Thailandiako lehen ministroa kargua uztera behartu dute

Yingluck Shinawatrari agintekeria egotzi diote, senide bat sustatzeko goi funtzionario bat postutik kendu zuelako

Yingluck Shinawatra, zigorrari erantzuteko agerraldian. RUNGOJ YONGRIT / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Suthep Thaugsubanek gidatzen dituen manifestariek hilabeteetako protestekin eta eraikin ofizialen okupazioekin lortu ez dutena, Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak egin du, ebazpen soil batekin: Yingluck Shinawatra lehen ministroa kargua uztera behartu dute magistratuek, agintekeria egotzita, 2011n goi kargudun bat postutik kendu zuelako bere senide baten alde egiteko.

Gobernuburu kargua hartu berritan, Tawil Pliensri Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko idazkari nagusiaren ordez Wichien Podposri Polizia Nazionaleko burua izendatu zuen Shinawatrak. Eta Poliziaren buru Priewpan Damapong jarri zuen, Thaksin Shinawatra nebaren koinatu ohia. Erabakia «senide baten alde egiteko» hartu zuela ebatzi du auzitegiak, eta Konstituzioa urratzea egotzi dio Thailandiako jarduneko lehen ministroari. Horregatik behartu du kargua uztera.

Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak lehen ministro bat kargugabetzen duen hirugarren aldia da. Estatu kolpe batekin 2006an Taksin Shinawatra agintetik bota ondoren —ustelkeriagatik auzipetua zegoen eta atzerrira ihes egin zuen zigorra jasotzear zela—, 2008an haren bi aliatu inhabilitatu zituzten magistratuek: Samak Sundaravej eta Somchai Wongsawat. Orain, jarduneko gobernuko ordezkariek jakinarazi dutenez, Niwattumrong Boonsongpaisan Merkataritza ministroa izendatuko dute behin-behinean lehen ministro.

Pliensri berriro Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko idazkari izendatzeko agindu du Auzitegi Konstituzionalak, eta aldaketa egin zenean gobernuan ziren bederatzi ministro ere kargutik kendu ditu. Halaber, exekutiboko gainerako 25 kideen esku utzi du uztailaren 20rako iragarriak zituzten hauteskundeak antolatzea. Yingluck Shinawatrak eta Thailandiako Hauteskunde Batzordeak, izan ere, oposizioaren boikotagatik otsailaren 2an baliogabe utzi zituzten bozak egun horretan egitea hitzartu zuten, baina deialdi ofiziala oraindik egin gabe dago.

Zigorrari Defentsa Ministeriotik erantzun zion Shinawatrak, lehen ministroaren egoitza gobernuaren kontrako manifestariek inguratuta zeukatelako. Eta errugabe dela aldarrikatu zuen: «Nire gobernuak eta nik neuk zuzentasunez administratu dugu herrialdea, inoiz ez dugu ustelkeria ekintzarik edo gehiegikeriarik egin. Inoiz ez dugu Konstituzioa edo legeak urratzen dituen ezer egin; aitzitik, ustelkeriari aurre egiteko egin dugu lan hasieratik».

Gobernuaren kontrako elastiko horiek bozkarioz hartu dute kargugabetzea. Auzi horrez gain, Thailandiako arroz ekoizleentzako diru laguntza publikoen programari buruzkoa ere irekita dauka Shinawatrak. Ustelkeriaren Kontrako Batzordea ikertzen ari da lehen ministroak utzikeriaz jokatu ote zuen, gobernuak merkatuko prezioa baino askoz garestiago ordaindu zielako arroza nekazariei, urtetan.

Auzia gaur hasiko dira aztertzen, eta, helegiteak Senatuan aurrera egingo balu, bost urte arteko ihnabilitazioa arriskatzen du Shinawatrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.