artean, berbaldi berean euskara eta espainiera nahasteko joera gero eta hedatuago dagoela ikusteak eta ama hizkuntza duten ume asko eskolan erdalduntzen direla frogatzeak sortutako azkurak eraginda». Josu Camarak eta Marifeli Etxeandiak antzeztuko dute Hilezinak. «Lozorroan den euskararen aldeko militantzia berpizteko ahalegina» egingo dute, «mezu apokaliptikorik zabaldu gabe». Mungiako Olalde aretoan estreinatuko dute antzezlana, martxoaren 4an.

'Biribilketa'

Koldo Ameztoi ipuin kontalariak Korrika Kulturalaren barruan estreinatuko du bere lan berria: Biribilketa. Luhuson emango du aurrenekoz martxoaren 12an, eta ondoren, Euskal Herriko punta batetik bestera ibiliko da saioak eskainiz.

'Xentimorik gabe'

Ramon Agirre eta Inazio Tolosa Ray eta Nick bihurtuko dira, etxera itzultzeko garaia duten artista handiak. Oraindik sasoiko dauden arren, Honoriok emandako aholkua aintzat hartzea erabaki dute. «Eta nor da Honorio?», galdetuko du batek baino gehiagok. Lagunen bat? Osaba misiolaria? Maisua? Honoriok argi eta garbi esan die etxera —alegia, Euskal Herrira— itzultzeko, Otañoren sindromea ez delako txantxa, eta berandu baino lehen egin behar zaiolako aurre. Xentimorik gabe ikuskizun eroak antzerkia, musika eta umore ona ditu osagai nagusi.

'L.K.M.'

Patxo Telleriaren testuari jarraiki, «komedia barbaro bat» antzeztuko du Mikel Martinezek: Larria, kutsakorra, mendebaldekoa. Botikak egiten dituen enpresa pribatu bateko ikerlariek aurreikuspen pribatu bat egingo dute: lehenago edo geroago, gripe suntsigarri bat sortuko da, era natural batean. Eta laborategiak horri aurre egiteko sendagaia aurkitu, eta aberastu egingo da, era natural batean hori ere. Hiru pertsonaia antzeztuko ditu Martinezek, L.K.M. bakarrizketan.

'Pupu eta Lore'

Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Irrien Lagunek klubeko Ongi etorri, Pupu eta Lore ikuskizuna emango dute Igorren, Zangotzan, Errenterian eta Izpuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.