ESAITek euskal selekzioa 2020ko Eurokopan egotearen aldeko ibilbidea hasi du

Ofizialtasunaren alde dauden guztiak biltzeko batzordea osatu nahi du ESAITek, bide horretan «estrategia adosteko»

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
«Eurokopan Euskal selekzioa egotearen aldeko ibilbidea hasi besterik ez da egin», hala adierazi zuen Egoitz Askasibarrek ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak atzo egindako agerraldian. Argi esan zuen ESAIT ez dagoela 2020ko Eurokopa San Mamesen jokatzearen aurka, baldin eta euskal selekzioa bertan bada: «Euskal selekzioa nazioartean lehiatzen ikustea da espero genezakeen oparirik onena». Eta bide horretan urratsak egiteko deia egin nahi izan zuen atzo. Behin eta berriz azpimarratu zuen honako hau: «Ofizialtasunaren auzia ez da kirol edo lege auzi bat, auzi politikoa da».

ESAITen ustez, azken asteetan instituzioetako hainbat ordezkarik euskal selekzioaren alde egindako adierazpenak ez dira nahikoa, «urratsak egin behar dituzte». Askasibarren arabera, «esparru politikoari dagokio gizartean dauden arazo eta aldarriei irtenbidea ematea». Horretarako, gehiengo sozial eta instituzionala «artikulatu» eta ados jartzea beharrezko ikusten dutela nabarmendu zuen: «Bada garaia ofizialtasunaren alde gauden guztien artean estrategia bat adostu eta urratsak egiten hasteko».

Hori gauza dadin, batzorde bat sortzeko beharra nabarmendu zuen ESAITek, eta hori osatzera begira harreman bira bat egingo dute. «Batzordean selekzioaren alde dauden guztiak bildu nahi ditugu». Alderdi politikoak, Euskadiko Futbol Federazioa, jokalarien ordezkaritza eta eragileak aipatu zituen. Askasibarrek esan zuen instituzioetan ez ezik kalean ere aldarrikapenak presente egon behar duela eta «gehiengo sozialaren artikulazioa» beharrezkoa dela.

Hilaren 30ean Bilboko Udaleko osoko bilkuran gaia jorratuko dutela aurreratu zuen: «Bilboko udalak ere aldarrikapena helarazi beharko lioke Espainaiko Futbol Federazioari». Bestalde, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea Eurokopa Bilbon egitearen alde agertu zen atzo, «datorren selekzioa datorrela ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.