Komunikazioa

Auzitegi Gorenak baimendu egin du TV3 katearen emisioa Valentzian

Tokiko administrazioak emisioak debekatzeko eskumenik ez duela dio epaiak, eta, hala, bertan behera utzi du erabakia

Accio Cultural elkarteak bultzatuta, TV3 katearen emisioak etetearen aurkako manifestazio ugari egin dira azken urteetan Valentzian . ORIOL CLAVERA.
Donostia
2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak baimendu egin du TV3 Kataluniako telebista publikoaren emisioa, ACPV Accio Cultural del Pais Valencia elkarteak jarritako helegitea haintzat hartuz. Auzitegi Gorenak bart emandako epaian jasotzen da tokiko administrazioak ez duela eskumenik halako erabakiak hartzeko, hori Espainiako Gobernuari dagokiola. Ondorioz, ebazpenak bertan behera uzten du 2007. urtean Valentziako Gobernuak ezarritako debekua. Horretaz gain, baliogabetu egiten du Accio Cultural elkarteari ezarritako 300.000 euroko isuna. Justiziak TV3ko emisioen legezkotasuna nabarmendu du, lurralde mugen gainetik. Ebazpenean argi uzten da, ordea, epaiaren asmoa ez dela emisioen zilegitasuna onartzea, baizik eta telebista emisioak eteteko erabakia administrazio autonomikoaren eskumenetatik kanpo dagoela adieraztea.

TV3 katearen emisioen amaierak iskanbila handia eragin zuen gizartean, eta manifestazio ugari egin zituzten herrialde osoan erabakiaren aurka. Alberto Fabra Valentziako jarduneko presidentea bera TV3 kateko emisioen alde agertu zen Castelloko alkatea zela.

PP debekuaren atzean

Valentziako PP ezaguna da katalanaren normalizazioa eragozteko egin dituen ekintzengatik. Zeregin horretan grina berezia izan du: Valentzian TV3 ikustea debekatzea. Horrela, 2007an Francisco Campsen gobernuak behin betiko eten zuen TV3ren emisioa komunitate autonomoaren lurralde esparruan. Horretarako, herritarren eta mugimendu sozialen eraginez, Valentzian zehar ezarritako hedagailuak ixtea agindu zuen. Hogei urtez martxan egon ondoren, emititzeko lizentziarik ez zutela argudiatuz, horiek ixteko agindu zuen Generalitateak. Hedagailuak kudeatzen zituen Accio Cultural del Pais Valencia elkarteak, ordea, ez zuen agindua bete, eta Generalitateak indarrez itxiarazi zituen 2007ko azaroan; Accio Cultural erakundeari zigor espedientea zabaldu eta 300.000 euroko isuna ezartzeaz gain. Hala ere, elkarteak ez zuen etsi. Valentziako herritarrek katalanezko telebista jasotzeko eta informazio askatasunerako eskubidea bermatzeko ekintza ugari gauzatu ditu, baita gobernuaren erabakiari helegitea jarri ere.

Baina, 2008an, Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiak Generalitateari arrazoia eman zion. Accio Cultural elkarteak bigarren helegitea jarri zuen orduan. Jarraian, lege egitasmo herrikoi bat abian jartzea erabaki zuten: Mugarik Gabeko Telebista. Lege proposamenaren helburua: irrati eta telebista autonomikoak hizkuntza partekatzen duten beste autonomia erkidegoan emititu daitezela, hizkuntza horien komunikazio espazioen garapena errazteko bidean. Estatu osoko sinadurak bildu ostean lege proposamena tramitera onartu zuten 2011n. Orain bi hilabete, ordea, PPk kolpe batez bota zuen atzera egitasmoa, arazo teknikoak aitzakiatzat jarrita. Azkenerako, Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Accio Cultural elkarteari.

Tarte horretan, Espainiako Gobernuak entzungor egin dio gaiari, erkidegoen arteko kontua dela eta multiplexadoreko kanalak adjudikatzea Valentziako Generalitateari dagokiola adierazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.