Marc Biosca. Plataforma per la Llenguako kidea

«Etorkinek katalana bere egin dute urteotan, eta erabilera erraztu ahalko du horrek»

Udaltop jardunaldiak atzo hasi ziren Lasarte-Orian. Katalanak gaur egun duen egoeraren berri emango du gaur Bioscak. Hizkuntzaren garapenerako oztopo nagusiak muga juridikoak direla adierazi du.

2013ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Katalunian hizkuntza asko egon arren, herritar guztiek dakiten hizkuntza katalana izatea du helburu Plataforma per la Llenguak. Taldeko kidea da Marc Biosca soziologo eta politologoa (Lleida, Herrialde Katalanak, 1980), eta Udaltop jardunaldietan parte hartuko du gaur. Hizkuntzak egun duen egoeraren eta taldekoek egiten duten lanaren berri emango du.

Plataforma per la Llenguak zein lan egiten du, eta zein da haren helburu nagusia?

Plataforma katalanaren gobernuz kanpoko erakunde bat da. Duela hogei urte sortu zen, eta hainbat alorretan egiten du lan. Besteak beste, produktuen etiketatzean, etorkinekin, zineman eta enpresekin. Helburua hori guztia katalanera itzultzea da. Hizkuntzaren normaltasuna lortzea da gure nahia, eta uste dugu hori lortu ahal izateko zenbait alorretan lan egitea ezinbestekoa dela.

Ez dugu Katalunian soilik lan egiten, katalana hitz egiten den eremu osoan baizik. Saiatzen gara kasu zehatzen inguruko ikerketak egiten eta ondorioak ateratzen. Gerora, ondorioen berri ematen dugu, eta egoera hobetu ahal izateko kanpainak egiten ditugu. Aldatzeko aukera badagoela azaltzea da gure asmoa. Baina ez dugu beti lortzen.

Zein da gaur egun katalanak duen egoera?

Bi alorretatik azter daiteke hori. Batetik, egoera soziolinguistikoa dago; katalanak duen egoera geroz eta hobea da. Bizirik dago, eta gero eta indartsuago. Bestetik, egoera juridikoa dago. Esparru juridiko horrek ez dio laguntzen. Berez izango lituzkeen aukerak asko mugatzen dizkio hizkuntzaren garapenari. Juridikoki egoera normala izango balu, garapen normala izango luke.

Hori berehala aldatu ahal izango litzateke esparru juridikoa aldatuz gero; hori lehenengo pausoa litzateke, arazo nagusia delako. Hizkuntza ofizial gisa hartuko balute, egoera erabat aldatuko litzateke. Katalanaren arazoa da bere estatuan bertan ere ez dela ofiziala. Hizkuntza koofiziala da eremuaren zati batean, eta horrek muga garbiak ezartzen ditu.

Orain gutxi Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen ikasgela batean haur batek eskola gaztelaniaz ematea eskatzen badu gaztelaniaz egingo dela. Nola jaso zenuten berria?

Albisteak ezustean harrapatu gintuen plataformako kideak, gurasoak eta eskola publikoetako langileak. Pertsona batek soilik hizkuntzaren inguruan erabakitzea harrigarria da, haren erabakia beste guztienaren gainetik jartzea delako. Halako erabakiek helegiteak izaten dituzte, eta ez dakit zein egoeratan dagoen une honetan bertan, baina hasierako erabaki hori harrigarria iruditzen zaidala esan dezaket. Aurretik esandakora joko nuke kasu honetan ere, mugak jartzen direla, herritarren nahiaren aurka.

Halako ebazpenak egon arren, urtetik urtera katalanaren hiztun kopurua handituz doala diozu.

Bai, egoera egunetik egunera hobea da. Immigrazioak izan du horretan eragin zuzena, etorkinek Kataluniara etortzean hizkuntza ere bere egin dutelako. Urtetik urtera jende gehiagok hitz egiten duela esan genezake, indartzen ari dela. Egia da puntu beltzak ere badaudela gizartean, guztia ez dago egoera paregabean; argi dago, baina herritarren %96 inguruk ulertzen dute hizkuntza. Hitz egin eta idatzi gutxiagok, baina kopurua nahiko ona da. Lehenengo hizkuntza gaztelania dutenek ere ulertzen dute, eta geroz eta gehiago jotzen dute katalanera. Horregatik diot egoerak hobera egin duela.

Udaltop jardunaldietan emango duzun hitzaldiaren aurrerapenean diozu 90eko hamarkadan hizkuntzaren berreskuratzea jaisten hasi zela, mugak eta nekea ikusten direla.

Hala da. Herrialde honetan jada 270 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira; hori aberasgarria da herrialdearentzat, zalantzarik gabe. Horien artean, katalana denok elkar ulertzeko erabiltzea gustatuko litzaiguke. Hori, gainera, askotan ideologiekin lotzen da, eta aparteko zerbait dela uste dut. Ez lukeela gauza batek bestearekin loturarik eduki beharko.

Ikusi genuen albo batera utzi genituela hiztun berri horiek. Arreta gehiago jarri behar geniela. Katalunia immigrazio herrialde bat da. Demografian aditu direnek diote XX. mendean migrazio prozesu horiek guztiak egon izan ez balira bi milioi pertsona izango ginatekeela gizartean; egun hamar milioi inguru gara. Esan daiteke horrek hizkuntzari zuzenean eragin diola. Migrazioak lagundu du, hori hala da. Etorkinek azken urteotan euren bizitzan, lehenago edo geroago, katalana aukeratu dute eta hizkuntza bere egin dute. Azken finean, herritarren jarrerak ziurtatzen du etorkizuna izango duela gure hizkuntzak. Hiztunek elkarren artean katalanez hitz egiteko aukera erraztu ahalko duela uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.