Liburu aurrerapena

Intemperies (babes bila)

Lourdes Oñederra.
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Orduan.

Orain Luziak badaki bere jarrera ere ez dela lehengoa, nahiz ia beti ahaztu egiten den horretaz eta pentsatzen duen besteak aldatu direla, ez diotela berdin begiratzen, ez dutela desiratzen eta horregatik ez direla bigun eta atsegin, gogor eta hotz baizik. Luziak badaki (batzuetan daki) berak ere ez duela asko espero. Ikusi duela. Ikasi egin duela eta alfergura sentitzen duela saio berriak egiteko, ez duela honezkero gehiegi espero eta horregatik ez dela ahalegintzen sobera, ez dela eskatzera ateratzen eta, horregatik agian, horregatik ere bai agian, ez diotela eskaintzen, ez diotela ematen, ez duela hartzen eta bakarrik ari dela gelditzen.

Bakarrik.

Bakarrik, eta triste, eta lasai. Martinengandik banandu zenean bezala, erabakia hartu edo erabakiak bera hartu zuenean bezala. Ziur egoteak ematen duen lasaitasuna. Ez zegoen haserre. Hilabetetan, urtetan, izanak zituen haserrealdiak. Hain da nekosoa haserrea. Haserrearen gatazka, eta zalantza. Norberaren ezinegona besteari egozten zaion aro zaratatsu hori.

Luzaroan pentsatu zuen Luziak ez zela gai izango senarra uzteko, berarekin oheratu baino telebista aurrean siesta egin nahiago zuen gizon haren ondotik alde egiteko. Ez zen ausartzen, nahiz haserre, oso haserre zegoen, eta minduta. Martin gero eta maizago gelditzen zen lankideekin zerbait hartzen berandu arte astegunetan. Nabarmen zen Luziaren istorioek aspertu egiten zutela, nahiz entzuten zituen beti. Isilik. Edukazioz.

Luziak uste zuen ez zela gauza izango uzteko, banantzeko, behin eta berriz haserretu, samindu eta negar egin arren, ez zuelako alde egiten. Baina egun batean nolabait etorri zen erabakia eta orduan ez zuen zalantzarik izan, erabateko ausardia etorri zitzaion, eta joan egin zen, isilik, behingoz esplikaziorik eman gabe, eskatu ere egin gabe, hain baitzen garbi dena bat-batean.

Lasaitasun ia bake hura.

Eta, gero, oinaze latza, oinaze jasanezin, kontaezin hura. Garrasi isila, barrenean bakarrik entzuten dena, eztarriak atera ezin duena, egin ez daitekeen negarra.

Orduko penaz oroitzean pentsatzen du Luziak galdutako amodioaren urraduraren laztasunaz. Hori baino askoz okerragoa izan behar duela Evaren oinazeak, gehien maite, gehien behar dituzunak zure ondoan hiltzeak. Derrepentean. Betiko. Izugarria izan behar du. Berak ez luke jasango halakorik. Ala? Ba al du zentzurik, konpara al daitezke oinazeak, baten eta besteren zauriak? Zauririk txikienak ere min ematen dio jasaten duenari. Bai, bereak ez dira beste batzuenak bezain zauri larriak izango, baina min hartu du behin baino gehiagotan Luziak bizitzan zehar, eta Martinengandik aldentzeak min eman zion. Berak jasandako oinazerik handienetakoa, luzea izan zena gainera. Orain behintzat, atzera begira, hala iruditzen zaio.

Adinarekin Luziak denbora gutxi dagoela ikasi du, eta asko behar dela edozertarako. Horregatik gonbidatu zuen neurologoa, Víctor, Gabon gaua berarekin igarotzera. Ez zuen gehiegi pentsatu, ez zion bere buruari zalantzarik egiteko aukerarik eman. Edo ez zuen izan. Gizonaren aurpegian hautemandako zerbaitek osarazi zion esaldia:

—Zergatik ez zera Donostira etortzen nerekin afaltzera?

Baietz erantzun zion, lotsatuta bezala, baina baietz, bueno, ba baietz.

Ez daki nola bukatuko den gaua. Ez daki elkarrekin oheratuko diren ala ez. Berdin dio. Orain, honezkero, hori da gutxienekoa.

Horrenbeste hitz behar dira konturik txikiena azaltzeko.

Joandako garai haietan errazagoa izaten zen askotan gizon batekin oheratzea beste nolabait bukatzea baino: hainbeste esplikazio eskatzen zuen ukoak, hainbeste justifikazio.

Agian zaharregia da baina oheratzeko, beste norbaitekin oheratzeko, gizon batekin oheratzeko. Azken urteetan gauzak aldatu egin zaizkio Luziari. Lehen-lehen gizonenganako hurbilketa beti iragazten zuen, nolabait, oheratu-ez oheratu aukeraren bahetik. Gero, honezkero ezkonduta zegoenean, bere senarraz gainerako beste inorekin oheratzeko aukera itxita bazegoen ere, ia beti pentsatzen zuen, gizon bat ezagutzen zuenean, berarekin oheratzeko modukoa ote zen edo ez. Gizon batzuekin fantasiak izaten zituen, beste zenbaitekin ez. Ez zion buelta askorik ematen. Nahiko automatikoa zen. Beranduago, duela gutxiago (ez daki halere noiz), erabat utzi egin zion hori egiteari. Martinengandik banandu ondorenerako behintzat, galdua zuen ohitura.

Gogoratu gogoratzen da, baina urruti gelditu zaio. Oso urruti, nahiz urteak ez diren horrenbeste. Ez, ez dira horrenbeste, baina, zerbaitegatik, ematen du azken urteak, hain laster igaro diren urte hauek, mugarriak ezabatzeko, oroitzapenak lausotzeko ahalmen berezia izan dutela. Kontua galtzen da eta gauzak gertu edo urrun gelditzeak ez du urte kopuruarekin lotura zuzenik.

—Adin zail honetan —esan zion ginekologialariak azken azterketan.

Adin zail honetan. Ba al da adin errazik.

Oraindik erakargarri gerta ote daitekeen zalantza urtzen ari zaio eta nahasten erakargarritasun sexuala galtzearen lasaitasunaren esperantzarekin. Zalantzaren eta itxaropenaren artean esekita dago nonbaiten, zintzilik ezerezaren gainean, eusteko aski sendotasunik ez duten uste eta beldur horien artean, zalantzaren eta esperantzaren artean, ezezagunaren amildegirantz begira. Batzuetan lasai, ezerezaren arintasunagatik, ongi. Beste batzuetan, ezinegon hori, ezereza zulo bihurtzen denean, hala ikusten denean.

Berrogeita hamar urte. Berrogeita hamar. 50. Adin horretan ez dago besterik gabe emakumea denik, besterik gabeko emakumerik. Norbaiten emazte zara, edo ama. Edo zerbait zara: irakasle, garbitzaile, edo politikari. Norbaiten irakaslea, nonbaiteko garbitzailea edo norbaitentzakoa, partiduren bateko karguduna edo militantea behintzat, baina ez besterik gabe zu, berrogeita hamar urteko pertsona bat. Zer egiten da etxean, goizean ohetik jaikitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.