Alor ugaritan aditu diren kideekin osatu du Currinek Harreman Taldea

Silvia Casalek, Pierre Hazanek, Raymond Kendallek, Nuala O'Loanek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute boskotea

Gaur aurkeztuko dituzte lan ildoak, eta egin dituzten lehen urratsen berri emango dute

K. Aldabe - J. Sagarzazu -

2011ko otsailak 15
Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa bultzatzeko nazioarteko bitartekaritza lanean hasi da. Bilboko Hotel Barcelo Nervion-en egin du lehen bilera Nazioarteko Harreman Taldeak. Atzo goizean izan zen; Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta Bruselako Adierazpenaren bultzatzaileak deituta bildu ziren laneko gosarian. Bost kidek osatzen dute Nazioarteko Harreman Taldea; atzo, dena den, hiru bildu ziren Currinekin; beste biek, agenda arazoak direla medio, ezin izan baitzuten Bilbora hurreratu.

Irudi grafikoetarako deialdia baino ez zuten egin atzo, lehen bileraren irudiak hartzeko. Currinekin batera, han ziren Nuala O'Loan, Pierre Hazan eta Raymond Kendall. Haiek eta Silvia Casalek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute boskotea. O'Loan, Kendall eta Casal Bruselako Adierazpenaren izenpetzaileak ere badira.

Hainbat alorretan aditu dira Harreman Taldeko kideak, eta ikusten da taldeari dagozkion lanei egokitzen zaizkien profilak aukeratu dituela Brian Currinek.

Justizian, giza eskubideetan eta memoria historikoan aditua da Pierre Hazan suitzarra. Tortura gaietan goi mailako lanetan dihardu Silvia Casal britainiarrak. Irlandako Iparraldeko polizia gaietarako ararteko izan zen Nuala O'Loan, eta gatazkak konpontzeko Irlandako enbaxadore da egun. Shlomo Ben Ami Israelgo Atzerri ministro ohiaren aholkulari izan zen Alberto Spektorowski, eta besteak beste israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioetan parte hartu zuen Camp Davideko elkarrizketetan —2000. urtean—. Segurtasun gaietan aditua da Raymond Kendall, 1985-2000 urteetan Interpoleko idazkari nagusi izan zena.

Lan ildoen aurkezpena

Beste agerraldi bat egingo dute gaur beren lan ildoak aurkezteko eta orain arte egindako urratsen berri emateko. Dena den, azaroan Currinek aurreratu zituen Nazioarteko Harreman Taldearen egitekoak. Hauek aipatu zituen: ezker abertzalearen legeztatzea bultzatzea; konfiantza eragiten duten neurriak bultzatzea —besteak beste, egungo espetxe politika eraldatu eta berria egokitzea—; alderdiak «animatu eta zerbitzatzea»; gatazka politikoa gainditzeko akordio barneratzaile bat lortzeko alde askotako elkarrizketa eta negoziazioa bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea —«inongo baldintzarik gabe eta emaitza aurretik zehaztu gabe, Mitchellen Printzipioen menpe»—; blokeoa gertatuz gero, bitartekari jardutea; eta bake prozesua gizarteratzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna