«Legez kanporatzeen garaia amaitzeko balio behar du»

Iruinek Gallardoni esan dio «badaezpadako legez kanporatzea» ezin dela bihurtu «zaintzapeko legeztatze»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Sortu legeztatzeko erabakia jakinarazia du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Ez, ordea, epaiaren edukiak. Horren zain daude Iñigo Iruin eta Adolfo Araiz abokatuak neurriaren balorazio juridiko sakona egiteko. Gaur arte ezagutzen dena «oso ona» dela dio Iruinek bien izenean; normalizazio politikoan lagunduko duela, eta «Estatuak legez kanporatzeen hamarkada amaitzeko» balio behar duela. Baina balorazio sakona egiteko epaia bere osotasunean ezagutu behar dela ohartarazi du, alderdiari baldintzak jarri nahi zaizkion susmoa plazaratuta.

Konstituzionalaren ebazpenak dio Sortuk legezko izateko eskubidea duela «16. oinarri juridikoak aurreikusten dituen terminoetan». Baina «termino» horiek zeintzuk diren ez da jakina; «ez dakigu zehaztapen horiek zer dioten». Hargatik azterketa «mugatua» besterik ezin duela egin azalduta, baikor aritu da abokatua.

Asteazkeneko epaiarekin, Alderdien Legearekin lotuta Auzitegi Gorenak agindutako debekuak Konstituzionalak hiru aldiz «zuzendu» dituela ohartarazi du Iruinek. Iniziatiba Internazionalistaren eta Bilduren aurkako auzietan kendu diola, aurrez, arrazoia. Alderdien Legea bera modu hedakorrean nola zabaldu den frogatzen du horrek abokatuaren ustez. Baina ez hori bakarrik; Alderdien Legea indargabetu beharko litzatekeela ere erakusten duela dio.

Konstituzionalaren erabakiak Auzitegi Nazionalean eragina izango duen esperantza ere badu, bere esanetan Alderdien Legearekin batera Auzitegi Nazionala baita «Estatuak ezker abertzalea kriminalizatzeko erabiltzen duen beste bidea».

Lege horrekin lotuta, Auzitegi Nazionalean beste bi auzi epaiketa zain daudela ohartarazi du: Batasunaren, eta ANV zein EHAKren aurkakoak. Konstituzionalak Sorturi buruz hartutako erabakiak bi auzi horiei zuzenean eragingo dien esperantza du.

Asteazkeneko epaiak berebiziko garrantzia duela uste du abokatuak; «Bildurena baino garrantzitsuagoa» dela. Izan ere, Bilduren auzian jokoan zeuden eskubideak sufragio pasiborakoak baziren, Sorturenean elkartu eta alderdiak sortzekoak zirela azaldu du. «Bildurenean aldi bateko legez kanporatzeari buruz ari ginen, eta Sorturenean legez kanporatze iraunkorrari buruz».

Horregatik, Sorturen estatutuek «atzera bueltarik gabeko» bidea erakutsi zuten bezala, asteazkeneko epaiak legez kanporatzeen garaiaren amaiera ekarri behar duela uste du. Ezin dela «legez kanporatze prebentibotik zaintzapeko legeztatzera igaro» ere ohartarazi du, Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak herenegun egindako adierazpenei erantzunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.