Zerga sistemaren ostean, PSErekin aurrekontuak ere adostea espero du Atutxak

Jeltzaleak «jakobino» deitu die EH Bilduri eta PSE-EEri, zerga sistema Eusko Legebiltzarrean tratatu nahi dutelako

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
EAJ eta PSE-EE zerga sistemaren inguruan egiten ari diren negoziazioak 2014ko aurrekontu orokorretako itunaren atarikoa direla iradoki du Itxaso Atutxa BBBko presidenteak, Onda Vascan eginiko hitzetan. «Zerga sistemaren akordioaren eskutik beste batek etorri beharko luke, duda barik», adierazi du: «Ez dauka akordioaren firma izan beharrik, bai, ordea, gutxienez, aurrekontu orokorren inguruko elkarrizketak abian jartzea. Horrelakorik ez dela gertatuko pentsatzea ilogikoa litzateke».

Aurrekontu orokorren inguruan hitz egiten hasi aurretik, baina, zerga sistemaren ingurukoa dator lehenago. Azken hilabete hauetan bazirudien PSE-EEk eta EAJk ia adosturik zeukatela hurrengo urteetako zerga sistema, baina asteburuan Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak esandakoak eztabaida luza dezake. Lopezek adierazi zuen zerga sistemaren eztabaida Eusko Legebiltzarrera igaro behar zela, eta azpimarratu zuen legebiltzarra ados jartzen ez den heinean EAJrekin akordiorik ez dela egongo.

Atutxak ez ditu begi onez ikusi adierazpenok, eta «jakobino» eta «zentralista» deitu die bai PSE-EEri, bai EH Bilduri. «Ez dute foruetan sinesten», esan du. «Batzar Nagusiek dituzten eskumenak defendatuko ditugu, baina legebiltzarrak zerga sistemaren inguruan hitz egin dadin ere onartuko dugu, beti ere, Batzar Nagusien ahalmenak errespetatuz», azaldu du. Horren haritik, garbi utzi du PSE-EEk eta EAJk aurreratua dutela EAEko zerga sistemaren akordioa. «Gauza txiki batzuk lotzeke ditugu oraindik, baina garrantzi gutxiko gaiak dira horiek. Ados jartzeko nahia dago bi alderdietan».

EAEko zerga sistema arautzeko Euskadiko hiru batzar nagusietan lortu behar izaten da gehiengoa. EAJk eta PSE-EEk hala egitea espero dutela jakinarazi du Atutxak, baina itun hori ahalik eta alderdi gehienek onartu dezaten nahi duela ere esan du, «egonkortasuna lortzeko». Azkenik, Atutxak nabarmendu du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera zerga sistema berria indarrean jartzea espero duela.

UPD, PSE-EEren beldur

UPDk ere zerga sistemaren inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu dadin nahi du, PSE-EEk EAJri eskatu bezala. Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidea, ordea, Patxi Lopezek «etsi» egingo ote duen beldur da. Hala onartu du, eta amore ez emateko dei egin dio PSE-EEri. Maneirok, baina, Eusko Legebiltzarreko eztabaida Espainiako Diputatuen Kongresukoaren «aurreko pausotzat» du. «Euskal herritar guztiek zerga berberak ordaintzea logikoa ikusten duenak Espainiako herritarrok ere erkidego guztietan berbera ordaindu beharko genukeela defendatu beharko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.