Ezker abertzaleak dio PPren «ahuldade politikoa» geroz eta agerikoagoa dela

Konponbide prozesua aurrera doan bitartean gobernuaren estrategia «pitzatzen» ari dela uste du Ugarteburuk

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen ustez, Espainiako Gobernuak eta PPk bakarrik uste dute euskal gatazka«eskubide urratzeen bidez eta demokratikoak ez diren tresnak erabiliz» konponduko dutela. «Konponbideen kontrako noranzkoan doa Alderdi Popularra, konturatu gabe Euskal Herriko gehiengo politiko eta soziala eta nazioarteko komunitatea beste errailetik doala, konponbideennoranzkoan», azaldu du Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak.

Donostian eginiko prentsaurreko batean ezker abertzaleak asteotako gertakarien balorazioa egin du, eta ondorioztatu du konponbide prozesua aurrera doan bitartean PPren «blokeo estrategia» apurka-apurka «pitzatzen» ari dela. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAren su-etenaren inguruan herenegun kaleratutako ondorioak eta Frantziako Asanbleak euskal presoak gerturatzeko «ia aho batez» onartutako lege proiektuak erakusten dute, ezker abertzalearen ustez, PP «geroz eta bakartuagoa» dagoela.

«Immobilismoaren eta itxikeriaren lubakian» jarraitzea leporatu dio Ugarteburuk Raxoiren gobernuari, eta horren adibidetzat euskal presoei ezartzen zaien «salbuespeneko espetxe politika» indarrean mantentzea jarri du.

Era berean, ezker abertzaleak «guztiz arduragabe» deritzo PPk eta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak bereziki «intoxikazioa» erabiltzea, «errealitate trinko eta bueltarik ez duena ezbaian jartzeko». «ETAren borroka armatua bukatu da, jaunak. Ulertu nahi ez baduzue ere, horrela da», adierazi die Ugarteburuk PPko kideei.

Espainiako Gobernuaren «beste ezaugarri bat» da, ezker abertzalearen ustez, «errezeta zaharkituei» eustea. «Gure herrian hasi den aro berrirako inolako ekarpenik egiten ez dioten errezetak: atxiloketa, epaiketa eta sententzia politikoak». Atal horretan kokatu du, besteak beste, D3M hautesle plataforma sustatzeaz akusatutako pertsonen aurkako epaiketarako eguna jarri izana. Ezker abertzalearen ustez, «oso gertaera larria» da hori, Espainiako Estatuak erakusten duelako legez kanporatzeei «eusten» diela.

Hori guztia aintzat hartuta, ezker abertzaleak ondorioztatu du PPk «sekulako beldurra» diola ETAren jardun armatuaren amaierak sortu duen jokaleku politiko berriari. «PPri izua eragiten dio elkarrizketa politikoak eta ideia eta proiektuen eztabaida askeak. Eta horrek gauza bat uzten du agerian, egunetik egunera ageriago: PPren ahuldade politikoa».

Hala ere, ezker abertzaleak dio konponbide prozesua aurrera doala, eta horren erakusle direla Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak hainbat eragile politiko, sozial eta sindikali jakinarazitako ondorioak. «Batzordeak ETArekin kontaktu zuzena edukitzeak eta ETA erakundeak bere konpromisoei eutsi egiten diela egiaztatu izanak argi erakusten dute nazioarteko komunitateak konponbide prozesuarekin engaiatua jarraitzen duela», azaldu du Ugarteburuk.

Ezker abertzaleko bozeramaileak nabarmendu duenez, ETAk pausoak ematen jarraitzen du, eta Espainiari eta Frantziari dagokieorain pausoak ematea. Horren harira, eta kazetarien galderei erantzunez, batzordearekin «harreman normalizatuak» izateko eskatu die Ugarteburuk Espainiako Gobernuari eta PPri: «Hitz egitea tokatzen zaie, ETArekin edo bitartekariekin, gatazkaren gai teknikoei heltzeko».

Beste galdera bati erantzunez, Ugarteburuk esan du «logikoa» dela armarik gainean ez eramateko eskatzea Egiaztatze Batzordeak ETAri, eta adierazi du ziur dela erakunde armatuak eskaera horren gainean hausnarketa egingo duela.

JOSE ANTONIO PASTOR



PSE-EEko bozeramilea

«Egiaztatze Batzordeko kideek erakutsi digutelan serioa egiten ari direla»

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideekin lan egiteko prest azaldu da PSE-EE. Jose Antonio Pastor bozeramaileak berri agentzia bati eginiko adierazpenetan azaldu duenez, batzordeko kideekin eginiko bileretatik sozialistek ondorioztatu dute pertsona horiek «fidagarriak» direla eta «lan serioa» egiten ari direla. «Bileran izan ginen guztiok bat egin genuen aurkeztu zizkiguten ondorioekin. Ez zuten inoren aldeko dokumentu bat aurkeztu, eta hori da bereziki testuak daukan bertuterik garrantzitsuena».

ETAk jardun armatura itzultzeko inolako asmorik ez duela ziurtatu izana albiste pozgarria dela nabarmendu du Pastorrek. Eta batzordeko kideak ETArekin eta euskal gizarteko «ordezkari ia gehienekin» biltzea ona dela. Alfonso Gil PSE-EEko Antolakuntza idazkariak, berriz, jakitera eman du egiaztatzaileek egindako kudeaketa guztien berri eman zietela han bildutakoei.

IÑAKI OIARZABAL



EAEko PPko idazkari nagusia

«Aintzat hartzen ditugu ondorioak, baina ez dugu haien jokoan parte hartuko»

Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen ondorioak «erlatibizatu» ditu EAEko PPk, nahiz eta «bide onean» doazela aitortu. Iñaki Oiarzabal alderdiko idazkari nagusiak Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean azaldu duenez, Alderdi Popularrak ez du batzordeko kideen «jokoan» parte hartuko, ezker abertzaleak «kontratatu» dituelako. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, berriz, uste du gisa horretako batzorde baten lana ez dela beharrezkoa. «Hemen ez gaude gerra batean, zuzenbide estatu batean baizik; eta horren ardura poliziei dagokie», esan du Basagoitik RNE irratian.

PELLO URIZAR



EAko idazkari nagusia

«Gobernuek harremanetan jarri behar dute ETArekin, desarmeaz hitz egiteko»

ETArekin harremanetan jartzeko eskatu die Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak Espainiako eta Frantziako gobernuei, «desarmatzeaz eta presoez hitz egiteko». Ekonomia Berria foroan eginiko hitzaldi batean Urizarrek adierazi du «beste biderik» ez dagoela.

PATXI ZABALETA



Aralarreko koordinatzaile nagusia

«Arduragabekeria handia da Egiaztatze Batzordeari entzungor egitea»

Aralarrek kezkaz hartu du Espainiako Gobernuak Egiaztatze Batzordeak plazaratutako agiriaren aurrean azaldutako jarrera. «Polizia ezin da inoiz izan jarduera armatua etenda dagoela eta konpromiso hori sendoa dela egiaztatuko duena, besteak beste, Polizia bera ere gatazkaren parte delako», esan du Patxi Zabaletak komunikabideteera igorritako ohar batean. Zabaletaren ustez, «arduragabekeria handia da» gobernuak Egiaztatze Batzordearen eskaeri entzungor egiten jarraitzea eta orain arte eutsi dion jarrera «immobilistan» tematzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.