Ezarian. Zientzia

Nazioarteko ikerlariak garunari begira Donostian

Psikologia kognitiboarekin lotutako 700 aurkezpen egingo dituzte ESCoP 2011 kongresuan

X. Martin -

2011ko irailak 29
Donostiak leku nabarmena izango du gaur hasita eta igandera arte nazioarteko zientziaren arloan, garunaren ikerketaren atalean hain zuzen. Kursaala mundu osoko psikologia kognitiboko aditu nagusien bilgune izango da, ESCoP 2011 Psikologia Kognitiboaren Europako Elkartearen XVII. Kongresuan. BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language erakundeak antolatu du topaketa.

Zergatik sentitzen dugu plazera musika entzutean? Zergatik da hain zaila pertsona batzuentzat matematikak ikastea? Elebitasuna entrenamendu ona izan al daiteke alzheimerrari aurre egiteko? Hezkuntzak eraginik ba al du garunaren garapenean? Zergatik atsegin ditugu janari batzuk, eta beste batzuk ez? Garuneko zein atal aktibatzen dira ardoa dastatzean? Halako galderei erantzuna ematen saiatzen dira garunaren portaeran espezializatutako ikerlariak; Psikologia Kognitiboan aritzen dira.

Gure eguneroko ekintzak, sen soilei erantzuten ez dietenak, gure garunaren prozesadoretik igarotzen dira: hizkuntza, emozioak, aukeraketak, baita buruko disfuntzioak ere. Baina nola funtzionatzen du organo horrek? Horixe da, gaur egun, garunaren ikerketaren inguruko zientzia komunitatean dagoen eztabaida konplexua.

Zazpiehun aurkezpen inguru bilduko dituen jarduera zientifiko handi horretan, garunaren inguruko ikerkuntza gizartera hurbiltzea ere nahi dute , ┬źeguneroko ekintzetan eragin zuzena duelako┬╗. Horregatik, garunaren eta musikaren arteko lotura, hizkuntza, emozioak, elebitasuna, gastronomia eta alzheimerra, autismoa eta dislexia jasotzen ditu egitarauak. Jarduera horietako batzuk irekiak izango dira.

Pintxoak eta zientzia

Pintxos on my mind izango da horietako bat, zientzia eta gastronomia bateratuko dituen hasiera ekitaldi original bat (gaur arratsean). Bertan izango dira Andoni Luis Aduriz eta Eneko Atxa sukaldari ezagunak. Sukaldariek errezeta bitxiak prestatuko dituzte, eta zentzumenek gastronomian duten eragina sakon aztertuko dute. Ondoren, janaria eta edaria dastatzean garunak egiten duen prozesamenduari buruz ariko da Dana Small zientzialari estatubatuarra; pintxo bat eta ardo bat hartuta garuna zergatik nahas daitekeen azalduko du.

Halaber, egitarau zientifikoan, nazioarteko hainbat zientzialari prestigiotsu azaltzen da; haurrek hizkuntzaz jabetzeko moduak aztertuko dira (Nuria Sebastian); musika hautemateko moduak (Robert Zatorre); irakurketak (Cathy Price); dislexiak (Manuel Carreiras); garuna eta matematikak (Denes Szucs) edo emakumeen psikologia kognitiboa (Janet van Hell).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna