Mikel Insausti. Kutxa Ekoguneko zuzendaria

«Proiektua ez dugu mugatu nahi Ekogunera; Gipuzkoa berdetzea bilatzen dugu»

Arnasa izateko asmoz ari da Kutxa Ekogunea; porlanak, kutsadurak eta kontsumo eroak eragindako mehatxuak direla eta, kontzientzian eragin nahi du, txikitik handira. Mikel Insausti da lemazaina.
GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2011ko apirilak 6
2013-2014. urteetarako dute jarrita jomuga garrantzitsu bat: Kutxa Ekoguneko eremuan —Donostia eta Hernani artean, Zabalegi nekazaritza eskola zegoen lekuan eta inguruetan—, 25 hektareako esparru bat nahi dute iraunkortasunaren aldeko ekimenetarako. Xede nagusia, hala ere, nekez hesi daiteke espazio mugatu batean. Kutxa Ekoguneak herritarren kontzientzian eragin nahi du, eta Gipuzkoa osoa ingurumenaren aldeko ekimenez zipriztindu nahi du. «Kontzientziatik ekintzetara pasatzeko». Mikel Insaustik (Hernani, 1972) dihardu zuzendari Kutxak Donostiako Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin hasitako egitasmo honetan.

Kutxa Ekogunearen jardunbidea ingurumenarekin lotuta dago, iraunkortasuna xede. Nondik nora doa zuen jardunbidea?

Ekintzetara pasatzen laguntzea da asmoa, eta, hori lortzeko, hiru tresna jarriko ditugu martxan. Batekin, jada, ari gara, eta Gipuzkoa osoan, sareko lanaren bidez, proiektu ugari gauzatzen ari gara alor pila batean: energia gaietan, kontsumo arduratsuan, naturarekin zerikusia duten kontuetan, ingurumen hezkuntzan eta lidergoan... Adibidez, hainbat udalekin ari gara argiteria publiko eraginkorra bultzatzen, eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektu bat datorren hilean jarriko dugu martxan. Hori guztia da Ekoguneko dimentsio bat. Bestea dimentsio birtual bat da; Ekogunea.net webgunea sortu dugu, eta, nolabait ere, erreferentzia bilakatzea lortu nahi dugu, jendeak ingurumenarekin lotutako informazioa bertan aurkitzeko. Hor jendeak aurkituko du informazio praktikoa. Aholku praktikoak eman nahi ditugu: nola aurreztu energia, nola kontsumitu modu arduratsuago batean eta abar eta abar.

Eta hirugarren xedea zuen egoitza bera da, bertan parke bat jartzea.

Bai, parkea egiteko obrak jada hasi dira; 25 hektarea izango ditu, eta espazio ireki bat izango da aisialdirako eta gozamenerako, baina betiere iraunkortasunari lotuta. Prestakuntzarako gelak egongo dira, hainbat erakusketa espazio, interpretaziorako ibilbideak... Asmoa da 2013 amaieran edo 2014 hasieran irekitzea parkea.

Alor aski zabala da iraunkortasuna. Zertan jarriko dituzue indarrak?

Ikusi dugu zer gaietan dagoen beharra praktikotasunera pasatzeko, eta zertan gauzatu genezakeen diferentzia bat. Adibidez, mugikortasunean sentsibilizazio lan handia dago egiteko, baina gai horren inguruan ezin ditugu erreminta praktikoak eskaini... Horregatik, osotasunean hartuta, ez da aukeratu dugun gaietako bat. Hautatu ditugun gaiak dira kontzientziatik ekintzetara pasatzen lagun genezakeen gaiak. Adibidez, energiaren esparruan, energia berriztagarriak badira gai bat zeinean udalek, enpresek eta norbanakoek pauso konkretuak eman ditzaketen, eta horretarako hainbat instalazio eskainiko dizkiegu; energia berriztagarriak ikusi, probatu, ikusi eta aholkua eskatzeko modua izango dute, beraien udalean, enpresan edo etxean zer-nolako instalazioa den egokiena ikusteko.

Zein gai hautatu dituzue?

Energia eta eraginkortasun energetikoa, natura eta naturaren kudeaketa, kontsumo arduratsua, hizkuntzen ekologia eta nekazaritza ekologikoa eta landa garapena. Betiere praktikotasunetik; azken gai horrekin lotuta, adibidez, hemen Ekogunean baratzeak jarriko ditu, eta Gipuzkoako herrietan ere baratze parkeak jarri nahi ditugu, aisialdirako baratzeak, jendeak etxeko kontsumorako landatzeko barazkiak.

Ekogunearen geografia zuen egoitzaren inguruan eratuko duzuen parkeaz harago egongo da, beraz?

Ekogunea bera eredu bat izatea nahi dugu, baina gure proiektua ez dugu Ekogunera mugatu nahi; Gipuzkoa berdetzea bilatzen dugu, Gipuzkoan iraunkortasun agenda areagotzea.

Nahi horrek ez du talka egiten gero Gipuzkoan egin nahi diren hainbat egitasmo handirekin. Hortxe ditugu zaborrak errausteko plantaren egitasmoa eta Pasaian kanpoko kaia eraikitzekoa...

Geuk, Ekogunetik, ez dugu parte hartzerik makroproiektu horietan. Ikuspegi mikroa dugu; gure helburua da tresnak jartzea jendearen eskuetan; birziklatzean, kontsumo arduratsuan... Gu ibiliko gara gehiago mikrosareak bultzatuz.

Baina, esaterako, birziklatzearen aldeko kontzientzia pizteak gero ez du talka egiten hondakinen bestelako kudeaketa modu bat sustatzen dela ikustearekin?

Instituzioek hartzen dituzten erabakiak dira, baina badago tartea agenda positibo bat bultzatzeko. Zaborren kudeaketan bide bat edo bestea hautatu, esparrua badago agenda positibo bat sustatu eta herritarren, enpresen eta udalen parte hartzea bultzatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna