Sei urteko zigorra bete ostean atera da espetxetik Teresa Toda kazetaria

'Egin'-ekin lotuta 18/98 auzian espetxeratutako gainerako 11 lagunek preso jarraitzen dute, zigorrak betetzenHaietako inork ez zuela inoiz preso egon behar salatu du Euskal PEN klubak

Teresa Toda, preso sartu aurretik, 2006an, Martin Ugalde Kultur Parkean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Egin-eko zuzendariorde izateagatik giltzapetu zuten, eta sei urteko zigorra bete du kartzelan kazetaritza lana egiteagatik. ETAri laguntza ematea egotzi zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigorra osorik bete, eta atzo atera zen Kordobako espetxetik (Andaluzia, Espainia) Teresa Toda. Espetxean jarraitzen dute 18/98 auziko Egin-en atalean zigortu zituzten gainerako 11 lagunek.

Gaur zen ateratzekoa Toda, eta ezustekoa hartu zuten haren gertukoek atzo 08:30ean libre utzi zutenean. Segituan jarri ziren bidean, baina Kordobara joateko denbora asko behar denez, hotel batean pasatu zituen ordu batzuk Todak.

2007ko abenduan atxilotu zuen Espainiako Poliziak Teresa Toda. 18/98 auziko epaia eman aurretik zigortuak atxilotzeko agindua eman baitzuen Auzitegi Nazionalak. Hilaren 19an eman zuen epaia, eta 10 urteko zigorra jarri zion. 2009ko maiatzean, sei urtera gutxitu zion zigorra Auzitegi Gorenak. Auzitegi Nazionalak Egin-eki lotutako Orain SA eta gainerako enpresak likidatzeko agindua ere eman zuen, baina Gorenak bertan behera utzi zuen erabaki hori. Beranduegi zen Egin berriz martxan jartzeko.

1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzonek, orduan Auzitegi Nazionaleko epaile zenak, Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua. «ETAk gidatutako erakunde sare baten parte» izatea leporatuta itxi zituzten bi komunikabideak. Todarekin batera, Egin-eko zuzendari zen Javier Salutregi ere zigortu zuten, eta preso jarraitzen du hark, zazpi urte eta erdiko zigorra betetzen.

Horiez gain, hauek ere zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak: Xabier Alegria (hamabi urte eta bederatzi hilabete), Jose Luis Elkoro (zortzi urte), Carlos Trenor (hamar urte eta erdi), Manuel Intxauspe (zazpi urte eta zortzi hilabete), Isidro Murga (zortzi urte), Patxi Murga (zortzi urte), Jexuxmari Zalakain (zortzi urte), Pablo Gorostiaga (zazpi urte eta zortzi hilabete), Xabi Otero (urte bat eta hamar hilabete) eta Iñaki Zalakain (urte bat eta hamar hilabete).

PEN kluba, pozik baina kritiko

Euskal PEN klubeko zuzendaritzako kidea izandakoa da Toda. PEN klubeko lagunak pozik daude espetxetik atera delako. Urtzi Urrutikoetxea lehendakariordeak azaldu duenez, pozik daude «amesgaiztoa amaitu delako». Baina, Egin-eko zuzendariordeak ez zuela inoiz preso egon behar nabarmendu du; ez berak, eta ez egunkariarekin lotuta preso jarraitzen dutenek ere. Auzi honekin «bidegabekeria» egin dela nabarmendu du, eta aitortu du frustrazio bat ere badaukatela, ezin izan dutelako lortu Toda eta gainerakoak zigorra bete gabe ateratzea espetxetik.

Saiatu saiatu dira, eta gogor egin dute lan bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere. «Ahal izan dugun foro guztietara eraman dugu gaia». Zailtasunak ere izan dituztela dio Urrutikoetxeak, baina aurten, esate baterako, PEN Internationalek Islandian egin duen 79. batzarrera eraman zituzten hiru moziotatik bat Toda eta Egin-eko gainerako presoen egoera salatzeko zen, eta aho batez onartu zuten. «Zaila egiten zaie ulertzea 2013an Europako Batasunean jendea preso egotea kazetaritza egiteagatik». PEN klubekin harremanetan egon izan da Toda, Urrutikoetxearen arabera.

Toda eta gainerakoak espetxeratu zituzten arren, azken urteetan ere adierazpen askatasunaren urraketa ugari gertatu direla salatu du Urrutikoetxeak. Adibidez, gogora ekarri du Ateak Ireki itxi berri dutela Apurtu itxi zuten bezala. Azken gertaerekin Londresera bidaltzeko txostena prestatzen ari da Urrutikoetxea, eta hala dio, «azaro honetan gauza asko gertatu dira: irakasleak zelatatzea, komunikabide bat ixtea...». Inpresioa du «gauzak oso merke egin daitezkeela». Aurrerantzean hala izan ez dadin saiatzen jarraituko dutela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.