Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Parkean

2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Bazkalondoan hartu dugu Donostia alderako trena. Zein geltokitan esan duzu jaitsi behar dugula? Martutenen. Eguzkitsu eta Urretxun baino beroago sentitzen da jaistean. Bernartegi da baserriaren izena. Nondik joan? Ezkerrerantz errepidea segitu eta kartzelaren atzealdean dago. Bidean, piknikean ibilitako itxura duen neska kuadrilla dator motxila eta guzti. Ondo goaz, beraz. Musikaren zurrunbiloa handituz doa gerturatzen garen heinean. Errekaren ondoko banbuetan gustura ari dira umeak jolasean eta agertokiaren inguruko belarretan jendea lasai etzaten da oihalen gainean. Bero handiagoa oraindik. Botila-ur pare bat erosteko ilara egin behar. Tira, hementxe eseri, kontzertua amaitzear dago eta. The Icer Company dute izena, aurretik Tristan Cowley izan da. Galdu egin duzue, polita izan da. Chris Isaak eta Itoizen bertsio itxuroso bana entzuteko astirik baino ez dut.

Eta orain? Literaktum ekintzako saioa omen dago. Seietan puntuan, Ana Malagon, Iban Zaldua eta Giorgio Basmmatti igo dira agertokira. Lehenengo biek irakurri dituzten mikroipuinak tarteka entzun ditut. Batzuk goitik behera jarraitu ditut,baina beste batzuetan hitz solteak harrapatu ditut bakarrik: bitxiak, dibertigarriak, baita latzak eta samingarriak ere. Ingurukoei ere antzekoa pasatu zaiela uste dut. Bakoitzak berea hartu du, bere komunikazio trantze txikian sartuta, Giorgio-ren abesti-kontakizunek eta ahots leunak baltsamo gozo baten moduan igurtzen gaituen bitartean. Umeak musikarien aurrean belarretan eseri dira, kontu kontari, bere trantze txikian ere. Amaitu da saioa eta zazpietako trenak alde egin digu dagoeneko. Lasai, hurrengoa hartuko dugu. Zein goxoa dagoen garagardoa atzo sobratutako patata tortilla hotz horrekin batera. Postaleko ilunabar eder batean, inoiz amaitu nahi ez duzun hondartza arratsalde bat dirudi, ezta? Bai edo gaupasa ero baten ondorengo egunsentia, etxera bueltatzeko gogo ezean luzatzen duzun une tentel eta pixka bat magiko hori... Musikaparkean, a zer asmakizuna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.