Espetxe politika malgutzeak bake prozesuari lagunduko lioke, Pastorren esanetan

Bildurekin eta EAJrekin akordio zehatzak egiteko asmoa duela jakinarazi du PSE-EEko bozeramaileak

PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastor, Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2013ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Espetxe politikaren inguruan «akordioak» egin ditzaketela uste du PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek. Haren ustetan, espetxe politika «malgutzeak» bake prozesuari mesede egingo lioke, gaur egungo geldialdia hautsi eta, hala, «behin betiko bake egoera» lortzeko aurrerapausoak emanda. Pastorrek adierazi du jakitun dela espetxe politikan esku hartzerik ez duela,baina legediaren barnean «dinamikoago eta malguago aritzeko tartea» badagoela uste du.

Baina jakinarazi du horrek ez duela esan nahi gaur egun indarrean dagoen legediari PSE-EEk bizkarra emateko asmorik duenik, ezta sozialistek legedia ahaztu dutenik edo etakideei «opariak» egitearen alde daudenik ere.

«ETAk jada ez du hiltzen, ETAk indarkeria terroristaren behin betiko desagerpena adierazi du, eta ezker abertzalearen mundua legeztatuta eta erakundeetan dago orain. Horrek esparru politiko berri bat aurkezten du», adierazi du bozeramaileak.

Garai «berriak» direla gogorarazi, eta alderdi guztiek bake prozesuaren aldeko pausoak eman beharko lituzketela adierazi du. PSE-EEk jakinarazi du bakearen txostenean alderdi guztiek parte hartzea bermatzen saiatuko dela.

PPk bakearen txostenari buruz egindako adierazpenak «gogorrak» izan direla adierazi du bozeramaileak. Haren ustetan, PPk hori egin du «Bildurekin ahula izan dela egoztearen beldurrez».

Horrez gain, adierazi du Bildurekin Eusko Legebiltzarrean akordio zehatzak egiten jarraitzeko asmoa duela, baita EAJrekin ere. «Aurrerantzean egingo ditugun akordioak ez ditugu jada zehaztuak, akordioak ez baitira egin behar agintzen duen alderdiaren arabera, arrazoiaren arabera baizik», esan du Pastorrek.

PSE-EE kritikatu du PPk

Legebiltzarreko PPko bozeramaile Arantza Quirogak PSE-EE kritikatu du esanez «arduren utzikeria» dela Bildurekin akordioak egitea. «Kasketa politikoagatik eta norgehiagoka sortzeko asmoz egin ditu akordio horiek Bildurekin». Araban eta Bizkaian bezala, EAJrekin akordioak lortu nahi ditu PPk legebiltzarrean, eta jeltzaleen aurrekontuak ekonomiara soilik mugatzen diren artean haiekin akordioak egiteko asmoa dutela jakinarazi du Quirogak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.