CSKA Mosku 89. Caja Laboral Baskonia 78

Errealitate gordina

Milos Teodosicek maisuki gidatu du CSKA, eta etxeko taldeak nagusitasunez irabazi du, partida osoa kontrolpean izan ondorenGogotsu jokatu arren, Caja Laboral ezinean aritu da, eta argi ikusi da taldeen arteko aldea

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
CSKA Mosku. Teodosic (17), Khriapa (7), Weems (19), Erceg (5), Kaun (16) —hasierako bostekoa— Papalukas, Jackson, Ponkraxov, Mikov (9), Sokolov, Vorontxevitx eta Krstic (16).

Caja Laboral Baskonia. Cook, San Emeterio (2), Nocioni (16), N. Bjelica (9), Lampe (12) —hasierako bostekoa— Heurtel (4), Jelinek (2), Causeur (17), M. Bjelica (10) eta Pleiss (6).

Markagailua. 26-19, 50-35 (atsedenaldian); 73-58 eta 89-78.

Epaileak. Rocha, Jovcic eta Latisevs. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 4.608 ikusle CSKAren Universal pabiloian. Final-laurdenetako bigarren partida bihar jokatuko da, 18:00etan.

Gaur-gaurkoz, alde handia dago CSKA Moskuren eta Caja Laboral Baskoniaren artean. Agian, handiegia, ustekabekoa eman eta Lauko Finalean sartzeko. Bai, behintzat, Euroligako lehen bi faseetan, eta bereziki atzoko partidan, ikusitakoaren arabera. Errealitate gordina da, kito, horixe dadaukate, inolako aringarririk gabe. Moskuko taldeak nagusitasun handiz irabazi zion Baskoniari, Euroligako final-laurdenetako kanporaketako lehen partidan, eta, gauzak asko aldatu ezean, oso zaila dirudi sinestea auzia bosgarren partidara iritsiko denik.

CSKAk errekurtso andana duela erakutsi, eta titulua irabazteko hautagai bihurtzen duten bertuteak plazaratu zituen. Baskonia grinatsu aritu zen, baina ezinean, bereziki defentsan. Jokalari edo lerro jakin bat estutzen saiatu zenean, beste bat agertu zen puntuak sartzeko. Burua estaliz gero, hotza oinetan, eta oinak estaliz gero, burua jelatzen da. Edo metaforak alde batera utzita, piboten bidea itxi zuenean Milos Teodosicek lortu zituen puntuak (17), eta lemazainaren bidea estali zuenean Krsticek eta Kaunek —16na puntu— petrolioa aurkitu zuen saskipean. Eta bi eremu horietan arreta jarri zutenean, Weemsek (19 puntu) eta Khriapak hartu zuten arnasa. Harrigarria azken horrek eginiko partida: zazpi puntu, zortzi errebote eta zazpi asistentzia lortu zituen.

Caja Laboralek bere defentsa nola zulatzen zuten ikusi zuen. Kolpeak erantzuten saiatu zen, ordena eta joko onarekin baino adore gehiagorekin. Hasiera izan zen horren eredu, CSKA 15-6 (5. min) aurreratu ondoren tartea murriztu zuelako (26-19, 10 min.). Moskuko taldea aise ari zen, Teodosicek jotako musikaren doinuan. Cook eta Heurtelen bila joan zen, buruz buru, eta ez batak ez besteak ezin izan zuten gelditu.

Antolatzaile serbiarraren erakustaldia bigarren laurdenean luzatu zen. Bikain irakurri zuen une bakoitzean bere taldea non zen Baskonia baino gehiago, abantailak eragin eta baliatuz. Beti zegoen zuloren bat, eta han, CSKAko jokalari bat saskia aurkitzeko. Gasteizko taldea saskira gerturatzen saiatu zen, eta puntuak pilatu zituen Lanperen kako eta Causeurren barneraketei esker. Arazoa, baina, ez zen izaera, ez zen adore kontua, maila tekniko eta taktiko kontua baizik. Tira, eta Nemanja Bjelica ez zela agertu. Hegaleko serbiarrak partida txarra jokatu zuen, eta azken minutuetan bere estatistika atondu arren, itzalpean egin zituen lehen 37 minutuak.

CSKAk hamabost punturen aldearekin ekin zion hirugarren laurdenari. Atzean pixka bat estutuz gero, Baskoniak partidan sartzeko aukera zuen. Bigarren laurdenean, ondo lehiatu zen, eta, hirukoak sartzen hasiz gero, tartea murriztu zezakeen. Baina ez, ez ziren iritsi, 19 bota eta hiru baino ez zituen sartu (%15), asko egoera txarrean boteak. Weemsenak, ordea, bai, horiek iritsi ziren, bi sartu zituen jarraian, eta 21 puntura ireki zuen etxekoen aldea (56-34, 21. min.). Hortxe bukatu zen partida.

Tartea erabakigarria zen, eta CSKAk ondo kudeatu zuen. Pibotak agertu ziren erasoan: Krstic buruz buruko jokatzen, eta Kaun pase onen ondoren. Lampe, Nocioni, Bjelica eta enparauak ezinean zebiltzan. CSKAk 34 saskiratze sartu zituen guztira, eta horietatik 25 asistentzia baten ondoren izan ziren. Bikain landuriko taldea da, ia buruz jokatzen duena.

San Emeterio, min hartuta

Azken bi laurdenetan, Caja Laboral pare bat aldiz gerturatu zen 11 punturaino, hein handi batean Nocioniri esker, baina ez zuen CSKA ikaratu, berehala egin baitzion ihes. Jazarpen proba etsigarri horretan, albiste txarra iritsi zen, Fernando San Emeterio gaizki erori zelako barnealdi batean, eta kolpea hartu zuen ezkerreko sorbaldan. Azken zortzi minutuetan ez zuen jokatu, eta ikusteko dago bihar kanporaketako bigarren partida joka dezakeen. Ez zuen itxura onik, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.