Liburu aurrerapena

Mussche

2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Herman lehenago esnatu da. Roberten arnasa lasaia sentitzen du alboan. Elkarrekin lo egin dute, bizkar eta bular, arrantzaleen etxetxo batean. 1929ko abuztuan, Andra Mari egunez, Belgikako kostaldean daude, Oostduinkerken, egun batzuk pasatzen.

Oholezko etxe zurian dautza bi-biak, itsastarrek arrantza-aparailuak gordetzeko erabiltzen duten soto batean, bizileku karratuan, leiho ñimiño batzuekin ateen gainean. Tamainari erreparaturik, umeentzakoa ematen du, jostailuzkoa, ametsetakoa. Ilaratan jarrita daude soto zuriak, ohi bezala, itsasoari bizkarra eman eta lehorreko eguzkiari beha.

Hermanek atzetik dakusa Roberten lepoa, bere ile beltzaren distira. Tirantedun kamiseta zuria du soinean eta bizkarreko giharrak nabari zaizkio. Gustuko du Hermanek haren usaina. Ez da gizon heldu batena oraindik, gozoa da. Atzamar luzearekin sorbalda laztandu dio, olgeta-benetan, ukitu gabe ia. Gero, beso azpitik igaro du eskua eta bular gainean jarri dio. Bere kontra estutu du Roberten gorputza. Berari atxikia sentitzen du laguna, haren gorputz sendala. Azkartu egin zaizkio bihotzeko taupadak, dardarka dagoela konturatu da.

Begiak itxi ditu Hermanek. Bainatzen egon dira arratsalde partean. Roberten giharrak eguzkitan. Kirola egiten duela ezagun du haren gorpuzkeran. Argala da baina indartsua. Uretan, Hermanen gainera igotzen da Robert, hankak haren sorbalda gainean jarri eta jauzi egiten du olatu azpira. Barrez, ura irentsi du. Hermanek erabat aske ikusten du Robert. Bere lagun serio isila umekeriak egiten. Une batez auzo lotsa ere sentitu du Hermanek, lekuz kanpo balego bezala Roberten zoriontasun hura.

Herman Thieryrentzat, halaxe idatziko du gainera, Robert Mussche izan da bere lehenengo maitasuna. Hamazazpi urterekin ez dute neskatilentzako begirik. Atzetik ibiltzen zaizkie, hori bai, zelatan parkeko irudien gibelean ezkutatuta; eta gozatzen dute haien edertasunaz, egia da, baina benetako maitasuna, barru-barrukoa, Roberti zor dio. Hamabost urterekin eskolan elkar ezagutu zutenetik ez dira banandu. Ikastetxetik etxerako bidean atzeratu egiten ziren, beti iristen ziren berandu, biderik luzeena hautatzen zuten elkarrekin denbora gehiago egoteko. Solasean sarritan, batzuetan seriotan, besteetan umorez.

Hermanek maite zuen Roberten iritzi sendotasuna. Zaila zen hari ezetz esatea, segurtasunez hitz egiten zuen, liderra zen. Herman, aldiz, hagitzez kaotikoagoa zen, gorabeherak izaten zituen eskolan, baina xarma handiko pertsona zen mintzatzen zenean, deabrua bera ere nahastuko zukeen bere berbekin. Hermanek uste zuen osagarriak zirela Robert eta bera. Batak ez zeukana besteak zeukan. Begirada batekin elkar ulertzen zuten. Ez zuten beste inor behar ondoan gustura egoteko. Eta orain, arrantzaleen etxola hartan, bi-biak lo zeuden elkarren ondoan.

Izango al dut bizian une zoriontsuagorik hau baino?, pentsatu du bere kolkorako Hermanek. Edozein gauza egingo zuten une hartan elkarrengatik. Etxetik ihes egin behar bazuten, ihes. Mundua bidazti antzo ibili behar bazuten, ibili. Elkar ondo hartzea beste kezkarik gabe. Edo hori uste zuen behintzat Hermanek, nahiz eta pertsonen arteko maitasuna ez den sekula simetrikoa izaten, hala adiskideen artean nola maitaleen artean. Ez dago erabat justua den maitasunik.

Hondar duna batean eseri dira aurreko goizean, honetaz eta hartaz solas egiteko. Gold Dollar zigarro bat eman dio Robertek. Oraindik ere ahoan du Hermanek zigarroaren zaporea. Ondotik, Robertek gogoan hartu du zigarroa lehen aldiz erre zuen aldi hura. Hermanek eman zion probatzeko. «Nik nahastu zintudan horretan ere. Gazte garbi eta lerdena, neuk nahas». Lehena erre zuenez geroztik Robertek zigarroa izango zuen hatz artean. Baita Hermanek ere, nahiz eta Herman aristokratagoa izan eta lantzean behin nahiago izaten zuen pipa erre. Irri egin du bere bostean Hermanek, Roberten alboan etzanda eta begiak itxita, bere buruari buruz barre, handinahi izate horrengatik. Oostduinkerkeko hondartza amaiezinak ikusten zituzten dunatik. Arrantzaleak mandoekin sareari tiraka. Mando parea sarea zabaltzen eta biltzen. Urertzera iristean, bat-batean ur azalera agertzen zen sarea eta ero moduan mugitzen hasten ziren arrainak, jauzika, ihes egin nahian.

Begiak zabaldu ditu eta ostera ere Roberten bizkarrari begira jarri da. Nola aldatu den mutiko hau. Ihar-iharra zen gaztetan, oso lotsatia. Ez zuen ia hitzik egiten. Hain zen heldua gure aldean, ezen guk haur literaturaz jarduten genuen bitartean hark Marxi buruz hitz egiten baitzigun, Gabonetako Sinterklaas santu opari-emaile hari buruz haur batek hitz egiten duen naturaltasun eta fede berdinarekin. Aldaketarik handiena, baina, gaixorik egon zen udalehen hartan egin zuen. Luzaroan egon zen ospitalean apendizitis baten kausaz. Irakurri eta irakurri egin zuen makalaldi hartan. Batez ere Bredene-aan-Zeen itsasertzeko herrian egindako egonaldian. Camille Flammarionen mundu miragarriak, Emile Zola eta idazle aurrerakoiak. «Beste bat zinen eskolara bueltatu zinenean».

Ile distiratsu ugaria laztandu zion Hermanek, ez esnatzeko moduan. Horrenbeste maite zuen mutil hura, bere bihotzeko laguna..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.